Artetxea

Euritan dantza

Maialen Etxart
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez du atertzen. Euriak egunak eta gauak bustitzen ditu, karrikak lokazten, ibaiak handitzen eta zubiak ikaratzen. Aurtengo neguan uholdeek bazterrak hartu dituzte, soroak ito, etxe azpi batzuk belztu. Eta oraino ere entzuten da diskurtso lotsagarria: «Lehen ere holako aroak baziren...». Iduri eta aldaketa klimatikoa ekologistek beren politika estrategiaren barne asmatu kontzeptu bat den! Nola posible da oraino ere ez onartzea begi bistan duguna?

Euripean, su bat piztu da. Hazparnen, Zanpantzarren erretzeak polemika sortu du. Ihauterietako sua eztabaida bihurtu da: norena da sinboloa, zer erran nahi du? Eskuin muturrak berehala kausitu du hor, ke artean, diskurtso zaharren berpizteko aukera ekintza horrek herra elikatzen omen duela... Arras ongi dakigularik herraren alderdiak duela hori erraten!

Herriko bozak ate joka ari dira, eta kanpainak ez du harrabots gutiago ekarri! Gezurrak, erdi egia mozorrotuak, programa gutti, azpi joko eta irri faltsuak barra-barra. Hau ote da politika? Merezi du politika hitzaren definizioaren oroitaraztea: «Herria eta jendartea antolatzeko eta gobernatzeko jarduera». Beraz istorioak utzirik, lot gaitezen lanari!

Jendea zizpildua da, akitua, morala apal... euria, euria eta oraino ere euria egunerokoaren gainera erortzen delako. Non dago aterpea?

Ez dago.

Eguzkia itzuli artean, arintasun pixka bat behar dugu, eta irria dugu elkarren ondoan berotzeko molderik onena.

Beraz, ausart gaitezen.

Irria ez da ihesa, euri artean, erresistentzia da!

Hona txisteak jauts ahala:

Etxean solasean:
- Euria berriz hasi da. 
- Ez kezkatu, bederen barneko landareak kontent dira! 

Hazparnen entzun omen da:
«Zanpantzar erre dugu, baina segur aski berriz piztu beharko dugu, ez baita deus behar bezala erretzen euri honekin!» 

Auzo herrian entzuna:
- Zein da kanpainako hitzik erabiliena? 
- Gardentasuna. 
- Eta zendako? 
- Barnean ez baita deus ikusten!

Eta herrian berean:
- Zendako egiten dira bozak igandez? 
- Mirakuluak egun horretan gertatzen baitira. 

Eskuin muturrekoentzat:
- Zerendako ez dute umorerik?
- Irria libre delako, eta hori arriskutsua baitzaie.

Azken hau haurrei eskainia:
Bi baloi airean ibilki basamortuan... Bietarik batek burua altxa eta besteari erran dio:
- Aizu, begira zer dagoen hemen!
- Zer?
- Kaktusssssssssssssss...

Beharbada, euriari so egiteko moldea dugu aldatu behar: tanta bakoitza erritmo bihurtu eta zaparrada konpas!

Zailtasunek elkarlana ezinbestekoa dela erakusten digute.

Eguzkia agertuko delarik, agertuko baita, prest izanen gara, busti-bustiak baina kementsu, berriz elkarrekin dantzatzeko gogoarekin.

Gora bihotzak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA