Esne gordina, itzaletik filmera

Esne gordinarekin egin ekoizpenen inguruko eztabaidak plazaratzeko, 'Cru' filmaren proiekzioak antolatu zituzten Izturitzen eta Ortzaizen. Etxeko ekoizpenetan lantzen den esne gordinaren onurak aipatu dituzte gehienik, baldintza hauskorrak ere bai.

Isabela Barreix laborariaren esne gordin botila bat, Izturitzeko bere etxaldean. HITZA
Isabela Barreix laborariaren esne gordin botila bat, Izturitzeko bere etxaldean. HITZA
Joanes Etxebarria.
2025eko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 2an Izturitzen eta 3an Ortzaizen, Cru (gordin) filma proiektatu zuten. Thibaut Fagonde eta Jerome Loisy zuzendarien dokumentalak Frantziako Estatuko hainbat gunetako gasnak hartzen ditu ardatz, denak esne gordinarekin eginak. Europako beste herrialde batzuetan arrunt debekatuak diren gasna horiek ohikoak badira ere Ipar Euskal Herrian, filmaren proiekzioaren eta ondotik zuzendariarekin egindako eztabaidaren bidez, hemengo laborariek jakinarazi nahi zuten balitekeela produktu horien geroa konplikatua izatea. 

Filma erakutsi eta eztabaida piztu nahi zutenen artean ziren Maina Ithurralde, besteak beste ahuntz gasnak egiten dituen Aiherrako laboraria, eta Isabela Barreix, Izturitzen behi gasna transformatzen duena. Biek esne gordina dute lehengai, bakoitzak bere etxaldean. Filmak agerian ezartzen du esne gordinarekin egin mozkinen egoera ezegonkorra izan daitekeela; Ipar Euskal Herrian esnetegi guti batzuetan baliatzen bada ere, Barreixen arabera argi da bereziki etxeko ekoizleek dutela lantzen eta haiena «mundu ttipia» dela. Erosleen artean arrakasta kausitzen badute ere, instituzioen aldetik beti arrisku bat ikusten du Barreixek, hala nola jangela publikoei dagokienez: «Eskoletan eta haurtzaindegietan ez dugu zuzenik esne gordina eta esne gordinarekin egin gauzak saltzeko. Zeren eta 6 urtez azpiko haurrei ez zaie esne gordinik ematen ahal leku publikoetan».

«Gu, mementokotz, babestuak gara, baina behin halako dretxo bat galdurik, biziki neke litzateke berriz biltzea»

MAINA ITHURRALDELaboraria

Ithurraldek gogoan du duela zenbait urte haurrei 3 urtera arte ezarria zitzaiela muga, baina eritasun «aski larri» baten ondorioz moldatu zutela. Aiherrako laborariarentzat, arau aldaketa horretan ageri da esne gordinarekin egin mozkinak zein estimu apalarekin tratatzen diren: «Botere publikoen erreakzioa da erakustea zerbait egin dutela berehala; lehenago 3 urtetan zen muga 6 urtetara pasatu zuten, erakusteko arriskua kontrolatzen dutela, ohartu gabe parean zer ondorio on baztertzen ditugun neurri hori plantan ezarriz», xehatu du.

Kalitatea irizpide

Haurrentzat legalki debekatua da jantoki publikoetan, baina haurdun diren emazteek ere beren buruari debekatzen diote esne gordina. Ithurraldek kontatu du erosleetan emazte haurdunak badirelarik lehen galdera izaten dela gasnak esne gordinarekin eginak ote direnez, eta baiezko arrapostua entzunik amore ematen dutela. «Buruan sartua dute ez dutela dretxorik», gehitu du. «Problema ez da esne gordina ez dela ona; problema da esne gordinak baduela arrisku ñimiño bat bakterio gaiztoak ukaiteko. Baina arrisku hori ez da arrunt kendua gasna pasteurizatuetan ere», azpimarratu nahi izan du aihertarrak. Haren iduriko, esne gordinak badu «merezi ez duen» irudi txar bat, orokorki.

