Duela pare bat urte, egin zuten lehen bilkuran, Zuberoako hainbat besta batzordetako berrogei bat gazte bildu ziren Xiberoko Feministak taldeak gomitaturik. Talde horrek akuilatu zituen eraso matxistei ihardesteko protokolo bat plantan ezartzera, eta ondotik besta batzordeetako kideen artean segitu zuten lanean. Maiatz hondarrean, elkarrekin adostu protokoloa plantan ezarri eta aurkeztu dute Barkoxen, besta guztietako antolatzaileen esku uzteko gisan.
Gazte anitz ziren hastapenean, baina lauzpabost batzordetako kideak baizik ez ziren bildu aurkezpen egunean. «Aski guti da, eta, gainera, alimaleko bestak egiten dituzten herrietakoak ez ziren hor», kontatu du Intza Casamajou Elkegaraik, Hokiko besta batzordeko kideak. Ez daki zergatik «galdu» den jendea lehen bilkuratik, eta, zintzoki mintzatzen hasirik, aitortu du aurkezpen egunean izan zirenen artean ez dakiela «zeintzuek plantan emanen duten zinez».
Prebentzio lan handiagoa
Beraz, eraso matxisten aurkako antolaketaren hastapenak dira Zuberoan, argiki. Halere, azken hilabeteetan begi bistakoa da Xiberoko Feministak taldekoen banderolak eta afixak badirela bestetan, eta «prebentzio minimo hori segurtatua» dela, Casamajouren arabera. Baina Hokiko gaztearentzat, «ez da kontzientzia hartzerik» izan, hala ere. Prebentzioa egiten den besta batzuetan erasoak gertatu izan direlarik, besta batzordeekin aipatu dute egoera, baina «berdin» izan zaie. «Mozkor zen eta halakoak entzun ditugu», erran du, damuz. Casamajouren ustez, batzuek «karpak apaintzeko eta kontzientzia ona ukaiteko» ezartzen dituzte banderolak eta afixak.
«Aski besta batzorde guti dira, eta, gainera, alimaleko bestak egiten dituzten herrietakoak ez ziren hor»
INTZA CASAMAJOU ELKEGARAIHokiko besta batzordeko kidea
Mauleko Pitxu gaztetxeak Ipar Euskal Herriko Hitza-n egiten duen kolaborazioan, salatu izan du azkenaldian erran eta eraso matxisten gorakada gertatzen ari dela berriz. Casamajou sinatzaileen artean zen, eta konfirmatu du eraso «arruntak normalizatzen» ari direla. Horregatik, preseski, protokoloak kontuan hartzen ditu eraso guziak.
Protokoloa, eskura
Kontzientzia hartze orokorrik ez bada ere, protokoloa landu duen taldeak denen eskura ezarri nahi du eginiko lana. Erasoak hiru mailatan sailkatu dituzte, eta bakoitzaren araberako protokolo bat hitzartu dute, puntuz puntukoa; hori da, hain zuzen ere, besta batzordeen esku utzi nahi dutena. «Bada euskarri idatzi bat, eraso motaren arabera zer egin behar den argitzen duena», Casamajouk zehaztu duenez. Gainera, besten antolatzaileek eskuragarri izanen dute biktimari harrera ona egiteko eta hura ontsa babesteko material gehiago.

Egin duten sailkapenean, lehen eraso motan kokatu dituzte «so pisuak eta txiste matxista, arrazista, homofobo, transfobo eta lodifoboak». Bigarrenean sartzen dira «hunkitzeak, irainak eta borrokak», eta hirugarren mailakoak dira «bortxaketak, ziztadak eta bortizkeria». Eraso bakoitzari aurre egiteko, proposatzen dute antolatzaile bat abisatzea, erasotzailea identifikatzea, biktima babestea, eta, kasuan-kasuan, besta behin-behinean edo arrunt gelditzea.
Protokoloak besta egunak bai, baina aitzinetik eta ondotik egin daitekeena ere xehatzen du. Besten aitzinetik, adibidez, gomendatzen dute sare sozialetan adieraztea erasorik ez dela onartuko, «giro jakin bat plantan ezartzeko». Eraso bat gertatzen bada, berriz, momentuan urratsez urrats nola erantzun behar den zehazteaz gain, dokumentuan esplikatzen da biktima nola zaindu ondoko egunetan eta nola bideratu «beste jendeengana». Orain, lantaldeko kideek besta batzorde guztietara zabaldu nahi dituzte idatzi dituzten arauak, «denek uler dezaten beharrezkoak direla».