2023ko irailean euskara ikasten hasi, 2024ko ekainean bukatu, eta irailean Euskal Irratietako kazetari eta animatzaile bilakatu zen Xarlot Etxeberri (Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, 2000). Irratiko kazetaria eta AEK-ko ikasle ohia izateagatik, 24. Korrikaren lehen lekuko eramailea izan da Etxeberri, Atharratzen, Ximun Karrere Euskal Irratietako lehendakaria ondoan zuela eta Euskal Irratietako lankideak gibelean.
Iragan ostegunean, 1 zenbakidun bizkarrekoarekin sartu zinen etxera. 24. Korrikan lehen kilometroan eraman duzu lekukoa, Ximun Karrerekin. Aste bat iragan den honetan, zer sentitzen duzu?
Biziki kontent naiz. Harrotasun pixka bat ere bada. Osteguna egun biziki ederra izan da, bikaina. Sinestezina izan da Atharratzen hainbeste euskaldun ikustea, eta komunitatearen sentimendua piztu du. Giro aldaketa asteazkenetik sentitu genuen. Eta bistan da lehen kilometroarena aipatzekoa dela; ontsa pasatu da. Denek galdegiten zidaten estresatua nintzenetz, baina azkenean, ez nuen gauza handirik egin behar; ez da biziki zaila izan. Biziki sinbolikoa izan da, eszena gainean AEK-ko ene irakasle ohiak baitziren. Paregabekoa izan da, eta ahantzezina izanen da.
Lekukoa hartu duzu, batetik, Euskal Irratietako kazetaria zarelako, eta bestetik, AEK-ko ikasle izan zinelako. Zer harreman zenuen euskararekin hizkuntza ikasi baino lehen?
Uste dut beti ukan dudala harremana euskararekin. Aita euskalduna dut, ama ez. Eta, horregatik, transmisioa ez da egin etxean. Baina, eskolan, sail elebidunean nintzen: euskara ikasten genuen; guti, baina ikasten genuen. Oinarriak bagenituen. Kolegioan eta lizeoan ez nuen gehiago euskara kurtsorik. Baina inguruan banituen lagun euskaldun batzuk. Horrez gain, Zuberoan hazi naiz, eta han harreman handia da euskal kulturarekin: maskaradak, pastoralak eta horrelako ekitaldi handiak izaten dira, beti segitu ditudanak.

Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Ikasketak Bordelen egin nituen (Okzitania), eta han, bi pisukide euskaldunekin bizi nintzen: egunero euskaraz ari ziren. Nik ez nuen ematen, baina ulertzen nituen, guti gorabehera. Behin ikasketak bukatu nituelarik, sentitu nuen euskara ikasi behar nuela, urgentea zela. Enbeia nuen euskara ikasteko. Garai hartan, sentitzen nuen zerbait falta zitzaidala. Entzun nuen AEKn bazirela formakuntzak euskara ikasteko, eta sei hilabeteko ikastaro trinkoa egin nuen. Biziki pedagogikoa izan zen. Hamar bat ikasle ginen. 2023ko irailean hasi, eta 2024ko ekainean bururatu nuen.
Nola oroitzen duzu prozesua?
Hastapenean akigarria izan zen. Lehen hilabetean, egun guztiz bukatzen nuen buruko minez. Baina AEK-ko kurtsoak egokiak ziren, pedagogikoak eta eraginkorrak. Irakasleek badakite zer egin behar duten. Hizkuntza bat ikastea, halere, biziki zaila da. Ene aldetik, errazago egin zait ikasketetatik atera berria bainintzen, eta kurtsoen kodeak eta erreflexuak banituen oraindik. Baina formakuntzan baziren aspaldian kurtsoetara joan ez zirenak, haurrak zituztenak, lana... Alde horretatik, xantza ukan nuen, garai egokian egin ahal izan bainuen.
Zer erranen zenioke euskaldun berri bati edo euskara ikasi nahiko lukeen bati?
Euskarak bizirik iraun dezan, euskaldun berrien beharra bada, eta ez da gauza ederragorik euskara ikasten duen bat baino. Euskara ikasten ari nintzelarik, biziki ahalketua nintzen. Eta, azkenean, halako sentimendurik ez da ukan behar; ez da erraza, ez, baina gure ekarpena egiten diogu euskarari, Euskal Herriari. Euskaraz aritzea beti da garrantzitsua. Euskara ikastea prozesu gogorra, luzea eta akigarria izan arren, beste hitz bat, beste formulazio bat edo beste aditz bat ikasten dugun aldi oro, hastapenean baino gehiago jakinen dugu! Tunelaren punta ikusten ez badugu ere, oroitu behar da nondik hasi garen, eta hastapenetik hobekuntzak baizik ez direla izan. Egun batez harro izanen dira, erranaldi oso bat eginen dutelarik eroso sentituz, Herri Urratsen eta halakoetan txanda osoa euskaraz eginen dutelarik, edo euskaraz lan eginen dutelarik... Indar guziak saritzekoak izanen dira egun batez, eta momentu hartan harrotasuna nagusituko zaizkie zailtasunei. Euskarari egiten diogun ekarpen oro, ttipia izanik ere, ezinbestekoa da.
