Liza Callaert (Lille, Frantzia, 1980) Angelun bizi da, musikaria da, eta Emmanuelle Duguet eta Frederique Lamblin ttipitako lagunekin performance gisako ariketak egiten hasi da. Elkarrekin, abentura bat baino gehiago bizi izan dituzte, betiere militantzia, poesia eta artea elkarrekin uztartuz. Aldi honetan, Afganistango emazteek pairatzen dituzten debekuen kontatzea hautatu dute, hango testuen irakurketa bat proposatuz. Lehen aldikoz Euskal Herrian emanen dute ikusgarria, azaroaren 6an, Hazparneko Ttattola gaztetxean, 19:00etan.
Afganistango emazteen egoera aipatzen duen emanaldia muntatu duzue hirukotean. Zerk ekarri zintuzten gai horretara?
Hastapenean, duela hamar bat urte, Frederique Lamblinek batu gintuen Emmanuelle Duguet eta hirurak. Frantzia iparraldetik heldu garenez hirurak, han hasi ginen idazlanei buruzko tailerrak eta lanak egiten. Behin idazlan horiek landuta, musikarekin eta tinduarekin nahasten genituen. Orain, bakoitza pixka bat mugitu da: bat oraindik Lillen dago, bestea Naonedera (Bretainia) joan da, eta ni Euskal Herrira jin naiz. Oporretan elkartu gara berriz hirurak, eta halakotan beti xerkatzen dugu manera bat gure ondoko abenturaren diruztatzeko. Kausa militanteei eta engaiatuei sentsibleak garenez, maite dugu olerkigintzaren inguruan mezu baten zabaltzea. Erraterako, feminismoaren eta erbestearen inguruan lan egin izan dugu. Horrela erabaki genuen Afganistango emazteek idatzitako olerkien irakurtzea, hitzik ez dutenen ahotsak eramateko.
Leili Anvarek egindako antologia batetik abiatu zarete. Nola eraikitzen duzue ondotik performancea?
Testuaren inguruko elkarrizketa bat eramaten dugu aurretik, hala ere. Sorkuntza prozesu bera segitzen dugu, baina inprobisazioari leku handia uzten diogu. Usaian, Frederique hasten da testua irakurriz eta ni hasten naiz hitzez jabetzen. Testuaren arabera sentitzen ditudan emozioak barneratzen ditut, ondotik biolarekin zer joko dudan hautatzeko. Ez naiz gehiegi beretako mintzatuko, baina Emmanuellek pixka bat ber egin moldea du. Testua entzutean, sentitzen duenak gidatzen du. Zein arte mota erabiliko duen ere erabakitzen du testuak, tindatzeaz gain, zizelkatzen eta lurra lantzen duelako.

Inprobisazioa anitz erabiltzen duzuenez, errepikak bereziak dira, ezta?
Hausnarketarako eta birpentsatzeko uneak izaten dira errepikak. Taula gaineko lanaz arduratzen gara gehienetan. Baliatzen gara gure mugimenduak eta urratsak lantzeko. Jantziei ere garrantzia ematen diegu. Ni musika klasikotik nator, eta mundu horretan denak beltzez janzten gara taula gainean, argitan ezartzeko gure artea, eta ez gure gorputza. Baina gure lanean, ez ditugu gure gorputzak ikusezin bihurtu nahi, ez dugu ikusezin bezala agertu nahi. Orduan, gure erronka da mezu bat taula gainean ematea, eta hori jantzien bitartez ere egiten da. Baina, gehiegizkoa izan gabe, ez garelako Afganistango emazteak. Gogoeta oso bat eraman dugu horren inguruan: ez gara Afganistango jantziekin beztituko, ez dugu Afganistango musikarik joko, ez dugu Afganistango artea ebatsiko, baina hango olerkiak irakurri eta ezagutarazi nahi ditugu.
Oreka bat atzeman behar da estereotipoetan ez erortzeko.
Guk pentsatzen dugu horretarako molde hoberena dela guhaur izatea taula gainean, gurea eginez. Baina beharbada estereotipoak gara gu ere, posible da. Hirurok 40 bat urte ditugu, artistak gara. Badago Frantziako artisten klixea, feministena, boboena. Klixe bat izan gaitezke, baina inportanteena horretaz kontziente izatea da. Garenak gara, ez gara ari erraten denek maitatu behar dutela gure proposamena. Guri inporta zaiguna da olerki horien irakurtzea, ezagutaraztea, gure maneran. Adibidez, Frantzia iparraldean, frantsesa ez zekiten pertsona batzuekin idazlan tailerrak eraman genituen eta tailerrean parte hartu zutenen poemak irakurri. Afganistango poemak irakurtzen ditugun bezala. Aise arriskutsuago ikusten dut saiatzea gauza baten bereganatzea, hainbat kode berriz hartuz... Bereganatze kulturala da halakoetan. Guk gurea egiten dugu, gure artearekin.
«Klixe bat izan gaitezke, baina inportanteena horretaz kontziente izatea da. Garenak gara, ez gara ari erraten denek maitatu behar dutela gure proposamena. Guri inporta zaiguna da olerki horien irakurtzea, ezagutaraztea, gure maneran»
LIZA CALLAERT Musikaria
Lehen emanaldietatik nolako harrera egin dizue publikoak?
Publikoarekin harreman hurbila ukan nahi dugu, ikusgarria aitzin eta ondotik. Lehenago, gure desmartxari buruzko sarrera bat proposatzeko, eta ondotik, justuki, publikoaren sentsazioen biltzeko. Lehen emanaldian, adibidez, erran ziguten informazio gehiegi zegoela taula gainean; jantzi eta mugimenduei zegokienez bereziki. Hirurak batera ari gara, bakoitza bere artean, eta arreta asko galdegiten du informazio desberdinak errezibitzeko eta barneratzeko. Anitz laguntzen gaitu jakiteak publikoak nola hartzen duen. Orain, publikoarekin trukatze horiek ukan eta, sentitzen dugu bide onetik goazela, aipatzen segitu behar delako, jendea sentsibilizatu behar delako. Gaur egun, Afganistanen emazteak ez dira ateratzen ahal, ez dira publikoki mintzatzen ahal, ez dute leihotik begiratzen ahal... Izugarri grabea da han gertatzen ari dena. Bide beretik, Afganistango emazteen egoera aipatzean, beste herrialdeetako emazteen egoerarekin lotura egiten dugu.
Lehen aldikoz Euskal Herrian eta gaztetxe batean emanen duzue ikusgarria; berria da zuentzat. Nola sentitzen zarete?
Ez dugu baitezpada beldurrik edo erreakzio zehatzik goaitatzen. Agian hizkuntzarekiko kezka dugu pixka bat, frantsesez irakurtzen ditugulako testuak. Maleruski ez da euskarazko itzulpenik testu horientzat. Espero dut ulermena eta partekatzea erraza izanen dela. Badakigu, halere, gure taula gaineko performancea aski berezia dela: arte abstraktua proposatzen dugu, eta jendea harritua gelditzen ahal da. Uste dut, dena den, publiko nahiko irekia ukanen dugula, eta, preseski, aski kuriosa naiz ikusteko zer-nolako trukaketa ukanen dugun.
 
    