Elkarretaratzeak, euskara lehen mailako izan dadin

Igandean EHEk mobilizazioak eginen ditu Baionan, Donapaleun eta Maulen. Salatuko dute euskara «bigarren mailako hizkuntza» gisa tratatzen dutela Euskal Museoan ere.

EHEko kideak Donapaleun, astelehenean, mobilizazioak iragartzeko agerraldian. HITZA
EHEko kideak Donapaleun, astelehenean, uztailaren 20ko mobilizazioak iragartzeko agerraldian. HITZA
Joanes Etxebarria.
2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Testuingurua berria ez bada ere, larritasunagatik zabaldu dute euskararen aldeko elkarretaratzeak egiteko deialdia. Hiru gunetan mobilizatzera deitu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE), igandeko: Baionako Euskal Museoaren aitzinean, Donapaleuko herriko etxearen aitzinean eta Mauleko Ondarearen Etxearen aitzinean, 11:00etan. Euskara «bigarren mailako hizkuntza» gisa tratatzearen kontrako mobilizazioak egiteko kokapenek esplikazioa badute ere, EHEko Gorka Torreren erranetan, lehen-lehen motibazioa egungo egoera da: «Abiapuntua eta elkarretaratzeen helburua testuinguru orokorra da. Zabaldu dugun agirian, izenburuak du garrantzi nagusia: Geldi euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzea! Lehentasunez euskaraz, orain!». Elkarretaratzeak iragartzeko agerraldia egin zuten astelehenean, Donapaleun.

Torreren ustez, azken egunetan Euskararen Erakunde Publikoarentzat iragarriak izan diren diru ekarpen «oso eskasek» eta UEMAk 2036ra so egin duen prospekzio lanaren emaitzak erakusten dute «euskararen aldeko hizkuntza politiketan egoera aldatzen ez bada, euskara argiki peko errekara» joanen dela. Egoera orokorrari so eginez, beraz, EHEko kideek aski motibo ikusten dituzte protestak plazaratzeko. «Euskararen zapalkuntza normalizatua den honetan», Torrerentzat argi da euskaltzaleen borroka ezinbestekoa dela. 

Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren manifestazio nazionala, Baionan, apirilaren 6an. GUILLAUME FAUVEAU

Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako egoerak bereziki adierazgarri badira ere, «Euskal Herri osoan euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatua da gainean diren konstituzioengatik», EHEko kidearen arabera. Nahiz eta eskariak eta aldarrikapenak instituzio jakin baten aitzinera eraman nahi dituzten, Torrek azpimarratu du euskarak lehentasun izan behar lukeela «Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta kultural ororentzat».

Euskal Museoa

Euskal Museoa hiru lurraldeetara hedatuko da ondoko urteetan, eta EHEk horregatik hautatu du hango egoera argitan ezartzea: «Gure ustez, Euskal Museoak eredugarria izan beharko luke, euskal kulturaren erakusleiho izan nahi baitu», argitu du Torrek. Beste leku batzuetan baino euskara doi bat gehiago agertzen baldin bada ere, EHEko kideak salatu du Euskal Museoan, halere, euskara «sinbolikoa eta bigarren mailakoa» dela anitzetan eta ahozkoan gutxiago baliatzen dela, idatzian baino. 

Euskal Museoak ehun urte bete izana sinbolikoa da EHEko kidearentzat, «euskarari lehentasuna emanez» abiatzen ahal baitu hurrengo mendeurrenerako bidea. Baina arlo sinbolikoa alde batera utzirik ere, Baionako museoa handitzeko obrak baliatzen ahal dituzte euskarari leku handiagoa emateko, Torreren ustez, eta gauza bera gertatzen da Maulen eraiki nahi duten Euskal Museoaren adar berrian: «Maulen dena berrituko dute, seinaleak barne», gehitu du euskaltzaleak, eta euskarri berrietan euskara baliatzearen garrantzia azpimarratu.

Dantzan ere jauziak

Elkarretaratzeen ardatza euskararen aldeko aldarriak izanen dira, baina EHEk «borroka alaia» egitera deitu du. Euskaltzaleei biltzeko egin gomitarekin batean, proposatu diete zazpi jauziak dantzatzea, doinua kantatuz. Hitz berriak ezarri dizkiote zazpi jauzien doinuari: «Zazpi jauziak justizia gauzatzeko, zazpiak jauzi askatasunerako». Torrek erran du jauzientzat idatzi hitzek bat egiten dutela elkarretaratzeen helburuekin, eta beste zentzu bat ere izanen du: «Euskarak jauzi egin behar du bigarren mailatik lehenera».

EHEren deialdiarekin bat egiten duten kultur arloko jendeen artean dira, besteak beste, hauek: Ainize Madariaga, Allande Etxart, Amaiur Epher, Amets Arzallus, Anne Marie Lagarde, Doriane Billard, Ekhi Lambert, Galtxetaburu, Haira Aizpurua Ibargarai, Iulen Guiresse, Jean Claude Malharin, Koldo Rodriguez, Maddi Zubeldia, Maia Iribarne Olhagarai, Maika Etxekopar, Manex Fuchs, Mattin Irigoien, Miren Artetxe Sarasola, Mirentxu eta Jean-Marie Oihanartia, Mixel Etxekopar, Nahia Etxeberri Lopepe, Odei Barroso, Pantxix Bidart, Patxi Iriart, Paxkal Irigoien, Peio Berterretxe, Txomin Urriza, Xan Berterretxe eta Ximun Fuchs.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.