Nork erranen zuen bizikletaren sorreraren berri euskaraz eman zenik? Bada, Le Reveil Basque aldizkarian, 1893ko artikulu batean, hala kontatu zuten: «Velocipe hokin kurritzea ez da bakharric joseta bat; soldadoen artean berean usaya hori hedatuz doha, gueruago eta guehiago, halaco guisaz non, edo zoin guerla demboraz, kurrida mota horrec zerbitzu handienac ekhar baiteizazke. Norc daki? Egun batez, menturaz, ikhussiren dira, zaldiz bezela, soldadoac gudukan velocipeden gainean». Imanol Murua Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritza irakasle eta ikertzaileak aztertu du aldizkari horretan agertutako euskarazko edukia, eta liburu bat ondu du euskarazko kazetaritzaren hastapenak markatu zituen aldizkariaz: Biba gorriac! (Pamiela, 2025).Â
Euskarazko kazetaritzaren hatsarreez ikertzen hasi zen Murua, eta uste du euskarazko kazetaritzaren historian hedabideen historia landu dela gehienik. «Hedabideen istorioa nolabait egina dago, gehiago landu da arlo hori, baina hedabide horiek argitaratu zituzten edukiei buruzko ikerketa ez da hainbeste egin kazetaritzaren ikuspegitik. Zer egin zen, nola egin zen... Hori izan da nire ikerketaren abiapuntua», kontatu du. Hor ohartu zen «maiztasun» batekin euskaraz argitaratu zuten lehen aldizkarietako bat izan zela Le Reveil Basque: ele biz zen —frantsesez eta euskaraz idazten baitzuten—, Pauen argitaratzen zen, eta zortzi urteko ibilbidea izan zuen, 1886tik 1894ra. «Baionan argitaratu zen Eskualduna aldizkariari buruz gehiago ikertu da, luzeago iraun baitzuen eta ondare oparoagoa utzi baitzuen, baina Le Reveil Basque pixka bat lehenago hasi zen, eta iruditu zitzaidan merezi zuela azterketa zehatza egitea, euskarazko kazetaritzari Le Reveil Basque-k egin zion ekarpena ezagutarazteko». Martial Henri Berdoly izan zuen zuzendari, baina albiste gehien-gehienak ez ziren sinatu. «Ondare oparoa utzi dute, baina ezin jakin nor ziren».Â
«Kazetaritza idazkeraren aldetik, euskaraz ulergarritasuna zuten helburu, hizkuntzaren ikuspegi praktikoa zutelako, eta, hortaz, frantsesezko maileguak egiteko arazorik ez zuten. Testu aberatsak ziren, baina kazetari sena agerikoa da: argitasuna, zehaztasuna...»
IMANOL MURUA Irakaslea eta ikertzailea
Hizkuntzaren aldetik, esplikatu du testu gehien-gehienak nafar-lapurteraz idatziak zirela, eta baten bat zubereraz. Muruak uste du nafar-lapurteraz idatzi zuena luma bat eta bakarra zela, baina ezin baiezta. «Kazetaritza idazkeraren aldetik, euskaraz ulergarritasuna zuten helburu, hizkuntzaren ikuspegi praktikoa zutelako, eta, hortaz, frantsesezko maileguak egiteko arazorik ez zuten. Testu aberatsak ziren, baina kazetari sena agerikoa da: argitasuna, zehaztasuna... Eta hiztegi berria ere erabiltzen zuten, euskaraz baliatuz, velocipede bezala». Egiteko moldeari buruz, erredakzio «xumea» zela erran du Muruak, eta Frantziako prentsan oinarritutakoak zirela informazio gehienak. Halere, hurbileko gaiak bertatik bertara jasotzen zituztela hauteman du ikerlariak, eta lehen pertsonan idatzitako kronika batzuk ere bazirela zehaztu du. «Adibidez, euskaldunez osaturiko espedizio bat izan zen Parisen, 1889ko Nazioarteko Erakusketara; han inauguratu zuten Eiffel dorrea. Lehen eskutik kontatua da kronika hori».Â
Kazetaritza ideologikoa
Le Reveil Basque Frantziako III. Errepublikaren aldeko aldizkaria zen; gorria. Muruak azaldu du politika kazetaritza zela kazeta horren berezitasuna. «Indargunea kazetaritza politikoa zen: politikari buruzko informazioa ematen zuten, Frantziako Errepublikaren ikuspegitik, baina Euskal Herrirako egina zen. Pauen argitaratzen zuten, baina haien ikuspuntu politikoa eta erreferentziazko lurraldea Frantzia zen. Hirugarren Errepublikako gorabehera politikoei buruzko informazio zehatza ematen zuten, bai frantsesez, baita euskaraz ere». Aroen arabera aldakorra izan da euskarazko produkzioa: batzuetan gehiago, besteetan gutiago. Frantziara begira idatzia zen, halere: «Biba Frantzia! Biba Errepublika! irakur zitekeen bertan, baina baita Biba Euskal Herria ere, zeukaten ikuspegian ez baitzen bateraezina, Frantziaren baitan kokatzen baitzuten euren burua», zehaztu du Muruak.