Isabela Barreix behi esnearen transformazio lanetan, Izturitzeko etxaldean. MATIUZALEM
Isabela Barreix behi esnea transformatzeko lanetan, Izturitzeko bere etxaldean, artxiboko irudi batean. MATIUZALEM

Esne gordinaren defendatzaile sutsu gisa ageri da Barreix ere, bistakoa denez. Etxeko ekoizleen esnea beste esneetatik bereiztea ezinbestekoa da, Izturitzeko laborariarentzat; ekoizle industrial gehienek esne onak eta ez hain onak, denak pasteurizatzen dituztela zehaztu du, «esnean badirelako gauza batzuk menperatzen ez direnak». Esne gordina bere horretan edo transformaturik saltzeko, aldiz, hauturik ez da, erran duenez: «Kalitatezkoa izan behar da». 

Izturitzeko ostiraletako merkatuan edo etxaldean egiten dituen salmentetan, behi esneari alergia diotela erran ohi diote anitzek Barreixi. Egia izan daitekeela dudatu gabe, uste du ikusi behar dela zer esne edaten duten jende gehienek: «Segur naiz supermerkatuetako esnearen %98 UHT esnea dela —tenperatura handian berotua—. Esne hori 130 graduan berotzen dute, biziki fite, eta biziki fite hozten; prozesu horretan proteinak eta esnearen konposizioa bera aldatzen dira. Ez da gehiago lehen edaten zen esne gordina. Gehitu nezake esne hori osoki hila dela». Ekoizle industrialek, besteak beste kontaminazio arriskuak baztertzen dituzte prozesu horren bidez.  

Ikerketa erdigunean

Filmak indartzen duen elementu bat, bi laborarien hitzetan ere garrantzia duena, ikerketa zientifiko baten ondorioa da. Frantziako Estatuan mila haur segituak izan dira hamabost urtez; horien erdiak etxaldeetan bizi dira, eta beste erdiak, ez. Ondorio nagusietan da «bereziki alergia eta asma gutxiago» dutela etxaldeetako haurrek, Barreixen arabera. Parametroetan sartu dute esne gordina eta harekin egin gasnak kontsumitzea ere, eta haurdun direnentzat eta haur gazteenentzat dituen onurak aipatu dituzte ondorio zientifikoetan. «Behingoan, bada ikerketa gotor bat esne gordinaren alde», laburbildu du Izturitzeko laborariak.

«Eskoletan eta haurtzaindegietan ez dugu zuzenik esne gordina eta esne gordinarekin egin gauzak saltzeko»

ISABELA BARREIXLaboraria

Esne gordina defendatu beharreko ekoizpentzat daukatenek, filmaren egileek bezala, ikerketa horren emaitzak ezagutaraztea dute xede. Horrez gain, ekoizleei ezartzen dizkieten arauak ere aipatu dituzte bi laborariek. Ipar Euskal Herrian listeria kasu bat izan zen duela zenbait urte, eta analisiak, negoziazioak eta arau aldaketak izan ziren horren eraginez. Irizpideak aldatu zituzten: lehen, instituzioek hala agindurik, laborariek ahalak ezarri behar zituzten transformazio materialean. Gaur egun, Ithurraldek dioenez, emaitza onak ukaitea zaie inposatzen: «Behar da frogatu ateratzen den gasna ona dela. Autokontrolak egin behar dira. Gure interesa da hori errespetatzea, gure burua segurtatzeko eta lasaiki saltzeko».

 Maina Ithurralde, Aiherran, ahuntz esne gordinarekin egin gasnen aitzinean. MATIUZALEM
Maina Ithurralde, Aiherran, ahuntz esne gordinarekin egin gasnen aitzinean, artxiboko irudi batean. MATIUZALEM

Bezeroen eta laborarien arteko konfiantza harremana indartzea da giltza, bi ekoizleen ustez. Laborariak «amorratuak dira lanean», Ithurralderen hitzetan, eta kontent agertu da filmak hori agerian ezarri izanaz. Proiekzioaren ondotik, Barreixek aipatu zuen beste eskualde batean gasnaren kalitatea zentrala bilakatu izanak gazteak erakartzen dituela: «Produktua baloratua delarik, gazteei ere gogoa ematen die segitzeko». Onarturik Euskal Herrian badela oraino bide egiteko, Izturitzeko laborariak ez du aipatu gabe utzi «azken 30 urteetan egin den lana eta kolektiboki lanean aritzeko kulturak» sortu duen elkarte andana. 

