Dantzaria da ofizioz, baina hori baino gehiago bada Oihan Indart Salbide. Afizioz musikaria, kantaria, eta antzerkilaria ere bada, eta horiek guztiak biltzen eta esploratzen ditu asmatu duen Martzelina kabaret pertsonaiarekin. 2023an sortu zuen Martzelina, Altxalili kolektiboarekin batera. Taldean Euskal Herriko hainbat txokotan ibili ondotik, bakarkako emanaldi edo performancea egitea deliberatu du; lehen emanaldia iragan martxoan eman zuen, Atabalen. Esperientzia «beldurgarria» bezain «zirraragarria» izan dela pentsatzen du Indartek. Igandean, EHZn arituko da Martzelina, 15:45ean; eta, irailaren 16an, Miarritzeko Maitaldian berriz emanen du ikusgarria. Martzelinaren abenturak kontatu ditu, bere pasioak biltzen dituen Baionako kontserbatorioan.
Zure aitatxiren izena Martzelino zen. Martzelina sortzeko abiapuntua izan zena?
Martzelina 2023an sortu zen, Altxalilirekin batera, eta aski manera ebidentean jin zen ideia. Banekien nahi nuela emazte batekin lan egin, eta, bistan da, folkloretik eta euskal dantzatik etortzen zena. Eta azkenean, izena sortzeko, jostatu nintzen aitatxi eta amatxien izenekin, Martzelinaren izen osoa Martzelina Visi Visi baita. Martzelinak ene Baigorriko Martzelino aitatxiri egiten dio erreferentzia, eta Visik, ene Iruñeko Visi amatxiri.
Martzelina nolakoa da?
Martzelinari oraindik ez diot jatorri zehatzik eman, baina ez ninduke trabatuko errateak Baigorriko aitatxi eta amatxiren Goenetxe baserrikoa izaten ahal dela. Badu, alde batetik, euskal folklorean emazteek ukaiten ahal duten rol aski atxiki hori, emazte serios eta elegantearena. Eta bestaldetik, badu Altxalilik ematen ahal dion kabaretaren askatasuna, kokinkeria eta sedukzioaren jokoa ere.
Eta fisikoki, nolako itxura du?
Makillajeari dagokionez, bide luzea egin dugu Altxalilin, eta, beraz, Martzelinak ere bai. Lehenik, Martzelina makillatu da Youtubeko tutorialen bidez. Garai batez, Motomami bezala definitzen nuen Martzelinaren estiloa: takoi handiak, eyeliner beltz handia. Momentuz erranen nuke Martzelina gatu begidun emazte bat dela, eta eni naturala zaidana da beti bere mustatxa mantentzen duela.
Eszena gainean, Martzelinak hainbat instrumentu jotzen ditu, ukelelea, trikitia, panderoa... Zer harreman izan duzu bizian zehar musikarekin?
Nahiz eta gaur egun ene ogibide nagusia dantza izan, musika ikasi nuen gehienik unibertsitate garaian, hemen bertan, Baionako kontserbatorioan. Ttipitan hasi nintzen Baigorrin musika eskolan panderoa ikasten, eta fite trikitian hasi nintzen. Zazpi edo zortzi urtez trikitiarekin biziki motibaturik ibili nintzen. Solfeoa ere ikasi nuen, baina gutiago. Horregatik, Cassin lizeora joan nintzen, Baionara, kontserbatorio ondoan izateko. Solfeoa sakondu nuen, trikitia segituz. Bukatu nituen bi tituluak, bai musika tradizionaletan eta baita solfeoan ere. Halere, musika ikasketak eta praktika pausan utzi nituen, momentu hartan hasi bainintzen dantzan. Musikaren praktikak tokia utzi zion dantzaren praktikari.

Baigorriko Arrola dantza taldean hasi zenuen dantza, eta egun dantzari profesionala zara, duela hamar urte.
Baigorrin ikasi nituen ene oinarriak, Arrola dantza taldean. Eta unibertsitatera iritsi nintzelarik hasi nintzen gaur egun Bilaka deitzen den konpainiarekin; garai hartan Etorkizuna Kontzeptuak deitzen zen. Elkartu nintzen Ipar Euskal Herriko hainbat dantzari motibaturekin. Eta mutiko gisa, dantzaren munduan, bat-batean ukan nituen hamar mila parada beste talde anitzetan ordezkari aritzeko, mutikoak xerkatzen baitzituzten, hala nola Getaria taldean, Zarena Zarelakon, eta Maritzuli konpainian. Horrela barnatu nuen euskal dantzaren ezagutza. 2015ean, Eliraleren deialdi irekiaren bidez sartu nintzen Senpereko taldera. Eta Eliraleri eta Patxika Telleriari esker profesionalizatu nintzen dantzan. Han trebatua izan nintzen; ordu arte, euskal dantzaz gain, ez nuen halako ikasketarik egin.
