Hirigune frantses batean euskaraz ikasteak sortzen dituen kontraerranak aztertu ditu Kimetz Perez Harispe (Baiona, 2002) antropologia ikasleak. Gradu amaierako lana artikulu bilakatu, eta Txillardegi-Hausnartu lehiaketako bigarren saria eskuratu zuen abenduan. Seaskak Baionan duen Estitxu Robles kolegioko errealitatea aztertu du, ikasleen hizkuntza ohiturak eta hezkuntza taldeak egiten duen kudeaketa behatuz.
Kolegioko garaia aztertzea erabaki duzu.
Seaskan ikasle izandako gehienek dugun bizipena da: ikastolara etxeko hizkuntzarekin goaz, beraz euskarak badu presentzia zerbait; lizeoan egiten da hautu bat bizitzarako hizkuntza izango denari begira, eta bada euskararekiko kontzientzia hartze bat. Baina kolegioko tarte hori zulo beltz bat da, eta frantsesak nagusitasun handia du.
Baionako hirigune frantsesean egin duzu ikerketa.
Ikasleei galdetzean, euskara ez zuten beren herriko hizkuntzatzat jotzen, Nafarroa Behereko, Zuberoako edo Hego Euskal Herriko hizkuntza zela zioten. Gehienek erdara bat dute ama hizkuntza gisara. Etxean jasotako lehen sozializazio edo influentziak gizarte erdaldunetakoak dira. Ikastetxeko edo Seaskako hizkuntzari lotzen dute euskara. Ez du leku anitz euskarak haien bizitzan, eta are gutxiago bizi diren testuinguruan.
Ikastolak gune elebakar izan nahi du.
Gehienen izateko modua elebiduna da; euskara lege den modelo batean, eta nerabezaroaren errebeldia garai betean, gune batzuk sortzen dituzte, izan pasabideak edo aire hartzeak, han beren elebitasuna erakusten edo performatzen ahal baitute. Instituzioaren hizkuntza euskara denez, frantsesera joz adierazten dute.
Ikasleen artean etiketak identifikatu dituzu: badira 'euskaldunak' eta badira 'frantsesak'.
Nire Quebeceko lagun batek, Laurence Alainek, egin duen lan batean oinarritu naiz. Euskaldunen eta katalanen arteko hizkuntza dinamikak aztertu ditu, eta ikusi du katalanak ez bezala euskaldunak kasik automatikoki eta biziki kontzienteki egokitzen garela parekoaren itxurari edo testuinguruari. Ikasle guzien artean bada kontsentsu moduko bat pertsona bat edo bestea euskaldun gisa identifikatu eta harekin euskaraz aritzeko, edo alderantziz.
Zertan oinarritzen dira?
Izaten ahal da familiatik duela euskara edo euskara maila ona duela, euskal mitologia gustuko duela. Eta frantsesarentzat berdin: euskaraz kasik ez dela entzuten, janzteko modua, edo dena delakoa.
Rolak aldatu daitezke.
Parametro batzuk badira, horien artean adina: gazteenak zaharragoen etiketara egokituko dira. Popularrena den ikasle horri ere egokituko zaizkio besteak. Eta bada hizkuntza bakoitzak duen lekua ere. Ikasleak biziki kontziente dira gizartean frantsesak euskararen aldean duen prestigioaz. Ondorioz, euskara ez dute lehentasunez erabiliko.
«Ikasleak biziki kontziente dira gizartean frantsesak euskararen aldean duen prestigioaz»
Nortasun bikoitzaren ideia aipatzen duzu lanean, 'Xan' eta 'Jean' ereduak hartuz.
Etiketa bakarra dutenez gain, badira biak dituztenak ere. Kanadako testuinguruan 'Luc' eta 'Luke' identifikatu dituzte, eta nik gure errealitatera ekarri ditut. Gai dira bi aurpegiak erakusteko: etiketa frantsesa eta euskalduna, beren interes propioaren arabera. Klasean rol ona eta nota onak ukaiteko erakusten dute euskaldun aurpegia, edo manifestazio batera joatean, edo kontzertu batera joatean; baina gero gai dira gizarte frantses batean guztiz integratzeko eta haren partaide izateko. Suposatzen da ikasle guziak gai izaten ahalko liratekeela hori egiteko, denek menperatzen baitituzte bi hizkuntzak. Besterik da nortasun horiek performatzea.
