Egurrezko kutxa batean gordeak ziren gutunek Bankako Otsoartea etxeraino eraman dute Laura Najera Intxauspe (Chascomus, Argentina, 1969). Bankatik emigratu zuten haren arbasoek: Najeraren arra-amatxik 10 urteko semearekin zeharkatu zuen Atlantikoa. Aitatxi hiltzean kutxa bat gorde zuen Najeraren amak, eta ama hiltzean iritsi zen kutxa hori Najeraren etxera. Argazkiak eta euskaraz idatzitako gutunak atzeman zituen barnean. Pandemian hasi zen ikerketan Najera Intxauspe, kointzidentziaz kointzidentzia, apiril honetan Euskal Herrira bidaiatu duen arte.
Zure aitatxiren etxeko kutxa batekin hasi zen dena.
Uste dut ene amaren heriotzarekin hasi zela dena, historiaren parte bat bukatu gabea zela sentitzen nuelako. Emigratu zutenen ondorengo anitzek dugun beharretik abiatuta azken finean, historia berriz eraikitzeko eta lur hauetan egon direnak berriz atzemateko beharra sentitzen baitugu. Beti bada zerbait bilatzeko: garai hartan joan zen jendea ez zen joan nahi zuelako, gaur egungo gazte batzuek joan eta nahi dutenean itzultzea erabakitzen duten bezala. Ez: garai hartan familiak bereizten ziren eta gerta zitekeen sekula berriz ez elkartzea. Garai hartako jendea joan zen goseagatik, gerragatik, arrazoi batengatik ala besteagatik etxea utzi behar zutelako.
Zure arbasoek Banka utzi, eta Argentinara emigratu zuten.
Ene arra-amatxi, Jeanne Intxauspe, Euskal Herritik Argentinara joan zen bere 10 urteko semearekin —ene aitatxirekin—. Leku anitzetan egon ziren, eta azkenean Buenos Airestik hurbil zen leku baten egon ziren. Aitatxi hiltzean, ene amak haien etxetik ekarri zuen egurrezko kaxa bat, oroitzapenez betea: Euskal Herriko jendearen argazkiak eta gutun batzuk baziren. Urteak pasatu dira, eta ene bizian izan diren gertakari batzuek zerbait piztu dute ene baitan, batez ere ene amaren heriotzak. Gogoan nuen beti eskutitz horiena, baina ez nekien nola egin, euskaraz baitziren. 2020an, pandemia garaian, ikerketak eta bilaketak egiten hasi nintzen. Euskal diasporaren Facebook talde batzuetan sartu nintzen, eta mezu bat argitaratu nuen jakiteko ea norbaitek euskarazko gutun horiek itzul ziezazkidakeen. Berehala, hiru pertsonak erantzun zidaten. Horietako birekin harremanetan sartu nintzen, horien artean Pello Erviti urruñarrarekin. Gutunak behe nafarreraz ziren, eta ez zuen lortzen ongi itzultzen; beraz, ezagutzen zuen norbaiti galdetu zion. Kasualitatea: pertsona horrek Intxauspe zuen izena eta baxenafartarra zen. Orduantxe ohartu ginen eskutitz horien izenpetzaileak eta Ervitiren lagun Intxauspe familia berekoak zirela, ene familiakok, alegia. Harrigarria da, sinestezina.
Zer kontatzen zuten eskutitz horietan?
Eguneroko bizitzako gauzak: nor hil den, nor ezkondu den... Ene aitatxiren eritasunaz ere anitz mintzo ziren. Euskal Herritik jina zen gutun batean aipatzen zen nola familiako neskatxa bat apendizetik operatu zuten, eta justu, egiten ari naizen bidaia honetan ezagutu dudan emazte batez ari zen. Eskutitzetan izendatzen diren pertsona batzuk gaur egun hemen dira; azken gutunak idatzi ziren garaian haurrak ziren.
Ikertzen segitu zenuen gero.
Garai hartan, beraz, Pellorekin segitu nuen harremanetan, dokumentuak trukatzen, eta familiaren zuhaitz genealogikoa osatzen. Pellok bidali zizkidan ene aitatxi handitu zen etxearen argazkiak, bideoak... Bankako Otxartekoak. Eta hala segitu zuen ene ikerketak aitzina. Adibidez, Bretainian bizi den eta Intxauspe abizena duen emazte batek idatzi zidan; orain, Euskal Herrira etorri naizenean, elkartu gara eta konfirmatu dugu arbaso komunak ditugula. Jatorrizko etxe batzuk identifikatu ditugu: Irigoinea, Xuhi, Paulenia...
