Enbata gaztetxea

Elkartasun politikoa

Liher Geledan
2026ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hendaia eta Irun artean ez dago benetako mugarik herritarrentzat. Bidasoa ibaiak ez du herria banatzen, ez du hizkuntza zatitzen, ez du komunitatea apurtzen. Baina estatuentzat, bai: kontrolerako, zapalkuntzarako eta bazterketarako tresna bihurtu dute. Egunero ikusten dugu: pertsona batzuk askatasunez igarotzen dira; beste batzuk jazarriak dira. Paperak dituztenentzat muga ikusezina da; paperik ez dutenentzat, berriz, horma bat da. Eta horma hori ez da soilik administratiboa: poliziaz, beldurrez eta indarkeriaz eraikia dago.

Gaztetxetik argi daukagu: migrazioa ez da arazoa. Arazoa estatuen politika arrazista da. Frantziako eta Espainiako gobernuek kontrolak areagotu dituzte, pertsona migratzaileei etengabe jazarriz, identifikazioak eginez eta deportazio mehatxuekin bizitzera behartuz. Muga indartzeak ez du migrazioa gelditzen; alderantziz, bideak arriskutsuago bihurtzen ditu. Horren ondorioz, gero eta pertsona gehiago arriskatzen dira Bidasoa zeharkatzen, beren bizitza jokoan jarriz. Eta badakigu zer gertatzen den askotan: heriotza. Heriotza horiek ez dira istripuak, ez dira kasualitateak; politika konkretuen ondorio zuzenak dira, estatuen erabakien emaitza.

Historian zehar, askok altxatu dute ahotsa bidegabekeriaren aurka. J’accuse…! testuaren bidez, Émile Zolak estatuaren injustizia publikoki salatu zuen, egia eta justizia defendatuz. Gaur, hemen, Bidasoan, gure salaketa ere ezinbestekoa da: kontrol arrazistak, pertsona migratzaileen kriminalizazioa eta muga honetan gertatzen diren heriotzak ez dira onargarriak. Isiltasuna ez da aukera bat, eta neutraltasuna ez da existitzen halako egoeretan.

Horren aurrean, gaztetxeak eta herri mugimenduak antolatzen dira, elkartasuna praktikatik eraikiz: harrera, babesa, informazioa eta laguntza eskaintzen dituzte, instituzioek huts egiten duten lekuan. Baina elkartasuna ez da soilik laguntza humanitarioa; erantzun politikoa ere bada. Sistema honen aurrean alternatibak sortzea da, pertsonen duintasuna erdigunean jarriz eta muga-politiken logika bera zalantzan jarriz. Bidasoan gertatzen dena ez da salbuespena, baizik eta politika global baten isla, non bizitza batzuk besteak baino gutxiago balio duten.

Horregatik, hemen gertatzen dena ez da onartu behar den errealitate bat, baizik eta eraldatu beharreko egoera bat. Ez dugu muga hau naturaltzat hartzen, ez dugu indarkeria hau normalizatuko, eta ez dugu ahaztuko hemen gertatzen dena. Gure hitzak eta ekintzak ez dira nahikoa izango agian, baina isiltasuna baino gehiago dira, eta hortik hasten da aldaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA