Elikadura nahasmenduak aipatzean aurreiritzi eta estigma anitz deseraiki behar dira; konplexua da jatorria, eta konplexua da sendatze prozesua ere. Azken urteetan, gainera, sare sozialen eraginez eritasunaren «ederkatze» bat gertatu da, Sophie Athena Chapron psikiatraren ustez. Baionako Ospitaleko adiktologoa da egun, eta elikadura nahasmenduetan aditua da, Bordeleko ospitalean (Okzitania) elikadura nahasmenduen zerbitzuburu izana. Gaitz psikiko guziak bezala, mekanismo anitzek eragiten dituzte elikadura nahasmenduak, esplikatu duenez: «Jatorri biopsikosoziala dutela erraten dugu, hainbat faktore sartzen direlako jokoan». Arta prozesua ere biziki luzea eta korapilatsua izan daitekeela erran du Chapronek, baina argi utzi du ahal bezain goiz tratatzen hasteak laguntzen duela sendatze prozesua. Ipar Euskal Herrian, Caradoc klinikako Dabanta sareak artatzen ditu elikadura nahasmendua duten pazienteak (05.59.63.16.40), baina ospitalean garatu nahi luke zerbitzu hori Chapronek.
Nahasmendu mota bat baino gehiago dira, baina denek gauza bat dute komun: kontrolaren inguruko «disfuntzio» bat. «Anorexiari dagokionez, hasieran uste dute elikaduraren gaineko kontrol bat badutela, baina ilusio bat da, estresa lasaitzearen sentsazioa ematen baitie. Alta, murrizketaren deskontrol bat gertatzen da pixkanaka: gero eta murrizketa gehiago egiten dituzte, eta ezin dute murriztetik gelditu», esplikatu du Chapronek. Plazeraren bilatzearekin lotu du hori psikiatrak; izan ere, gorputzaren gaineko efektuek —mehetzeak edo betetze sentsazioak— ongizate sentsazio bat ekartzen dute momentuan, baina zirkulu zikoitz bat da: mendekotasunen mekanismoarekin parekatu du.
Anorexiari dagokionez, desnutrizioak garunean ondorio zuzenak ditu, eta «pentsamolde gero eta zurrunagoa» izatea dakar. «Horrek ekartzen duena da gero eta fokalizatuagoak direla pisuaren inguruan, gero eta mania gehiago plantan ezartzen direla, eta ez dutela gehiago gaitasunik gauzak molde orokorrago batean ikusteko». Bulimiari dagokionez, mekanismoa pixka bat desberdina dela erran du Chapronek. «Betetze sentsazioak ekartzen du ongizate sentsazio hori, baina finitu orduko, lotsak eta erruduntasun sentimendu handi batek hartzen dute gaina. Horrek konpentsazio sistema bat plantan ezartzea dakar, pisurik ez hartzeko: goiti botatzea, kirol anitz egitea edo otorduak saltatzea». Nahasmendu batetik bestera pasatzea posible dela erran du, eta horrek eragin lezakeela pertsona batzuek bi nahasmenduak izatea, faseka.
Bestalde, erran du nerabezaroa izan daitekeela arrisku garai bat; are gehiago sare sozialen ondorioz: «Algoritmoek beti ber edukiak kontsumitzera bultzatzen dute, eta muturreko mehetasuna balioztatzen». Pandemiak, gainera, kalte handia egin dio nerabeen buru osasunari, eta Chapronek segurtatu du elikadura nahasmenduen kasuek gora egin dutela geroztik.
Arta luzea sendatzeko
Nahasmendu horiek dituztenek «herstura mental ikaragarria» sentitzen dute, eta horrek indartzen du pairatzen duten dismorfofobia. Izan ere, ez dute beren gorputza den bezala ikusten. «Ez da bista arazo bat, pertzepzio arazo bat baizik. Ikusten dutena ez du egoki interpretatzen burmuinak, eta sekulako diferentzia izan daiteke errealitatearen eta ikusten dutenaren artean. Batzuek ez dute ikusten izugarri mehe direla; segitzen dute beren burua lodiegi ikusten», azaldu du psikiatrak. Hortaz, «kanpoko esku hartze bat» beharrezkoa zaie.
«Arta prozesua ahal bezain goiz hastea garrantzitsua da, baina argi utzi behar da sendatzea posible dela eta jende anitz sendatzen dela osoki»
SOPHIE ATHENA CHAPRON Psikiatra
«Arta prozesua ahal bezain goiz hastea garrantzitsua da, baina argi utzi behar da sendatzea posible dela, eta jende anitz sendatzen dela osoki», segurtatu du Chapronek. Zehaztu du, halere, prozesua korapilatsua eta luzea dela. Ospitaleratzeen kasuan, erraterako, onartu du «traumatikoak» izaten ahal direla. «Psikiatriaren historian, badakigu ospitaleratzeko prozesu batzuk giza eskubideen kontrakoak izan zirela. Uste dut anitz hobetu dela, beharrik, baina egia da gaur egun ere traumak eragiten ahal dituela», onartu du.