«Urte bertsuetan, ene arra-amatxi bezala, haren beste hiru ahizpek ere emigratu zuten, horietako bakarra esposaturik. Nolaz? Zergatik? Oraindik baditut ikerketak egiteko»
Eta jakin ahal izan duzu zergatik emigratu zuten?
Misterio handia da. Nire arra-amatxi ama bakarra zen, eta ene aitatxi, bere semea, 16 urtetan ukan zuen. Uste dut badakidala nor den ene aitatxiren aita, baina oraino konfirmatzekoa dut. Galdera anitz badira... Nork utzi zuen haurdun? Zer baldintzatan? Kontuan hartzekoa da, bestalde, urte bertsuetan, ene arra-amatxiren beste hiru ahizpek ere emigratu zutela, horietako bakarra esposaturik. Nolaz? Zergatik joan ziren etxeko lau ahizpak? Oraindik baditut ikerketak egiteko. Hori guzia errateko historia horren gibelean, deserrotze horren gibelean, sufrimendu anitz izan dela.
Etorri aitzin nola egin zenuen harremana hemengo familiarekin?
Pelloren bitartez, Bankako Jean Leon Intxausperen ezagutza egin nuen bideo bidez, eta biziki hunkigarria izan zen, ene aitatxiren antza zuelako, eta hark bezala kapelua zeramalako.

Azkenean, Euskal Herrira etortzea erabaki duzu. Nolaz?
Iragan urtean, Intxauspe familiarekin eta Pellorekin lotura zuen Urruñako bikote batek idatzi zidan, errateko Argentinara zihoazela euskal bestara, Tandilera. Egun batean 600 kilometro egin genituen anaiekin eta izebarekin hara joateko. Argentinaren izaria ikusirik, deus ere ez da! Han ezagutu genuen elkar, eta Euskal Herrira etortzeko gomita egin zidaten. Momentu hartan eskertu nituen, baina ez nien deus erran. Hilabeteak pasatu ziren, eta pentsatu nuen aukera paregabea zela, agian bizitzako bakarra; banekien familiaren ingurukoak zirela nolabait, eta erran nien gomita onartzen nuela. Eta hemen naiz! Espero nuena gainditu du ikusi eta bizi izan dudanak: paisaiek, etxeek, karrikek... Eta batez ere jendeak. Hemengoa banintz bezala sentiarazi naute, eta hori ez du herriak egiten baizik eta jendeak. Jendea den bezala ezagutu dut, eta naizen bezala onartu naute. Balio handia du horrek.
Horrek guziak hizkuntzari eta kulturari buruz irakurtzera eta interesatzera eraman nau... Euskara jakin nahiko nuke, eta ikasten hasi nintzen, baina ene lanarekin ez zen bateragarria. Iruditzen zait, bestalde, Euskal Herriak herri librea eta independentea izan beharko lukeela. Herri bat da: hizkuntza eta kultura baditu, eta dena du herri izateko. Ez du zerikusirik inguruan dituen herriekin. Jendeak erraten du euskaldunak itxiak garela, baina ez da egia. Hemen atzeman dudan jendea ikaragarria izan da, etxeko ateak zabaldu dizkidate.
Zer-nolako lotura sentitzen duzu Euskal Herriarekin?
Biologia irakaslea naiz, eta beti zientzian oinarritzen gara. Baina oraingo honetan uste dut badela zerbait gehiago, zerbaitek deiturik bezala sentitzen naiz. Ziklo bat hestearen beharra eta historia bat ulertzeko gogoa... Zerbaitek akuilatzen nau. Geneak mintzo dira. Niri ez didate euskal kultura irakatsi, betidanik ene biziaren parte izan da, jakin gabe ere hala zenik: kapelua, paleta pilota, mus karta-jokoa... Ez nuen galdekatzen ere nork ekarriak zituen ohitura horiek. Eta iritsi da garai bat ene bizian kuriositate hori piztu zaidana.
Zer eramanen duzu oroitzapen gisa?
Jendearen maitasuna eta ene aitatxi handitu eta ene arra-amatxi bizi izan den etxea ezagutu izanaren emozioa... Argazki anitz eraman daitezke, baina begiek ikusten dutena da garrantzitsuena... Hori eramanen dut: begiekin ikusi dudana. Eta herri honekiko maitasun handia. Baita bere jendearekiko maitasuna ere.