2026ko Korrikarekin, Euskara gara leloaren inguruko hausnarketa bat eramateko aukera izan da, euskaraz bizitzeko urratsa egiten dutenen borroka aurrean emanez. Zinegin festibaleko kide gisa, Iparraldeko zinemetan euskarari egiten diogun tokiaz galdekatu dugu guhauren burua. Euskarak nolako presentzia du gure zinemetan? Toki bat segurtatua ote zaio? Zinema batek zer ekar diezaioke euskarari?
Euskarazko filmen presentziari begira, 2025ean Iparraldean euskarazko sei proposamen kontatu ditugu: Itoiz, Udako sesioak (Ainhoa Andraka, Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea), Faisaien Irla (Asier Urbieta), Olatuak (Itziar Leemans), Basatiak (Claude Barras), Karmele (Asier Altuna) eta Jone batzuetan (Sara Fantova). Hazparneko zinemak, adibidez, denak programatu zituen. Zinema programazioaren gibelean argi dugu diru-sartze kezkak badirela, eta bertan, film guziak errentagarritasun ikuspuntu batetik ikusiak direla. Sistema (kapitalista?) honek film mota asko baztertzen ditu: film laburrak, kontenplaziozko filmak, esperimentalak, gai gogorrak tratatzen dituztenak, eta abar.
Ipar Euskal Herrian, urtean zehar euskarazko eskaintza bat badago, baina ez da erregularra, ez astekoa, ezta hilabetekoa ere. Horrez gain, euskarazko azpitituluak ez dira sekula proposatzen, edo oso gutitan, ekitaldi berezietan. Doketan Topa festibalean adibidez, Ander Iriarteren Indarkeriaren oihartzunak filma ikusteko aukera izan zen, frantsesezko eta euskarazko azpitituluak batera emanik. Hizkuntza bat irudiaren gaineko aldean zegoen eta bestea azpian. Hastapenean gaineko azpitituluen xerka joatea burmuinari zaila bazitzaion ere, filma joan arau publiko osoa usatu zen, eta filma berdin-berdin gozatu genuen. Fipadoc festibalean ere horrelako proiekzioak izaten dira eta poztekoa da holako aterabideak egotea.
Tamalez, ekimen berezi batzuen karietara baizik ez dira egiten eta ez da aipatzen egunerokoan holako sistemarik automatizatzea. Batzuek erantzungo lukete sistemak irudia kukutzen duela edo zailegia dela filmaren eta azpitituluen segitzea. Suitzako zinemetan filmak beti bi hizkuntzatan azpititulatuak dira. Izan ere, kantonamenduen arabera, italiera, frantsesa, alemana eta erromantxera hizkuntza ofizialak izan daitezke, eta pantailetan kohabitazioa normalizatua da. Elebitasunaren normalizatzea espazio guzietatik pasatzen da. Eta zinemetatik ere bai.
Euskal zinemaren presentziaren panorama oso baten ukaiteko datu asko falta ditugu. Baina Zinegin taldeak argi du euskarak gero eta toki gehiago hartu behar duela zinemetan, gizartean behar lukeen bezala.
Anartean, Baionako Doketan Topa festibalean estreinatuko diren euskal filmak gozatuko ditugu!
Gora euskal zinema!