Zuk euskara egunerokoan erabiltzen duzu orain, baita plazan eta jende aitzinean ere. Irratian kazetari zara, Amikuzeko libertimenduan zirtzil…. Baina bada euskaldun berrien artean lotsa jende aitzinean hitz egiteko, ezta?
Bai. Ene esperientzia baizik ez da izan, baina uste dut Euskal Herrian sortu garenok badugula konplexu bat. Ez dugu euskara ematen, betiko euskaldunak ditugu parean, eta hori lotsaz bizitzen dugu. Uste dugu ezin diegula hitz egin, ez baitugu haien maila. Alta, Paristik, Bordeletik, edo urrunetik jiten direnek lotsa gutiago dute. Iruditzen zait erraztasun handiagoa dutela euskaraz hitz egiteko, nahiz eta kili-kolo ari diren, nahiz hutsak egiten dituzten. Hasieran hori zitzaidan zailena, plazan euskaraz aritzea: besteen begirada, eginen nituen hutsak, zer pentsatuko duten... Azkenean, zalantzan ezartzen nuen euskara emateko zilegitasuna.
Zure kasuan, nondik jiten zitzaizun lotsa?
Desberdintzen ditut euskaldunak eta euskaltzaleak. Ipar Euskal Herrian, behintzat, badira euskaldun anitz, etxean edo sail elebidunean ikasten dutenak, baina ez direnak baitezpada euskaltzaleak, ez direnak euskararen alde borrokatzen. Adibidez, ni Zuberoan handitu naiz, eta Zuberoan badira euskaldunak, baina anitz ez dira euskaltzaleak. Eta uste dut euskaltzaleak bihotz onekoak direla: sentitzen dute norbaitek euskara ikasteko enbeia baldin badu edo motibatua bada, eta lagunduko dute, euskaldun batzuek egiten ez duten bezala. Euskara ikasten ari nintzelarik, euskaraz aritzeko lekuak hautatzen nituen; badakit, adibidez, hasieran zaila zitzaidala euskara ematea Zuberoan nintzelarik.
Euskarak ateak ireki dizkizu?
Bistan dena. Egunero ateak irekitzen zaizkit euskarari esker. Euskarari esker hasi naiz lanean, lagunak ezagutu ditut, Amikuzeko libertimenduan parte hartu dut aurten, gaztetxean... Urratsez urrats ateak irekitzen zaizkit.
Euskal Irratietan lanean ari zara, Irulegiko Irratian, besteak beste. Alta, kinesiterapeuta izateko ikasketak egin zenituen. Nola iritsi zinen kazetaritzara?
Lizeotik landa, medikuntzara sartzeko azterketa pasatu nuen, gogo berezirik gabe. Behin pasatuta, kinesiterapia ikasketetan segitu nuen. Bost urtez egin nituen ikasketak Bordelen, eta diploma lortu nuen 2023an. Ikastaroak egin nituen, eta, ikastaroak egin arau, ohartu nintzen ez nuela plazerik hartzen eta ez nuela kinesiterapauta izan nahi. Beraz, AEKren ikastaroa estakuru bat izan zen pausa bat egiteko.
«Egunero ateak irekitzen zaizkit euskarari esker. Euskarari esker hasi naiz lanean, lagunak ezagutu ditut, Amikuzeko libertimenduan parte hartu dut aurten, gaztetxean...»
Eta ondotik?
Ikastaroan anitz idazten genuen, eta arlo anitz landu genituen: podcastak grabatu genituen, elkarrizketak egin... Ohartu nintzen idaztea maite nuela, eta jendea ezagutzea ere bai. Ikastaroaren bukaeran segur nintzen euskaraz segitu nahi nuela, eta praktikatu behar nuela. Ordu hartan, pentsatu nuen hedabide batean lan egitea izan zitekeela euskara praktikatzeko aukera onena. Motibazio gutunak bidali nituen Ipar Euskal Herriko hedabideetara, eta Euskal Irratietatik erantzun zidaten. Prest agertu ziren gazte bat enplegatzeko, euskaldun berria. Konfiantza osoa eman zidaten. 2024ko irailean hasi nintzen Irulegiko Irratian. Eta mementokotz horretan segitu nahiko nuke, ahalaz, kazetaritza formakuntza bat eginez.