Askotan, «informazioa eta iritzia» nahasten zituen garai hartako prentsak, eta hala izan zen Le Reveil Basque-en ere. Marie-Andree Ouret Bilketa artxiboko kudeatzaileak esplikatu du 1880ko hamarkadan kazeta berri anitz agertu zirela, Prentsaren Askatasunaren Legea zela eta. Le Reveil Basque-n helburua «propaganda» zela kontatu du Ouretek. Urte bat berantago, hain zuzen ere, Eskualduna sortu zuten, ele biz hori ere, baina xuria. Izan ere, Eskualduna aldizkaria Le Reveil Basque kazetaren «erreakzioz» sortu zela esplikatu du Muruak. «Nahiko berria dena da gai guziak euskaraz lantzeko nahikaria zutela biek, eta Parisen gertatzen zena euskaraz baizik irakur ez zezaketen irakurleei helaraztekoa. Le Reveil Basque izan zen horretan aitzindari, eta, segur, horretarik inspiratu zen gero Eskualduna», adierazi du Ouretek.Â
«Nahiko berria dena da gai guziak euskaraz lantzeko nahikaria zutela biek, eta Parisen gertatzen zena euskaraz baizik irakur ez zezaketen irakurleei helaraztekoa. 'Le Reveil Basque' izan zen horretan aitzindari, eta, segur, horretarik inspiratu zen gero 'Eskualduna'»
MARIE ANDREE OURET Bilketa artxiboko kudeatzailea
Garai hartako giro politikoaren ispilu izan zen bi kazeten arteko gatazka. «Eskualduna-ren eta Le Reveil Basque-ren artekoak tentsioak baino zerbait gehiago izan ziren, irainak eta... Elkarri erreferentziak egiten zizkioten, gezurti deituz batak besteari... eta hauteskunde garaietan areagotzen zen hori», erran du Muruak. «Eskualduna-k hautagai zuriak sostengatzen zituen, eta haien aldeko kanpaina egiten zuen, eta Le Reveil Basque-k, hautagai gorrien aldekoa». Preseski, agerkari bakoitzeko zuzendariak hautagai politiko aurkariak ziren: Berdoly Le Reveil Basque kazetako zuzendaria Mauleko hautesbarrutiko hautagaia zen Frantziako Asanblearako, gorria; Eskualduna aldizkariko nagusia, berriz, Louis Etxeberri, barruti bereko hautagai xuria zen.Â
Le Reveil Basqueri so ezarriz berriz, agerikoa da askotariko gaiak tratatu zituztela euskaraz, Muruak esplikatu duenez. Frantziako Asanbleako eztabaiden berri euskaraz eman zuten, bereziki Euskal Herriko politikariak zirenean. Herriz herriko informazioa frantsesez izaten zen gehienetan, baina auzi judizialei buruzko testuak, adibidez, frankotan euskaraz izaten ziren; Ortzaizeko apaiz bat epaitu zutenekoa lekuko. «Mundu zabalean eta Frantzian gertatzen zenaren berri ere» euskaraz ematen zuten. «Euskarazko prentsan pederastia kasu baten berria eman zuen lehena izan zen Le Reveil Basque», gehitu du Muruak. Halaxe zioen orduko albisteak: «St-Medard eta CĂ®teaux deitzen diren tokietan badire bi eskola zoinetan fraide batzuec hartzen eta altchatzen baitituzte haur itsuac eta elkor-mutuac. Duela zonbait egun, yakina izan da eskola horietan egiten zela zikinkeria frango, eta fraide zonbait izan dire preso hartuac; bertze batzu eskapatu izan dire, dudarikan gabe zaragoilac ez garbi izanez. [...] Horra beraz nola zenbait fraidec pratikatzen duten garbitasuna! Gaicho haurrac!». Bestalde, Parisen egin zen lehen Maiatzaren Leheneko manifestazioaren eta istiluen berri ere eman zuten euskaraz.Â
Bilketa atarian kontsultagarri dira ale guziak. XIX. mendetik XX. mende erdialdera arteko artxibo andana bat numerizatuak dituzte webgunean, eta edonorendako ikusgai dira. «Garai hartako prentsak garai hartako gizartearen eta jendeen egunerokoaren berri ematen du, eta lehen eskuko informazioa da, izugarri aberatsa», erran du Ouretek. Zehaztu du bilaketa zehatzak egin daitezkeela, eta hitz bat xerkatuz gero aldizkari horietako agerpen oro ikusten ahal dela. «Helburua da ondare hori ezagutaraztea, eta herritarrentzat eta profesionalentzat baliagarri izatea».Â