Bernadette Iratzoki: «Euskara hutsean diren ekoizpenei lekua egitea beharrezkoa da»

Azkaineko irakurle taldeko kidea da Iratzoki; Ziburuko euskarazko disko eta liburu azokak antolatu duen Azokaldian parte hartu du taldeak. Bestalde, 'Ihesi' antzerkian ari da, Maider Beheran eta Ainhoa Elizondorekin batean.

BERNADETTE IRATZOKI LURO
Bernadette Iratzoki. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
Azkaine
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Euskarazko disko eta liburuen azokari harrera eginen dio ekainaren 1ean Ziburuko pilota plazak. Lekua ttipi gelditzen ari da, ordea, eta, pilota plaza ezin denez handitu, azoka denboran hedatu nahi izan dute antolatzaileek maiatzean Azokaldia antolatuz. Horretarako, inguruko herrietako eragileak proiektuan sartu dituzte, eta Azkainen irakurle taldearengana jo dute. Taldeko kide Bernadette Iratzoki (Azkaine, 1959) azokaren garrantziaz mintzatu da. Azokaldiko ondoko hitzordua Urruñan izanen da: maiatzaren 17an, irakurraldi musikatua eginen dute Iban Zalduak eta MICEk. Azkaineko irakurle taldeko kide izateaz gain, antzerkilaria ere bada Iratzoki. Orain, Ihesi antzerkia ematen ari da, Maika Etxekoparrek zuzendurik.

Zer da Azkaineko irakurle taldea?

Duela bi urte eta erdi sortu zen. Euskaraz irakurtzea genuen helburu. Urtean lau liburu hautatzen ditugu, Azkaineko irakur dendara ekarrarazten ditugu, eta, behin irakurri eta gero, solasaldi bat egiten dugu idazlearekin. Azkaineko Herriko Etxeak laguntzen gaitu idazlearen etorrera eta hamar libururen prezio erdia pagatuz.

Asteartean,Ziburuko disko eta liburu azokak antolatutako Azokaldiaren karietara solasaldi bat izan zenuten.

Hamaikagarren solasaldia genuen. Azokaldiaren barnean sartu gara, antolatzaileek nahi izan baitituzte inguruko herriak parte harrarazi. Egia da jendea inguruko herrietatik azokara joaten dela, eta parada dela denbora gehiago hartuz beste ekinaldi batzuk egiteko. Hor, Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan liburua hautatu genuen, eta idazlea ekarrarazi dugu horren aipatzeko. Azkaineko irakurle taldeak ez ezik, Urruñako ikastolako Euskaraz Bizi taldeak ere parte hartuko du, baita Donibane Lohizuneko AEK-k ere. Heldu den astean, Iban Zalduak irakurraldi musikatua eginen du MICErekin Urruñako Berttolin [maiatzaren 17an, 19:00etan], eta maiatzaren 23an Maitena Duhaldek hitzaldi bat emanen du Lapurdi itsas hegiko euskarari buruz [Donibane Lohizuneko mediatekan, 19:00etan].

«Ziburuko Azokaldiaren barnean sartu gara, antolatzaileek nahi izan baitituzte inguruko herriak parte harrarazi. Jendea inguruko herrietatik azokara joaten da, eta parada da denbora gehiago hartuz beste ekinaldi batzuk egiteko»

Osoki euskaraz den literaturari eta musikari leku bat ematen dion azoka bakarretakoa da Ziburukoa. Zuretzat, zer da, oasi bat basamortuan?

Beharbada, bai, hala da: oasi bat basamortuan. Tinko atxikitzen dute euskara hutsean diren ekoizpenei lekua egitea, eta hori biziki beharrezkoa da. Denendako literatura eskaintzen dute, eta literaturari buruzko eskaintza askotarikoa da; biziki aberatsa da.

Literaturazalea izateaz gain, antzerkilaria ere bazara. Noiz eta nola hasi zinen antzerkian?

2010ean Senperen bildu zen Lapurdi 1609 taldea, eta 1609ko gertakarien inguruan zerbait egin nahi zuten: liburu bat atera zuten, eta antzerki baten ideia bazuten. Dei bat egin zuten proiektua aurkezteko, eta hola abiatu nintzen. Geroztik taldeak segitu du beste hiru antzerki emanez: Hazparneko Anderea, Telesforo ez da Bogart eta Herriko bozak.

Taula gainera igo zara berriz Ihesi antzerkiarekin...

Bai. Eman genituen hiru antzezlanen ondotik pandemia izan zen, taldeko batzuek utzi nahi zuten... Pixka bat geldirik zen afera. Maider Beheranek, aldiz, bazuen aspalditik buruan Pierre Palmadek idatzitako Les Fugueuses bi antzezlerentzako antzerkia. Proposatu zidan ea berekin batean egin nahi nuen; beti prest naiz esperientzia berriak egiteko. Ainhoa Elizondo gure taldean ibilia den musikaria ere ari da, eta gu zuzentzeko Maika Etxekopar gonbidatu genuen. Hark ere onartu zuen, formatu ttipi horretan aritzeak interesatzen zuelako. Urtarriletik goiti hasi ginen publiko aitzinean ematen.

Zer kontatzen du antzerkiak?

Maddi Zubeldiak itzuli eta egokitu zuen testua, eta biziki ederra atera da. Bi emazteren ihesa kontatzen du: gazteenak, 18 urteko alaba eta senarra utzirik, etxetik ihes egiten du, aspertua baita amatasunak duen pisu itogarriaz. Bide bazterrean gurutzatzen du emazte zahar bat, zahar etxetik ihes egin duena; semeak egoitzan ezarri zuen, baina segitu nahi du bizitzen. Bien arteko laguntasuna aipatzen ditu antzerkiak. Jokoan bada tragedia pixka bat, baina aski irrigarria da. Arrakasta badugu orain arte, hamahiru emanaldi emanak ditugu, eta publikoa irriz eta kontent ikusten dugu. Guk ere plazer handia hartzen dugu. Ondoko emanaldia ekainaren 2an izanen da, Andoainen [Gipuzkoan], eta Iparraldera itzuliko gara ekainean: 14an, Irisarrin, eta, 16an, Baigorrin.

«'Ihesi' antzerkiarekin arrakasta badugu orain arte, hamahiru emanaldi emanak ditugu, eta publikoa irriz eta kontent ikusten dugu. Guk ere plazer handia hartzen dugu»

Zer duzu gustuko antzerkigintzan?

Plazera hartzen dut, maite dut beste pertsonaia bat antzeztea; finean, ene egunerokotasunetik ateratzea. Talde batean aritzea gustatzen zait, besteekin batean, protagonismorik hartu gabe. Baina, batez ere, euskaraz egitea premiazkoa da enetzat; euskararen transmisioan aktore izan nahi dut ene heinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.