Sinesten dugu emazte bat bera mintzo delarik. Bere hitza —beti ez bada usu— dudan ezarria da, baina guk sinesten dugu. Iragan martxoaren 30ean, eraso eta jazarpen sexualak salatu dituzten sei emazteren sostenguz 50 bat pertsona bildu ginen Paueko auzitegian, sinesten ditugula agerian uzteko. Salaketa, prozedura judiziala, auzia bera... bat bestearen gibeletik pairatu behar izan dituzten bortizkeriak dira. Apirilaren 30ean ezagutuko da epaia, baina jadanik zerbait irabaztearen sentsazioarekin itzuli ginen Pauetik. Haien ausardiak bidea irekitzen segitzen baitu.
Sei emaztek gizon bakarraren erasoak salatzean ere mendratu nahi dira haien hitzak. Chaumes gasnategiko ordezkari sindikalista ohiak sostengua badu bere inguruan, entzuten denaz, neskak gezurretan ari direlakoan. Sei lekukotasunek jokamolde bera agerian uzten dute urte luzeetako epean: ordezkari sindikala izanik ere gasnategitik kanporatua izan zen erasoengatik, gero Iratiko Etxoletatik arrazoi berengatik kanpora pusatua... eta oraino ere sostengatua da. Parean, behar zen indarra eta kuraia burura joateko. Epailearen aitzinean bortizkeria horien kontakizunak arra-egiteko, hitzez biluzteko, traumak biziberritu eta gizonaren uko lotsagabea entzuteko.
Salaketaren ibilbidea zaila eta oztopoz betea dela jakina da. Epaiketak ere bai, batzuetan. Pauen, berriz, prokuradorearen ahotik entzun zirenak, behingoz, esperantza iturri ziren. Adin bateko gizonak afera anitz ikusi zituela erran ondotik begietara erran baitzion erasotzaileari bere dosierra irakurtzean «nazka» sentitu zuela. Urteetako jazarpen sexuala, hunkipenak, irainak... Emazteei burua altxatzea galdetu zien prokuradoreak, ausartak izan direlako. Gezurretan ari dena erasotzailea da bere erranetan, eta on da hori entzutea.
Erasotzailea errudun joko dutela espero dezagun orain, ageriko da ondoko asteetan. Baina defentsaren abokatuak erabili argumentu bati oker diezaiogun lepoa: Chaumes gasnategian giroa hala gisakoa zen bere erranetan, lizunkeria nagusi zen lantegi horretan. Kasik haur arteko jokoetan gaitzitu zirenen rola eman nahi zien sei emazteei. Abokatuak ez omen zuen ulertzen zergatik gizon bakarra jarri zuten epaile aitzinean, gizartearen isla delarik auziaren funtsa. Eta segidan bere dohainez segitu zuen argumentuz argumentu bere bezeroa xuritzeko lanean. Baina arrazoia eman beharko zaio, ez da aski gizon bakarra epaile aitzinera eramatea. Beste batzuek bide bera har dezaten, emazte gehiagok salaketa burura eramateko bidea oraino zabalago egin dute sei emazte zuberotarren lekukotasunek. Zuetaz harro gara, neskak!