Dena den, anorexiaren kasuan hiltzeko arriskua izan dezakete pazienteek, eta hil ala biziko egoeretan, larrialdizko esku hartze bat egitera behartuak dira medikuak. «Oreka zaila da, baina batzuetan, berehalako hiltzeko arrisku bat denean, onespenik gabeko ospitaleratzeak egitera behartuak gara. Ez da ohikoena, beharrik». Oro har, esku hartze eraginkorrak egiteko, azpimarratu du osasun langileen arteko diziplinartekotasuna dela gakoa, baita pazienteen eta osasun adituen arteko elkarlana ere.
«Plantan ezarria nuen mania bakoitzaren kontra borrokatu naiz, eta ondoko bataila lorpen bakoitza atxikitzea izan da»

Bizi izan duena ulertzeak eta sistema baten barnean kokatzeak lagundu du Amaia Kastorene (Baigorri, 1988) anorexiatik ateratzen. Lehen aldia da publikoki aipatzen duela, baina zehazki kontatu du dena. Hogei urte pasatu dira bizi izan zuenetik; sendatua dela argi du, nahiz bide luzea izan den elikadura nahasmendu horretatik ateratzekoa. Nolanahi ere, Kastoreneren ustez, ez da elikadura arazoa, beste zerbaiten adierazlea baizik. Preseski, formakuntza bat egin zuen Parisen, elikadura nahasmenduen inguruan. «Berez, besteak laguntzeko egin nuen formakuntza hori, baina ni ere lagundu nau gauza anitz ulertzen», kontatu du.
«Elikadura bilakatzen da manera bat gaizki doan beste zerbaiten adierazteko; nerabe zarelarik batez ere, kontrolatzen duzun gauza bakarra elikadura da», erran du. Gurasoak bereizi zirenean azaleratu zitzaion anorexia, baina pentsatzen du arrazoia ez zela banaketa bera izan. «Arazoa zen gatazka horretan haurrak zirela erdian, eta aitaren aldetik hiperkontrol bat martxan jarri zela gure inguruan. Beti gure gainean zen, dena kontrolatzen zuen. Ezin zen deus egin hari baimena galdegin gabe. Ez dut jasan hiperkontrol hori, eta negatiboki konnotatu dut maitasun hori. Ihes egiteko manera bakarra izan da jateari uko egitea».
Gerora aztertu du zein izan zen abiapuntua, eta jakin du detektatzen hasiera zerk markatu zuen: «Hortzetako operazio bat ukan nuen, eta, ezin nuenez jan, aste batez anitz kilo galdu nituen. Ohartu nintzen ene gorputzaren gainean ukaiten ahal nuen eraginaz. Miresmen bat sortzen dizu hain fite mehetzeak, eta ebakuntza horretatik goiti erori nintzen zirkulu horretan». Faktore anitz bateratu ziren, eta arrazoi sakon anitzek eragin zutela egoera. «Baina, zerbaitek motorra martxan ezarri duelarik, biziki fite doa».
Sei hilabetez hamabost bat kilo galdu zituen, eta orduan hasi ziren hurbilekoak beldurtzen. Ordurako, mekanismoa martxan ezarria zen: gero eta gutiago jaten hasia zen. «Bezperan sagar bat eta jogurt bat jan banituen, biharamunean horren erdia jan behar nuen». Biziki mehe zen, baina, dismorfofobiaren ondorioz, ez zuen bere burua mehe ikusten: «Ez nintzen sekula aski mehe».
Azken finean, ospitaleratu behar izan zuten medikuek, eta aste batzuk pasatu zituen Baionako ospitalean. Oroitzapen izugarri gogorrak ditu ospitalizazio horretaz. Uste du ukan zuen arta ez zela egokia izan: «Erronka bakarra loditzea da. Ez dizute irakasten zure gorputza maitatzen, ezta ongi jaten ere. Amore eman nuen, eta nolanahika jaten hasi nintzen, loditzeko».
Hortik ateratzean ere segipen gutxi izan zuela pentsatzen du, eta urte batzuez, nahasmendua izaten segiturik ere, «minimoa» jaten zuela, ez zezaten berriz ospitaleratu. «Mania batzuk plantan ezartzen nituen; adibidez, zerbait jaten ahal nuen ariketa fisiko hori egin ondotik, eta halako gauza absurdoak. Baina ondorioa da ez nuela bizi sozialik, ezin bainuen jasan plan aldaketa minimoa».
Unibertsitatera joatean hasi zen sendatze prozesua, eta uste du ingurune aldaketak lagundu zuela gehienbat. «Emeki-emeki, plantan ezarria nuen mania bakoitzaren kontra borrokatu naiz, eta ondoko bataila lorpen bakoitza atxikitzea izan da». Egun, sendatua izanik ere, badaki «itzal bat oraino hor» duela, nahiz eta argi duen elikadura ez dela gehiago arazo. Alderantziz: sukaldaria da ofizioz. «Ene etsai handiena ene indar bilakatu da».