Dantza, musika, kantua, antzerkia... Martzelinaz baliatzen zara zure pasioak batzeko emanaldi bakarrean?
Bai. Ordenan hasteko, hasi nintzen ukelelea jotzen, ez bainintzen sekula ausartu soka instrumentu bat jotzen; horregatik, ukelelearekin hasi nintzen xumeki. Ondotik, gogoa eman zidan berriz lotzeko egiten nuenari, hau da, panderoari eta trikitiari. Hori gertatu zen Altxaliliren lehen emanaldian, kantatu baikenituen porrusalda eta jota batzuk, eta ikaragarriko plazera izan zen betidanik jo eta kantatu nituen melodiak jotzea. Hortik, panderoa eta trikitiarekin ber konektatu nintzen, eta, gero, Martzelinarekin gauzatu dut gogo bat aspalditik nuena, looper baten erabiltzea. Jostailu aberats horrekin ere esperientzia anitz egiten ahal dira, eta, ene ustez, ene ikerketen hastapenean naiz.
Bizpahiru hilabete pasatu dira bakarkako lehen emanalditik. Nola joan zen?
Aski inarrosaldi handia izan zen, jada desafio pertsonal handi bat gainditzea erran nahi baitzuen. Bestalde, Altxalilin bezala, atzeman nuen alde terapeutiko hori, ene genero identitatearen galderen ingurukoa, eta zinez on egin zidan. Beti erraten dut eszena gainean erreibindikatzen duguna gure bizian baino fiteago joaten dela. Orduan, ene ez-bitartasunaren aldeko erreibindikazioak biziki argi eta zuzenak dira, baina bizian oraindik sentitzen naiz prozesu batean, eta hori da interesgarria. Duela urte batzuk aitzin ez nuen batere posible ikusiko.
Egia erran, orain badut beldur ttipi bat, lehen momentu horrek ukan zuen magia bakana izan zelako; aski zaila egiten zait esplikatzeko, ukan dudan sustengua ere erraldoia izan zen, izan lagunena, herriko jendearena, familiarena... Orduan, orain, EHZrako eta heldu diren hurrengo datetarako, makinak berotu behar ditut berriz, Atabaleko momentutik ahal bezain hurbil izateko.
«Ohartzen naiz Oihan Ttipik gauza anitz nik baino argiago zituela, eta sinpleago egiten zituela: janzteko, jostatzeko, mozorrotzeko»
Martzelinaren emanaldian, Oihan Ttipi aipatzen duzu anitz. Oihan Ttipi horrek Martzelina eraikitzen lagundu al zaitu? Eta alderantziz, Martzelinak Oihan Ttipik zituen amets batzuk bete al ditu, edo zauri batzuk sendatu ditu?
Atzeman ditut bien arteko lotura anitz. Bi urte eta erdian egin dudan psikoterapian ere anitz aipatu dut Oihan Ttipi. Batak bestea elikatzen du, manera aski zuzenean. Adibidez, Bloñen Zauri kantuak oihartzuna egiten dit, usu ahazten baitugu gure haurtzaroa, baina, gaur egun berriz oroituz, ohartzen naiz Oihan Ttipik gauza anitz nik baino argiago zituela, eta sinpleago egiten zituela: janzteko, jostatzeko, mozorrotzeko. Kantu horretan, haurtzaroaren parte horri berriz dei egiten banio bezala da. Eta, bestalde, gaur egun dudan gonekiko pasioa ttipidanik dut. Konexio naturala da, pasio bat izan baitzen, baina ezin izan dualako nahi nuen bezala landu edo espresatu.
Euskal dantzarekiko eta kulturarekiko loturak egiten dituzu Martzelinarekin. Haien artean, Azkaindarrak jauziaren bi bertsio ematen dituzu, bata dantzan eta bestean jauzien aginduen hitzak arramoldatuz binariotasunari buruz.
Betidanik maitatu izan dut mutxikoak dantzatzea irri egiteko, groove ttipi batzuk gehituz, edo twerk eginez. Betidanik atzematen dut mutxikoak baduela horrelako potentzial bat. Prozesua izan da lehenik dantzatzea musika horrekin, eta berantago jin zen kantuaren ideia. Azkaindarrak mutxikoaren lehen kopla atxiki nahi nuen, eta horretarik abiatu: ebats, jauzi, dobla.