Zer rol jokatzen du hezkuntza lantaldeak honetan guzian?
Euskara instituzioaren eta boterearen hizkuntza denez, rol txarra izanen dute beti. Ikasleek frantsesez aritzeko eremuak sortuko dituzte. Ondorioz, frustrazioak sortzen ditu denek entzun izan ditugun «euskaraz!» oharrak. Hausnarketan ari dira etengabe, ea zer egin behar den, baina biziki zaila da. Nire proposamenetako bat elebitasun hori ahalbidetzea da. Izan ere, kontrastea ere hortik heldu da: gune elebakarrak sortuta guztiz elebidunak diren ikasleak ez dituzu aske uzten. Gune horretan, elebidun izatea anomalia gisara ikusia da.
Irakaslearen magnetismoa aipatzen duzu.
Klase batean ikusi nuen: irakaslearen inguruko lehen mahaiak euskaraz ari ziren, instituzioaren eta boterearen sinbolo den heldu hori ondoan zutelako. Eta gero eta urrunago izan, gero eta frantses gehiago eta ozenago entzuten zen. Baina, mugitu ahala, irakasleak aldaketa eragiten zuen inguruan.
Hezkuntza ereduak era badu eragina, hala ere.
Badira bi adibide interesgarriak iruditu zaizkidanak. Batetik, IALA ikasgaien arteko lan astea. Urtean bi aldiz, astebetez gai bakar bat lantzen dute ikasgai guzien bidez. Nik behaketa egin nuelarik, Euskal Herria zen gaia; matematiketan, geografian... bakoitzak bere arloan landu zuen. Astearen bukaeran, maila ezberdinetako taldeez osatutako talde txikitan aurkezpenak egin behar dituzte.
Bestea gelen arteko txapelketa da. Hori zaindariek antolatzen dute, eguerdiko pausan, joko edo desafio modura, ikasgelen artean. Ikasgela bakoitzak puntuak irabazten ditu hainbat jolasetan, baina baita euskararen erabileraren arabera ere.
Azpimarratu nahi dudana da momentu horietan ikasleen artean sortzen den giroa. Gizarte euskaldun batean bizitzearen leiho txiki bat da. Seaskaren eredua modelo publikotik eta pribatu katolikotik bereizten bada, horrelakoei esker bereizten da. Adibide bat emateko: ikasle batzuek zioten ez zekitela umorea euskaraz egiten, txisteak kontatzen. IALAn eta desafioan euskarazko txisteak landu zituzten, eta aukera ukan zuten euskaraz irri egiteko, inoiz ez bezala.
Euskalduna zer den galdetzen diezularik, beren burua euskaldun gisa identifikatzeko zilegitasun falta sentitzen dute ikasleek.
Galdetu nien ea nola irudikatzen zuten euskalduna. Orokorrean, euskaldun ideal bat deskribatzen zuten, etxean euskaraz ari dena, euskal bestetara doana, musika euskaraz entzuten duena, lagunekin euskaraz irri egiteko gai dena. Biziki idealizatua den euskaldun bat. Eta gero «gutxi gorabeherako» euskaldun bat deskribatu zuten, eskuarekin keinua eginez, eta hor sartzen zuten beren burua: ahal dutelarik euskaraz egiten saiatzen direnak, herrian agian ez baina lagunekin euskaraz eginen dutenak... euskaldun «inperfektu» bat, haiek direna. Eta badute miresmena Etxepare lizeoko ikasleekiko, euskaraz entzuten baitituzte etengabe, eta ez dute beren burua gai ikusten maila edo ohitura horretara iristeko. Beren burua gutxiesten dute etengabe; beti izanen da haiek baino euskaldunago den norbait.
«Galdetu nien ea nola irudikatzen zuten euskalduna. Orokorrean, euskaldun ideal bat deskribatzen zuten»
Euskaldun izateko nahia nabari diezu, beraz?
Nahi eta ezin bat. Euskalduna euskaraz dakiena dela dioen diskurtso sinplistaren eragina da. Hizkuntzak definitzen badu nortasuna, jakin behar da ikasle horiek gehienek guraso erdaldunak dituztela, edo gutxienez bat. Beren euskalduntasuna euskaraz mintzatuz erakutsiko dute, baina beste gurasoak transmititutakoa erakutsiko dute frantsesez ere eginez. Bikaina litzateke nortasun bikoitza garatzea. Bada zerbait lantzeko horren inguruan.