Hurbileko prentsan forcené hitza irakurri ahal izan dugu berriki. Batzuek makoekin jantzi dute hitza, berdin ez zelako terminologia hautu egokiena, baina erabili dute hala ere.
Zentzua galtzen duen pertsona izendatzeko erabiltzen den hitza da, bortizkeria intentsiboarekin ariko dena, erokeriak hartua duena, edo burua galdu duen hura. Hots, ulertzen ez dugun jarrera duena.
Alta, interesatzen garelarik, konprenitzen ahal dugu erotuak zergatik goiz batez arma hartu, eta zeruari begira, tiratzea erabaki duen. Larzabaleko laborari ohia, saiatu zen bide tradizionalak edo hartu beharreko bideak erabiltzen. Esplikatu die etxaldeari lotuak ziren lurrak uzteko prest zela baina trukean lur kopuru bera berreskuratu nahi zuela, bere etxaldearen segida hartuko zuen gazteak lan tresna duina ukan dezan. Ez dute entzun. Edo entzungor egin dute. Lurjabetze bat bortitza izan daiteke, eta horri gehitzen badiozu ezaxolakeria, are gehiago.
Berak esplikatu du arrunt kontziente zela egiten zuenaz arma hartu duelarik. Bere egun hartako helburua zuela zalaparta sortzea, manera bakarra zuelakoan entzuna izateko, elkorrak ziruditenei keinu bat egiteko. Egun hartan prefetarekin hitz egin du laborariak, eta bere dosierra aztertuko zuela hitzeman diolarik, arma pausatu du. Geroak errango du eragina izango duen.
Batzuetan errazagoa zaigu erratea norbait erotu dela, burutik joana dela, horretara eraman duena zer izan den ulertzea baino. Gizakia eta bere mina, eritasuna ere bilakatzen ahal delarik, ezin dira ingurunetik bereizi. Michel Foucault filosofoak zioen eroak baduela bere rola gizartean. Klasiko bat ateratzeko: «Eri den gizarte batean, nor da eroa?».
Harritu behar garea, sistema bortitza delarik, murruak ditugularik parean, batzuek tiratzea erabakitzen dutela?