Onintza Legorburu Larreak (Antzuola, Gipuzkoa, 1993) Gizarte Langintza ikasi du, eta antropologiako eta ikasketa feministetako graduak egin ditu. Master amaierako lanean hitanoaren eta genero rolen arteko lotura landu du. Horrez gain, Emun kooperatibako bazkide da. 2022tik tesia prestatzen ari da, mugimendu transfeministan agertzen diren hizkuntza ideologiak ardatz hartuta. Mintzaldia emanen du apirilaren 28an Baionako mediatekan, Euskal Etnopoloa 2025-26 hitzaldi zikloaren baitan.
Nola eramaten duzu zure ikerketa?
Urteak pasatu nituen teorikoki janzten eta ikertzen, eta 2025. urtea hartu nuen etnografia egiteko. Bilaketa parte hartzaileak eta elkarrizketak egin ditut. Festa transfeministetan, poteo transfeministetan, bertso saio transfeministetan... Horrelako espazio ludikoetan eta nolabait disfrutatzea erdigunean duten espazioetan egin dut etnografia hori. Festa horietara joan naiz, festa egin dut; kalejiretara joan naiz eta kalejira egin dut, eta kantatu behar baldin bazen kantatu dut; bertso saioetara joan naiz, hor, entzule gisara. Behaketak egin ditut hainbat espaziotan, eta gero elkarrizketak egin dizkiet horietan parte hartzen dutenei.
Zure tesia gai honen inguruan prestatzen ari zara: pop kultura euskaltzaletasunaren adierazpide berri gisa agertu dela, bereziki esparru transfeministetan. Nondik jin zaizu ideia, eta zergatik gai hori?
Nire tesian ikertzen ari naiz zer-nolako hizkuntza ideologiak sortzen diren eta zer gertatzen ari den euskararekin espazio transfeminista informaletan; hau da, aisialdia eta ludikotasuna zentroan dituzten espazio horietan. Hori zen nire galdera, eta hasieran nik ez nekien euskal pop kultura edo camp-a zer zen ere. Ikerketak aurrera egin ahala konturatu nintzen zerbait gertatzen zela espazio horietan. Konturatu nintzen hor badaudela oholtzara euskal mundu bat dakarten performance edo kultura adierazpen batzuk. Nolabait, folklorearen edo euskal tradizioaren bidez ekartzen da euskal mundu hori. Euskal iruditeria tradizionala irudikatzen duten kode batzuk ekartzen dira oholtzara, eta beste kode batzuekin nahasten dira, batez ere dantzaren bidez, estetika queerraren bidez eta sexualitatearen bidez. Hor sortzen da euskal pop edo euskal camp-a. Bi kode horien batura dela esan daiteke; euskal gorputz queerren oholtzaratze bat.
Nolabait, euskal kultura tradizionala eta modernitatea anitz uztartzen dira esparru transfeministetan.
Bai; azken finean, jende batek «gu ere bagara» esateko modu bat da, eta hainbat elementu erabiltzen dira hori sortu ahal izateko. Euskal tradizioak pisua dauka, baina folklorea urratzeko ekartzen da, eta hori oinarrian daukan gauza berri bat sortzeko. Horren purua izan da euskalduntasun hori, genero rolen apurketaren bidez urratzen baita. Nik uste dut interesgarria dela hor gertatzen dena.
Uste duzu euskalduntasun berri bat sortzen ari dela pop kulturaren inguruan?
Ez dakit berria den, baina zerbait sortzen dabil. Euskal queerrak beti existitu dira, baina orain, gorputz horren eraikuntza kolektiboki sortzen ari da. Eta nik uste dut agian berritasuna kolektibitate horretan egon daitekeela, eta hau dena mugimendu baten barruan pasatzen ari dela. Iparraldean adibidez Altxalili dago, baina Altxalili ez da txanpiñoi bat, mugimendu oso baten eta gertakari ezberdinen barruan kokatua den kontua da. Nik uste dut hor dagoela berritasuna. Euskaldun iruditeria horretan imajinazioa zabaltzen laguntzen du sortzen eta oholtzaratzen den irudi horrek.
Camp-ak erakusten digu, batetik, generoa artifizioa dela. Asko jokatzen da trabesti eta trans estiloko kontuekin, eta horren bidez, generoaren beraren performatibitatearekin, esanez: «Generoa ez da naturala, generoa eraikia da, eta oraintxe ikusiko duzue nola deseraikitzen den». Eta berdin gertatzen da euskalduntasunarekin. Euskalduntasuna desesentzializatu egiten da; ikusten da generoaren moduan eraikia dela, eta guk geuk eraiki genezakeela, eta horrekin jolastu...
Azken finean, espazio horiek eta pop kultura berri hori alternatiba bat ote dira orain arte ezagutu dugun euskaltzaletasun tradizionalaren aldean?
Nik uste dut baietz. Orain arteko euskalduntasunaren —eta orain arte ere ez dut uste euskalduntasun bakarra egon denik — alternatibetako bat da. Beste batzuk ere egongo dira? Bai, noski. Baina hor badabil zerbait sortzen.
Zuk ere gauzak ikasi dituzu tesiari esker?
Bai, asko. Azkenean, tesiak hori ematen dizu, ez? Erromantizatu gabe, baina niretzat tesia gauza ederra da, aukera ematen dizulako zuk zenituen hipotesi, susmo edo galdera batzuk erantzunez joan ahal izateko; eta ez hori bakarrik: baita galdera berriak egiteko ere, eta galdera berri horiei beste era batera begiratzeko ere. Nik pila bat ikasi dut, eta neuzkan uste batzuk desmuntatu ditut ibilbidean zehar.
Baduzu adibide bat?
Agian, nola ulertzen den hiztuna bera, ez? Tesiarekin konplexuago egin dut hiztuna, eta, adibidez, behaketetan konturatu nintzen hiztuna ez dela soilik hizketan egiten duena, baizik eta gorputz bat daukana, eta isilik ere hiztuna izaten jarraitzen duena. Oso agerikoa da, jendeak esango du: «Horretaz benetan orain konturatu zara?» Ba, bai. Hiztuna beti soilik hitzarekin lotu izan dugu, edo konturatu naiz nik behintzat hitzarekin lotu izan dudala: jendeak nola hitz egiten duen bere bizitzari buruz, edo jendeak zer zentzu ematen dien gauza batzuei. Oso interesgarria da.