Deus ez da irabazia, bi emazteen hitzetan. Nafarroa Garaian, adibidez, esne gordinarekin egin gasnak ezin dira saldu ez badira gutxienez bi hilabetez onduak izan. Ithurralderentzat, erne egoteko arrazoi aski argia da ondoko herrialdeko egoera: «Gu, mementokotz, babestuak gara, baina behin halako dretxo bat galdurik, biziki neke litzateke berriz biltzea, jakitateak eta egin-moldeak galtzen baitira. Behar dugu babestu. Behar dugu ohartu batzuek jadanik galdua dutela».

Thibaut Fagonde. Film zuzendaria.

«Gizarte honetan zentzua badu kalitatea hobesteak kantitatearen ordez»

CRU filmaren proiekzioa maiatzaren 2an, Izturitzeko herriko gelan, Thibaut Fagonde zuzendariarekin. GUILLAUME FAUVEAU
Thibaut Fagonde zuzendaria, 'Cru' filmaren proiekzioan, maiatzaren 2an, Izturitzeko herriko gelan. GUILLAUME FAUVEAU

Laborantzaren inguruko gaiak lantzen ditu Thibaut Fagonde film zuzendariak (Tolosa, Okzitania, 1976). Cru bere azken film luzean, esne gordinarekin egin gasnen inguruko eztabaidak plazaratu ditu. Haurra zelarik, Fagonderen gurasoak Montrealera (Quebec) joan ziren bizitzera, gero AEBetara, eta Fagondek han hasi zuen zuzendari ibilbidea. Bi muturretako laborantza ereduak ezagutu zituen Ameriketan: muturreko janari txarra, baina «cowboy batzuen lan harrigarria ere bai, zirkuitu laburrean eta kalitatea zainduz ekoizten zutenena». Film bat egin zuen horri buruz: Overalls & Aprons (Galtzamantalak eta mantalak), AEBetako laborarien eta sukaldarien arteko harremanak ezagutarazten zituena. Fagonde Slow Food sarean sartu zen gero, kalitatezko mozkinak ekoizten dituzten laborari sare batean integratuz. Frantziako Estatuan antolatu zen bira batean parte hartu zuen, eta bidaia horren bitartez gauzatu zuen Cru (gordina) filma, Jerome Loisyrekin batean, esne gordinarekin egin gasnen kalitatea eta egoera hauskorra ezagutarazteko. «Ogia izanen da landuko dugun ondoko gaia. Eta aitzinago ardoaz ariko gara, trilogia osatzeko». 

Zerk bultzatu zaitu esne gordinaren inguruko film bat egitera?

Nik soilik laborantzaren inguruan komunikatzen dut. Ene gai handia da kultura eta laborantza nola berriz elkarri lotu, nola berriz argitara ekarri ofizio bat ene ustez noblea eta duina dena. Esne gordinarekin egin gasnaren gaia hautatu dut mundu zabaleko sinbolo bat delako; ez dut erranen berriz modakoa bilakatu denik, baina jendea ohartzen da ondarearen parte dela; gasnak, ardoak eta ogiak hirukote txapelduna osatzen dute. Pentsatu nuen audientzia zabala ukanen zuela eta laborantza hurbiletik erakusteko balioko zuela. Behar dira laborariak ezagutu, eta jakin behar da nola lan egiten duten. Gezur anitz kontatu dizkigute, filmean erraten dugun bezala. Gure janaria kalitatezkoa izan dadin, jendeak pagatzeko prest dira, baina aspertuak dira ez dakitelako nora jo. Zeintzuk dira segitu duten horiek, gauza onak egiten dituzten horiek? Filmaren bigarren zuzendaria, Jerome Loisy, ene sarearen bidez ezagutu nuen: esnekiak saltzen ditu Parisen; kazetaria zen lehenago, eta galtzeko bidean diren arrazekin ari diren laborariak eta holakoak ezagutarazten zituen. Denetara joaten zen, eta komunikazioa dohainik egiten zien, zaintzen duten hori baloratzeko. 