Manera bat ote da euskal dantzan inposatzen diren kodeekiko eta arauekiko kontrastea sortzeko?
Dudarik gabe. Ttipidanik ene pasioa da euskal dantza, eta bere horretan euskal dantzak teknikoki ez du arazorik. Baina egia da gaur egun ikusten dudala nola bizi izanen nuen euskal dantza generoaren aldetik ate guztiak irekiak banitu. Ttipidanik mozorrotu behar bazen, beti neskaz mozorrotzen nintzen; Iruñeko ziganteetatik betidanik badut gonen sekulako pasioa. Orduan, oraino plazer handiagoa hartzen dut euskal dantza horiek manera feminizatuan eta kabaretaren kodeekin dantzatuz. Gainera, zinez ohartu naiz ene ibilbidean usu interpretatu izan dudala maskulinitatea dantzan, eta, beraz, generoarekin jokatzea parte handi batean antzerki kodeak antzeztea dela.
Jada aipatu izan duzu dantzan baden paradoxa bat: neskei eta feminitateari lotzen da dantza. Baina behin gizonek dantzatzen dutela, gizona eta maskulinitatea antzeztu behar edo nahi dutela.
Arrunt. Berezia da balorazio mailan; dantza mundutik kanpo erraten da dantza biziki praktika femeninoa dela: balleta, tutu eta kolanten klixearekin, eta abar. Baina bat-batean, dantzaren munduan bertan biziki balioztatua eta goraipatua da, neskei konparatuz, dantzatzen den gizon bat. Sare sozialetan, adibidez, hedatzen diren bideo anitzetan ikusten dut gizonak anitz balioztatuak direla, bi gizon elkarrekin dantzan, edo maskulinitatea galdekatzen. Bai, ederra da, baina horri oihartzun bat ematen zaio berriz ere tapatzen duena emazteen praktika.
Nola ikasi zenuen hamasei zentimetroko takoiekin dantzatzen?
Takoi horietatik pixka bat jautsi naiz, zangoko zauri ttipi batengatik . Hamasei zentimetrotik pixka bat apaldu behar izan dut. Erran behar da zinez deserosoa dela. Oren anitz pasatu nituen oin punten gainean: zangoak, orkatilak eta zango sagarrak ohitu ditut.
«Dantzaren munduan bertan biziki balioztatua eta goraipatua da, neskei konparatuz, dantzatzen den gizon bat»
Ogibidea duzu dantza, eta Martzelina ere dantzatzen da. Bilakarekin egiten duzunaren eta Martzelinarekin egiten duzunaren artean zer desberdintasun sumatzen duzu?
Bilakarekin bada segurtasun esparru bat, eta, gainera, azken aldietan sorkuntza kolektiboak egiten ditugu, eta hori segurtasun bat da. Halere, erran behar da bertigo handia ematen didala dantzaren munduak, sustut dantzaren mundu profesionalak: Bilakan zer espero den gutaz, jendeak Bilakaz anitz espero du, eta deia badute gutaz nahi duten irudia. Beraz, uste dut aski ongi konpontzen garela presio horiei bortxaz ez erantzuteko, baina horren ondoan, Martzelinarekin sentitzen dut askatasun handiagoa, nahiz eta bakardadetik pasatzen den. Uste dut lasaitzen nauena dela nik sentitzen dudana dela ene egia. Eta egia bakarra, eta kito. Hori biziki lasaigarri zait.
Hiru urteko ibilbidea du Martzelinak jadaneko. Atzeman duzu Martzelinaren azken bertsioa?
Hastapena baizik ez da. Alde batetik, orain baizik ez baitut kontzientzia hartzen, eta erabakia dudala enetzat eta enegandik sortuko dudala. Momentuz, Altxalilin hasitako prozesu horri segida ematen ari naiz. Uda honetan ukanen dut lan dezente sartzerako, Maitaldia festibalak performance hori luzatzea proposatu baitit emanaldi luzeago bat egiteko, kasik oren batekoa. Beraz, bide gehiago irekitzen zaizkit, are gehiago antzokia izanki, eta nahi dudan terrenoetara joaten ahal bainaiz. Beldurgarria bezain zirraragarria da. Hori izanen da nire udako azken desafioa.
MOTZEAN
Martzelinari lotzen diozun kantu bat? Habia taldearen Sorgin igandeak.
Performantzia bat emateko leku bat? Goenetxea bera.
Erreferente bat? Azken aldietan beti erraten dudana: Rodrigo Cuevas.
Takoi neurri bat? 14 zentimetro.