Eskubaloi jokalaria

Lea Iralde: «Euskal Kostarekin igo nahi nuke mailaz; baluke zentzua»

Euskal Kosta eskubaloi taldeko kapitaina da Iralde. Sasoi honetan talde hoberena izan da Nazionaleko lehen mailan, eta igotzeko partida joka lezakete, baina ezingo dira igo, aitzinkontu apalegia dutelako.

PATOGRAPHE
Lea Iralde, Euskal Kostako eskubaloi jokalaria, artxiboko irudi batean. PATOGRAPHE
Joanes Etxebarria.
2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Saran hasi zen eskubaloian Lea Iralde (Sara, 2000), eta Baionara joan zen gero. Gaur egun, Baionako eta Miarritzeko jokalariek osatzen duten Euskal Kosta taldeko kapitaina da. Frantziako Nazionaleko bigarren mailatik lehenera igo ziren, eta, aurten lehen postuan bukatu dutenez, D2 mailara igotzeko partida bat jokatzen ahal lukete, baina ezingo dira igo, arrazoi ekonomikoengatik. Iraldek «borrokatu» nahi luke laguntza gehiago ukaiteko.

Zer diferentzia da Sarako eta Baionako taldeen artean?

Ez dut sentitu aldaketa handirik, egia errateko. Goiz joan nintzen Saratik, 15 urterekin, banekielako Baionan bazela Nazionaleko bigarren maila helduentzat. Banekien ongi jokatzen banuen maila horretan aritzen ahalko nintzela, eta helburu bat ematen zidan. Saran ari nintzen, lagunekin bainintzen. 

Taldea Euskal Kosta bilakatu zen ondotik.

Lehenik, bazen Baiona talde batean, eta Miarritze eta Angelu beste batean, bi taldetan. 2017an eta 2018an, Baionan ari nintzen, Nazionaleko lehen mailan, eta Angelu-Miarritze ere maila berean zen. Urte hartan azken eta azken-aurreko bukatu genuen, zaila baitzen. Aitzinetik bazen denak batzeko ideia, anbizioa ukaiteko, baina ez zen gauzatu. Bi urte berantago, presidente berriak izan ziren bi klubetan, eta lortu zen Euskal Kosta taldea sortzea, bi taldeak elkartuz. 2019. urtean batu ziren Miarritze, Angelu eta Baiona; Angeluko, Baionako eta Miarritzeko herriko etxeek segitu zuten proiektua. 2021ean, Angeluko taldea proiektutik joan zen. Orain, Euskal Kosta taldea ez du gehiago segitzen Baionako Herriko Etxeak; Miarritzekoak, berriz, bai.

«Lagun talde bat izan da. Azken urteetan, ez genuen lortzen holako taldea ukaitea, eta horregatik izan da desberdina sasoi hau»

Euskal Kostarekin mailaz igotzeko parada bazenukete.

Partida bat gelditzen da, baina segur da lehen bukatuko dugula Nazional 1 mailan. Normalki, ondotik, azken partida batean jokatuko litzateke mailaz igotzea. Baina hori irabaziko bagenu ere, jadanik badakigu ezingo garela mailaz igo, baldintza batzuk bete behar baitira. Hasteko, ekonomikoki galdetzen dute frogatzea buxeta badugula, eta badakigu ez dugula. D2an behar den aitzinkontua Nazional1 mailakoa halako bi da. Alde horretatik, jadanik badakigu ezingo dugula. 

Aipatu dituzu taldearen gorabeherak. Baionako Herriko Etxearen sostengua gabe gelditu zinetelako ezin da?

Euskal Kosta taldea sortu zelarik, helburua zen bi urtean D2 mailara igotzea zen. Ez genuen aitzinetik ikusi, halere, Angeluko herria joanen zela. Angelu joan zenean, kasik aitzinkontuaren laurdena galdu genuen. Beti gauza bera da: ez baduzu dirurik, ezin duzu egituratu. Hori falta dugu momentuko. Aurten, helburua mantentzea zen, eta ez genuen batere espero lehen bukatzea. Batzuk beti ari dira lanean laguntzak xerkatzeko, baina ez dute lortzen. Enpresek beti erraten dute laguntza errugbiari ematen diotela, Baionari edo Miarritzeri.

REMY GIRAUDON
Lea Iralde, Euskal Kosta taldearen argazki ofizial batean. REMY GIRAUDON
Helburua mantentzea baldin bazen, nolaz bukatu duzue lehen postuan?

Ukan ditugu bost edo sei jokalari berri; ez da anitz, baina aurten sentitu da bagenuela egiazko talde bat. Egiazko harremanak egin ditugu; lagun talde bat izan da. Azken urteetan ez genuen lortzen halako talde bat ukaitea, eta horrek du desberdin egin denboraldi honetakoa.

Hedabideek segitzen zaituztete?

Bai. France 3 Euskal Herri eta TVPI telebistak bizpahiru aldiz etorri dira denboraldi honetan; astelehen eta ostiral guztiz baditugu artikulu aski handiak Sud Ouest egunkarian... Ongi segituak gara, eta arazoa ez da hori, ene ustez.

Arazoa instituzioen mailan da?

Ez bakarrik. Gure aurrekontua 220.000 eurokoa da orain, eta igotzeko behar genituzke 450.000 euro. Hori aipatu dugu Baionako eta Miarritzeko kirol axuantekin; haiek argiki erraten dute laguntzen bagaituzte ere ez dela aski izanen. Ikusiz kasik doblea falta dela, behar dira enpresa pribatuak ere.

«Laguntza galdetzean, enpresetan lehen galdera beti da ea herriko etxeak segitzen gaituenetz. Ez da hala, eta hori da arazoa»

Enpresengana jotzeko, herriko etxeen sostengua argumentu bat izan daiteke?

Bai. Miarritzeko Herriko Etxeak sostengatzen gaitu, hori bai. Miarritzeko errugbiak ez du eragin bera, D2 mailan direlako, eta Baionako errugbi taldea, Top 14an. Taldean badugu babesleengana joateaz axolatzen den norbait, eta erraten digu enpresetan lehen galdera beti dela ea herriko etxeak segitzen gaituenetz. Ez da hala, eta hori da arazoa. Ene ustez, enpresa handi bat falta dugu, horrek ttipiagoak ekarriko lituzkeelako.

Egoera horrek beste talde batera joateko gogoa pizten dizu? 

Frustrazioa bada. Ez da orain utzi behar, beharbada; ene ustez, pixka bat borrokatu behar da. Goi mailako batzuek erraten dute Euskal Kosta taldeak bost urte baizik ez dituela eta, beharbada, fiteegi joan nahi dugula. Nazionaleko lehen mailan beti lehen bostetan bukatu dugu, baina, beharbada, oraino ez da aski. Gure aldetik frogatu dugu maila badugula, eta heldu den denboraldian berriz holako emaitzak lortzen baditugu eta gauzak ez badira mugitzen... Zaila izanen da gero, ene ustez. Jokalariak egoteko ere ez da ber motibazioa; ni ere ez naiz egonen hamar urtez esperoan. 

Eta beste taldeak zuen jokalarien xerka joan daitezke?

Hori gertatzen da jadanik gauden mailan. Ni Baionako taldearekin handitu naiz, eta ez dira sekula ene xerka jin. Euskal Kostarekin igo nahi nuke mailaz; baluke zentzu handiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.