Esne gordinarekin egin gasnak dira aitzakia, baina laborantzaren errealitate zabala da aipagai nagusia.

Maite dut ene film guztietan ofizioa erakustea, eta ofizio horrek zergatik iraun behar duen. Gasnarekin, galdera hau pausatzen da: ondare oso bat industriari utzi nahi ote diogu? Badu aspaldi, bistan da, galdera hori gogoan dugula, baina erantzuna ezezkoa bada, zerk egiten du ofizio hau noble? Ene ustez, hiru bektore badira. Lehenik, erakusten dugu osagarriarentzat onak direla. Bigarrenik, ekologia; jende horiek ekologiaren abangoardia dira, inguruko ekosistema eta biodibertsitatea zaintzen baitituzte. Hirugarrena, ekonomikoa da, eta hor da ahultasuna: gazteak zergatik ez dira automatikoki laborari ofizioan sartzen? Kalitatezko gauzak ekoizteko kostu ekonomikoa ez delako batere baloratua. Jendeak ulertu behar du kalitatea zergatik den karioago. Gizarte honetan zentzua badu kalitatea hobesteak kantitatearen ordez. Jende horiek heroiak dira enetako, eta hori erakutsi nahi izan dugu.

Frantziako Estatuko zenbait gune eta gasna ikusten dira zure filmean, eta gisa anitzetako errealitateak. Bada zerbait denetan atzematen dena?

Batasuna eta elkartasuna, hortik heldu da indarra. Franche-Comte eskualdean galdera horri heldu zioten aspaldian, eta sor-marken artean zinez zintzo diren bakanetakoak dira. Laborarien jestua eta jakintza atxikitzea kausitu dute, eta gai dira supermerkatuak hornitzeko, industria bilakatzeko nahia ukan gabe. Hango lau sor-marketako buruzagia laborari bat da, eta Comte gasna da Frantzian gehien saldua dena. Euskal Herrian, Buru Beltza elkartekoei filma erakutsi nielarik, haborokin bat eman zien: hasi behar da dugunaren egiazko balioa ikusten, eta nola komunikatu nahi den ere bai. Horretarako, batasuna beharrezkoa da. Euskal Herriko laborantzak badu bere izena, komunikazio ederra egiten da, baina laborariekin mintzatzean ohartzen gara hauskorra ere badela. Kanpotik heldu naiz, eta gibelapenarekin badakit lan izugarri ederra egiten dela sail anitzetan, baina geroz eta gehiago elkartu behar gara. Filmak erakusten du nola komunitate edo eskualde batean etxalde guzien instalazioa kausitu den, kohesio bat badutelako. Beste lekuetan zaila da kohesio hori atxikitzea. Euskal Herria erakargarria da bigarren etxebizitzentzat, baina laborantzarako eremuak atxiki behar dira. Ez da egiteko manera bakar bat, bakoitzak baditu bere arazoak, eta denetan badute zer errana.

Kalitatezko laborantza txikiaren parean, ekoizle industrialak badira. Komunikatzeko ahala ez da bera batean eta bestean.

Jerom [Loisy] eta biak ez gaude hor makila kolpeak emateko; filmean esperantza handia bada. Uste dut jendeak ulertuko duela azkenean produktua ez dela anitzez karioago eta ulertu behar dela zer gertatzen den osagarri eta ingurumen arloan esne gordinarekin egin gasna bat jaten dugularik. Kontraesanak kilikatu behar dira makila kolperik eman gabe, baina erakutsiz oraino laborantza ona badela. 18 urtez peko mila haur segituak izan dira zientifikoki esne gordinarekin eta esne pasteurizatuarekin egin produktuen inguruan, eta ohartu dira immunitate sistema ona ukaiteko mikrobioak beharrezko direla organismoan; janari modernoa hain da esterila, babesa galdu eta janariarekiko alergiak garatzen baitira.

Filma zabaltzen segituko duzue?

Mementokotz, aurkezpen proiekzioetan erakusten dugu, baina sarean hedatzeko bide bat ikertzen ari gara Akitania Berriko eskualdearekin. Erran digute nahi luketela filma eskola guztietan erakustea. Euskal Herrian, udazkenean, 11 aurkezpen egin nahi lituzkete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.