Hendaia Frantziako eta Espainiako estatuek inposaturiko mugako herria da. Gure herria muga herria izanik, bi estatu zapaltzaileek inposatu dituzten hizkuntzek euskara desagerrarazten dute; alta, gure ama hizkuntza euskara da. Baina hemen bizi garen gazteok argi dugu euskarak presentzia eskasa duela gure kaleetan.
Euskaraz ikasten duten haur eta gazte gero eta gehiago dira, baina lan munduan, aisialdian, zerbitzu publikoetan eta karriketan ez dute euskaraz bizitzeko aukerarik. Gehienetan, frantsesak irabazten du automatikoki eta horrek erakusten du gure hizkuntza egoera larrian dela.
Argi dugu hizkuntza jakitea ez dela aski eta erabili egin behar dela, baina horretarako, erabili ahal izateko aukerak eta espazioak behar dira.
Instituzioek neurriak hartzen ez dituztela argi izanik, instituzioez kanpoko antolakuntza beharrezkoa da. Horren bidean, gure ekimenak euskara hutsean egiteaz gain, argi utzi nahi dugu hizkuntza hau desagertzea nahi ez badugu, antolakuntza politikoan engaiatzea besterik ez dugula. Gaztetxeak bezalako gune autogestionatuak horretarako tresnak dira, bizi ditugun zapalkuntza oro salatu eta haiek gainditzeko bidean aurrerapausoak emateko.
Hendaiak bizi dituen zapalkuntza sozialak hamaika dira, eta euskaraz bizitzeko oztopoak ere hamaika. Euskaraz bizi nahi du Euskal Herriak, baina hori horrela izan dadin borrokatzea besterik ez dugula erakutsi digute behin eta berriz.
Hemendik gure ekimenetara bertaratzeko gonbidapena egiten dizuegu. Baita antolakuntza politikoan parte hartzera ere, Euskal Herri Langilearen beharra baita.