Estalpeko erroak argitara jalgitzeko ipuinak

Jone Bordatok bere lehen ipuin bilduma atera du, Elkar argitaletxearekin. Bere biziko esperientziak gidaturik, norbere barneko erroak paper gainean ezarri nahi izan ditu hiru kontakizunen bidez.

Jone Bordato, Hazparnen, urriaren 3an. PATXI BELTZAIZ
Jone Bordato, Hazparnen, urriaren 3an. PATXI BELTZAIZ
Hazparne
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ariketa batean lehen aldiz aritzeak ez dio kezka edo arrangura berezirik sortzen; aurkakoa gertatu zaio Jone Bordatori (Hazparne, 1984): «Sorkuntza proiektua bururaino eramateak asebete nau». Jakin-mina eta munduaren inguruko interesa bere baitan ditu. Filosofia ikasketak egin ondotik, terapia txinatar tradizionalei interesatu zitzaien eta, egun, akupuntura egiten du bere kontsultan. Orain, hainbat arlotan esperientzia bildu ondotik, Erroen izerdia izeneko hiru ipuineko bilduma plazaratu berri du Elkar argitaletxearekin. Istorioek ez dute elkarren arteko segidarik osatzen, baina hirurak askapen prozesuen barnean murgiltzen dira, eta «hausturak» irudikatzen dituzte gizartean errotuak diren leialtasunekin. Izkribuak hainbat gai biltzen ditu barnean, betiere gaur egungo gizartean kokaturik.

Bordatok ez zuen baitezpada aurreikusia idazle rolean ariko zenik noizbait. Ahizpak aipatu zion Euskararen Erakunde Publikoak literatura beka bat proposatzen zuela, eta Bordatok parada hori baliatu zuen jada idatziak zituen abentura batzuen berriz leitzeko. «Bazen bulta bat berriz hasi nahi nuela idazketa lanetan, baina ez nuen lortzen. Banituen bi ipuin, gaztetan idatziak, eta horien zati bat hartuz erantzun nion iragarkiari». Azkenean, beka lortu ez bazuen ere, Elkar argitaletxeak proposatu zion bere lehengo sorkuntzen argitaratzea. Baina, hazpandarrarentzat, «ez zuen zentzu handirik» kontakizun zaharren zabaltzeak, ez baitzen berriz hasia idazketan. Elkarren proposamenaren harira, beste ipuin bat idatzi, eta bi zaharragoekin batera karrikaratu du bilduma.

Askapen prozesuak

Bereizi berri den emazte gazte baten emozioak arakatzen ditu lehen ipuinak. Ana izeneko testua «aski emozionala» dela dio Bordatok, halako gertakari baten ondotik berriz zutitzeko ibilbidea kontatzen baitu. Bigarren ipuinak Ibilaldia du izena, eta «analitikoagoa» edo «kontzeptualagoa» da. Bi lagun dira ardatza, bakoitza herri batekoa; filosofiari eta Bordatok egindako ikasketei lotua da, nortasunaren inguruan hausnartzera gomitatzen baitu irakurlea. Norbere izaera eta taldearena gurutzatzen dira kontakizunean. Azkenik, Zapi beltzaren ezkutuan ipuina, berriki idatzia, bi ahizpari buruzkoa da: denbora tarte luze baten ondotik, berriz elkartuko dira. Familia eta sekretuak dira gai nagusia, gaur egungo gizartean oinarriturik.

«Izen hau bururatu zitzaidan irudi bat bezala ikusi nuelako. Niretzat, erroek lur azpian dena irudikatzen dute, ikusezina eta estalpekoa dena. Baina, aldi berean, erroetatik igaten den izerdiak elikatzen gaitu»

JONE BORDATO Idazlea

Lehen bi ipuinak duela zenbait urte idatzi zituen. Ondorioz, kontuan hartzekoa da idazteko garaian idazlea inguratzen zuen giroa. Filosofia ikasketek ez ezik, gaztaroko bizipenek eta inguruneak ausarki eragin dute egilearen imajinazioan. Bestalde, inspirazio iturririk ba ote duen galdegin bezain laster, izen bat etorri zaio burura Bordatori: Amin Maalouf. Preseski, idazle libanoar-frantses horrek idatzitako Les identités meurtrières obrak nabarmen markatu du Bordato. Idazketari dagokionez, Bordatok oroitzen du garai hartan kronologikoki eta bere buruarentzat idatzi zuela. Ipuin berria idatzi duelarik, baina, prozesua alderantzizkoa izan da. «Beste idazketa prozesu bat hasirik, saiatu naiz irakurleari pentsatzen eta ez niretzat bakarrik idazten. Horretarako, aldi honetan, idazketa parteka egin dut, eta ez kronologikoki». Negu osoa horretan pasatu du Bordatok.

Hala ere, pertsonaien bestelakotze prozesua atxiki du iparrorratz gisa. Hiru ipuinetan, estalpetik atera nahi izan ditu bakoitzak bere buruarekiko eta gizartearekiko dituen «askapen prozesuak». Metafora bera islatu nahi izan du liburuaren izenburuarekin ere: Erroen izerdia. «Izen hau bururatu zitzaidan irudi bat bezala ikusi nuelako. Niretzat, erroek lur azpian dena irudikatzen dute, ikusezina eta estalpekoa dena. Baina aldi berean, erro horietatik igaten den izerdiak elikatzen gaitu». Ipuinen bidez, beren erroei buruz mintzatzera eta askatzera gomitatu nahi ditu irakurleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.