Oro har, sendatze prozesuan, bizi izan duena ulertzeko biziki lagungarria izan zaio feminismoaz ikastea. «Badu mendeak galdegiten zaigula polita izatea bakarrik, eta beti insatisfos izatea gure gorputzaz. Bestela, ez gara bezero onak». Izandako ibilbideaz «ezin» du erran «harro» denik, anitz sufritu baitu, eta ingurukoei «sufriarazi» diela uste baitu. «Baina bide horrek egin nau naizena; ez nintzateke ni ez banu hori bizi izan».
«Krisia heldu denean, pentsatzen duzu: 'Zertan ari naiz?'. Eta hor heldu da lotsa. Lotsa eta erruduntasuna»

Gazte-gaztea zela ukan zuen lehen harremana elikadura nahasmenduekin Araitz Agirrek (Azkaine, 1996). Lasai hitz egin du bere ibilbideaz, pausatuki eta patxadaz, hitz bakoitza ontsa neurturik. Etxean, ttipidanik normalizatu zuen eritasuna, haren amak bulimia eta anorexia izan zituelako. «Ama horrela ikusten nuenez, normala zen enetzat. Baina fite ohartu nintzen ingurukoek ez zutela horrela jaten, eta ez zutela halako harremanik jatekoarekin», oroitu da. Agirrek bulimia garatu zuen biziki goiz, ikastolatik kolegiorako bidean.
Nahiz eta urteak daramatzan nahasmendu horrekin, ez du nehoiz diagnostikatzeko mediku batengana jo, baina gerora hori egin ahal izango duela espero du. «Ez dut oraindik egin urrats hori, baina egun batez konpondu nahiko nuke, ez baitut bizi osoan hola egon nahi. Biziki nekagarria da».
Agirrek deskribatu du nolakoak diren bere egunak, «jatekoaren etengabeko kontrolpean». «Goizean iratzartzen naizenetik arratsean oheratzen naizen arte, jatekoari pentsatzen dut: horrek du ene egunaren erritmoa markatzen». Etengabea da pentsamendu hori, baina egunen arabera krisiak gehiago ala gutiago «kontrolatzea» lortzen du. «Ez naizelarik akitua eta estresatua, hobeto kontrolatzen ditut pultsioak, baina, momentu txarra baldin badut, ez banaiz sobera ongi, unatua banaiz... Ezin dut kontrolatu. Ohartzen zarenerako, ari zara denetik jaten, dena nahasiz, kantitate ez normaletan, eta biziki fite. Bete behar dut», kontatu du.
«Krisia» heldu zaionean, burmuina «itzaltzen» zaion sentsazioa du. «Jan eta jan ari naiz, gelditu gabe». Baina kontzientzia «berriz pizten» zaio bulta baten buruan: «Eta pentsatzen duzu: 'Zertan ari naiz?'. Eta hor heldu da lotsa. Lotsa eta erruduntasuna. Ari zara ezin duzula deus kontrolatu, ez duzula balio». Nahiz eta gehienetan saiatzen den halako momentuetan bakarrik egoten, batzuetan erran du ezin duela saihestu. «Normalean, bakarrik izaten saiatzen naiz, baina norbaitekin bizi zarenean, ez da baitezpada posible». Orduan besteen begirada ere jasan behar duela esplikatu du. «Norbaitekin naizenean gertatzen bazait krisia, eta bestea hasten bazait lasaitzeko erraten, haserrea sentitzen dut. Bestearen kontra eta nihauren kontra, lotsarengatik».
Anitzetan, iruditzen zaio jendeak ez duela eritasun hori ulertzen. Agirreren ustez, ezjakintasun handia da gisa horretako gaien inguruan. «Jendeak anitz lotzen du jatekoarekin dugun arazoa fisikoarekin. Erraten didate ez naizela lodia, baina ez du deus ikustekorik. Eta saiatzen naizelarik esplikatzen, jendeak erraten dit denei gertatzen zaigula noizbehinka zernahi jatea. Bai, baina nik dudana ez da hori: goizetik arrats jatekoaren kontrolpean naiz».
Egun, aterabide batzuk plantan ezarri ditu krisien maiztasuna eta intentsitatea apaltzeko, eta ahal bezainbat saihesteko. Beste pausorik ere egin du: erraterako, kirol anitz egiten du, eta luzaz konpentsazio sistema bezala erabili du ariketa fisikoa. «Krisi bat izan eta gero, korrika anitz egiten nuen, konpentsatzeko. Eta otordu batzuk ere ez nituen egiten. Orain, lortu dut mekanismo hori kentzea. Kirola egiten dut maite dudalako, eta gogoa dudalako maite dudan kiroletan hobetzeko. Eta krisia pasatu eta gero, saiatzen naiz ene sentipenak kontuan hartzen. Gose banaiz, jaten dut; ez banaiz gose, ez», esplikatu du.