Mendian egiten diren larre erretzeen lan molde horiek aspalditik erabiliak izan dira, non batzuetan eginbide zaharkitu edo arriskutsu bezala kausituak diren.
Azken asteotan hainbertze euri egin ondotik, iruditu zaigu bazter guzietan suak bazirela... Aroak ditu beraz bortxatu primadera aitzin suak piztera hamabost egunez, debeku sasoia aitzin.
Iduri badu ere nolanahika antolatuak diren mendiko suak direla, lurraldeen kudeaketarako tresna garrantzitsua izan daitezke, zorrozki kokatuak, eta protokolo zehatz bat segitzen dute.
Larre eta landare zurkaiztuak kenduz, kabalentzat guriagoak diren belarkiak hazten laguntzen du suak. Teknika hori bereziki egokia da mendiko alha eremuetan, non mekanizazioa zaila edo are ezinezkoa den.
Ekologikoki, su kontrolatua lagungarria izan daiteke espezie askorentzat ezinbestekoak diren ingurune batzuk irekita mantentzeko. Sua erabat kentzeak, iduri luke biodibertsitatea pobretu dezakeela, baina alderantziz, birsorkuntza bat da.
Gatazka eta kezka gorriak sortzen dituen praktika zahar bat da.
Jakin, Iparraldeko herriko etxeetan, urte guziz biltzen diren komisio dedikatuak badirela CLEÂ deitzen direnak, sua eman aitzin. Su emaileek erretzeko asmoa duten guneak zehazki begiratuak dira. Komisio horretan suhiltzaileek, ehiztariek, laborantza ganberak, biodibertsitateaz arduratzen diren taldeek eta abarrek elkarrekin begiratzen dute non kokatzen diren erre behar diren lekuak, zer ondorio duten, eta zer ekosistema hunkitzen ahal luketen.
Laborariek administrazio baimen zorrotzak lortu ondotik baizik ez dituzte suak pizten ahal.
Sute handiak ez izateko tresna bat ere bada. Landare erregaien masa murrizteak apaltzen du kontrolik gabeko suak izateko arriskua idorte garaietan. Orain, berriki, administrazioak erabaki du jabeak behartuak direla beren etxe inguruak garbirik atxikitzera idorte denboran gertatzen diren sute kontrolaezinen murrizteko.
Klima aldaketaren aurkako borrokan diren batzuek diote landaretza erretzea kontraesankorra izan daitekeela: haien argudioak dira suak karbono dioxidoa eta partikula finak botatzen dituela, eta horrek airea kutsatzen laguntzen duela. Zenbait ikertzailek azpimarratu dute badaudela alternatibak: aterabide mekanikoak, kabalen alhatzeak eta oihan kudeaketa egokitua. Hiru eginbide hauek elkarri gehitzen zaizkio.
Mendi erretzeak ez du erran nahi nolanahika jokatzea, baina protokolo zehatz bat segituz, geroari buruz, gure mendiek alhapide izaten segi dezaten eta ibiltariek goza dezaten.