Euri urak biltzeko putzu bat, baratzezaintza iraunkor baterako

2.500 metro kubikoko putzu bat egin dute Garroko etxalde kooperatiban. Iragarri dute beroteek eta ur eskasiak baratzezaintza baldintzatuko dutela ondoko urteetan.

Euri urak berreskuratzeko putzua, Garroako etxalde kooperatiban. EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA
Euri urak berreskuratzeko putzua, Garroako etxalde kooperatiban. EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Lekorne
2026ko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur egun, baratzezain bat hasten denean, erantzun behar duen lehen galdera urarena da». Argitxu Ithurriak egin du gogoeta, Lekorneko Garroa etxalde kooperatibako koordinatzaileak. Baina arrangura orokortua da gaur egun. Eta horri buru egiteko neurri berriak hartu behar dituzte laborariek. Joan den astean, euri urak berreskuratzeko 2.500 metro kubikoko putzu bat estreinatu zuten Garroan; Euskal Hirigune Elkargoaren eta Aturri-Garona Ur Agentziaren laguntzarekin egin dute. Baratzezaintzan ur edangarri gutxiago erabiltzea da helburua, baina hasieratik erakutsi ditu bere mugak. Ur eskasiari buru egiteko prestatu behar dutela iradoki du Ithurriak.

2011n sortu zuten Garroko etxalde kooperatiba, baratzezaintza arloan aritzeko. Gaur egun, kooperatibak berak ez du barazkirik ekoizten, baina hiru baratzezain badira Garroko lurretan ari direnak, GAEC batean antolatuak; hirurak SCIC egiturako kooperatzaile dira. Ondoan landare txikiak ekoizten ditu Argitxu Ithurriak, inguruko hamar etxalderentzat; hura da kooperatibako koordinatzailea ere. 

2022an izandako beroteen ondorioz sortu zitzaien euri urak berreskuratzeko putzuaren beharra. Urte hartan sekulako idortea izan zen. «Lehen aldia zen Ipar Euskal Herrian hain bortitza zela», oroitu du Ithurriak. Botere publikoek baratzeak ureztatzea debekatu zieten, eta «galtze handiak» izan zituzten. «Baratzezaintzaren %80 ura da, eta, klima aldaketarekin, lehen baino gehiago ureztatu behar dugu. Horregatik, gauzak berriz pentsatu behar ditugu».

Izan ere, orain arte sare publikoko ura erabiltzen zuten Garroko baratzeetan; iaz, 5.800 metro kubiko behar izan zituzten. «Horietarik 1.200 nahi eta nahi ez erabili behar ditugu, araudien arabera barazkiak garbitzeko ur edangarria behar delako», zehaztu du Ithurriak. Baina kezka du gainerakoak euri urekin bakarrik konpentsatzen ahalko dituzten. «Apirila beroa izan genuen, maiatzean berotea izan genuen, eta ekainean bigarren berotea izan dugu. Agorrilean bezala ari gara egun hauetan. Duela bi urte egin genituen kalkuluak gaindituak ditugu. Horrela segitzen badugu, arazoak izanen ditugu».

«Ez da Sainte Soline»

Biltegiratze urtegiaren inbertsioa 100.000 eurokoa izan da. Horren %60 Aturri-Garona Ur Agentziak hartu du bere gain, %20 Euskal Hirigune Elkargoak, bere Errekagri programaren bidez, eta azken %20a, SCIC Garro kooperatibak berak. «Euskal Hirigune Elkargoaren ustez, baratzezaintza biologikoaren sektorea laguntzea zera da: etxaldeei klima aldaketara egokitzen laguntzea eta uraren eskuragarritasuna segurtatzea», adierazi dute agiri batean, estreinaldiaren ondotik. «2026ko uda idorra izanen dela iragarria den honetan, Garroko urtegiaren heren bat betea da egun, eta urtarorik oparoenean den ekoizpena ureztatzen hasi da jadanik».

Ura biltegiratzeko putzuek Frantziako Estatuan hainbeste gatazka sortu dituzten urtegiak gogoraraziko dizkiete batzuei; alta, ez dute zerikusirik «ez erabilitako teknikan, ez dimentsioan, ezta laborantza ereduan ere», Ithurriaren hitzetan. «Sainte Solineko ur biltegian lurpeko ur geruzatik xurgatzen dute ura; zuzenean erreserba naturalak idortzen dituzte». Horrez gain, nagusiki zerealak ekoizten dituen agroindustriarako baliatua da. «Esportaziorako laborantza eredu produktibista da».

Garroko putzuak euri urak biltzen ditu, etxaldeko teilatu hodietatik eta malda behera den arroilatik. Putzua betea delarik, soberakina errekara bideratua da. Ondoren, hodi sistema bat dute berotegiei lotua, baratzeak ureztatzeko. «Hemen ekoizten ditugun barazkiak 30 eta 40 kilometroko perimetro batean salduak dira», azpimarratu du Ithurriak. Urtero, 130 tona barazki, 10 tona fruitu eta 350.000 landare sortzen dituzte Garron, gutxi gorabehera.

Etorkizuna gogoetagai

Ithurriak iragarri du klima aldaketak laborantza ekoizpena osoki gogoetatzera eramanen duela ondoko urteetan. «Udan ekoizten ditugun barazkiak neguan jaten ditugunak dira. Horiek dira ur gehien behar dutenak. Zer landatzen dugu? Nola ekoizten dugu? Zer jaten dugu? Galdera horiei erantzun beharko diegu». Garron esperimentazio zentro bat sortuko dute horren guztiaren ikertzeko.

Horrez gain, baratzezainen lan baldintzetan ere jarri du azpimarra Ithurriak. «Kanpoan dira, eguzkipean; ordutegiak moldatzen ditugu, baina jendea ez da ohartzen zer den. Gure misioa serioski hartzen dugu, eta egunero altxatzen gara jendea bazkatzeko. Baina gogoetatu behar dugu, halaber, nolako bizia nahi dugun baratzezainentzat». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA