Pilotan, euskal selekzioa oraindik ez da existitzen, baina, noizbait izanen bada, gaurtik pentsatu behar dugu nolakoa izanen den. Selekzio bat proiektu kolektibo bat da, herri baten etorkizun baten promesa. Eta horregatik, funtsezko galdera bat dugu mahai gainean: zein izanen da euskararen tokia?
Guretzat, erantzuna argia da: euskarak izan behar du selekzioaren hizkuntza. Ez sinbolo huts gisa baizik eta eguneroko solasen oinarri gisa, kantxa barnean bai eta kanpoan ere. Barne funtzionamenduan, komunikazio ofizialean, prentsaurrekoetan eta sare sozialetan, lehen hitzak euskaraz izan behar du. Hori da koherentziaz jokatzea, hori da gure izaera errespetatzea.
Eztabaida hau ezin da etorkizunerako utzi. Selekzioa sortzen den egunean, egunerokoak pisu handia izanen du eta hastapeneko erabakiek norabidea markatuko dute. Horregatik, aitzinetik hartu behar da erabakia, agiri baten bidez. Dokumentu horrek zehaztu behar du euskara dela hizkuntza nagusia eta konpromiso hori luzaroan segituko dela, zuzendaritza aldatu arren.
Hizkuntza ez dadin izan etengabeko eztabaida, baizik eta selekzioaren eta haren jokalarien oinarria. Pilotako euskal selekzioak, egun batez ofiziala bilakatuko delarik, herriaren isla izan beharko du. Eta herriak hizkuntza bakar bat du.
Aldi berean, selekzioa euskaltzale guziei irekia izan behar da. Euskal Herria anitza da, eta pilotaren komunitatea ere bai. Euskara ez da muga bat baizik eta topagune unibertsal bat euskaltzale guzientzat. Horretarako, itzulpena, laguntza eta formakuntza tresnak aurreikusi daitezke.
Orain da garaia erabaki ausarta hartzeko. Euskaraz eta euskararen alde eraikia den selekzio bat nahi dugu, guziena izanen dena eta bere nortasuna argi erakutsiko duena. Hori da gure konpromisoa, eta hori da etorkizunari utzi nahiko dioguna.