Alys Cretier: «Ez dugu lur komuna erromantizatu behar»

Alys Cretier antropologoa Zuberoako lur komunen erabilera aztertzen ari da. Azpimarratu du lurralde bakoitzak kudeaketa sistema propioa duela, eta ezin dela sistema bat beste testuinguru batera zuzenean eraman.

Alys Cretier, Atharratzen. GUILLAUME FAUVEAU
Alys Cretier, Atharratzen. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alys Cretierrek (Aosta, 1997) Lausanako Unibertsitatean egin du tesia, Geografia eta Iraunkortasun Institutuan. Antropologian trebatua da, eta orain geografoen laborategi batean sartu da: Zuberoako lur komunen erabilera aztertzen ari da bertan, sistema horren etnografia zehatza egitea helburu. 

Zertan oinarritzen da zure tesia?

Zuberoako kaiolar edo lur komunen erabilera eta kudeaketa aztertzen dut. Commoning —lurra kudeatzeko auzolana— prozesuaren etnografian oinarritzen da. Hau da, kaiolarretan sortzen diren lankidetza mekanismoetan, hainbat pertsonak batera erabiltzen dituztelako. Zuberoan, kaiolar batzuk zenbait artzainen artean kudeatzen dituzte: badira bi artzainek erabiltzen dituztenak, baita hemezortzik erabiltzen dituztenak ere. Guztira 43 kaiolar daude, eta, beraz, askotariko egoerak eta kasuak daude.

Zer lortu nahi duzu ikerketa honen bidez?

Europako lur komunen inguruko ikerketa historikoak elikatzeko asmoz egin dut. Hainbat eskualdetan, batez ere mendialdekoetan, baliabideen kudeaketa eta erabilera kolektibo hori aurkitzen dugu. Beraz, helburua sistema horren etnografia zehatza egitea da, gaur egun gizarte zientzietan lur komunen inguruan egiten den azterketa zientifikoa elikatzeko. Izan ere, iraganetik, Erdi Arotik eta are lehenagotik, jasotako instituzioak dira. Eta, funtsean, ideia da ulertzen saiatzea zer aldatu den, nola aldatu den, zerk eragiten duen gaur egun oraindik ere existitzea, eta gaur egun zein diren sistema hori arautzen duten mekanismoak.

Nola iritsi zinen Zuberoako lur komunen ikerketara, eta zerk piztu zizun sistema horrekiko interesa?

Nekazari ingurunekoa naiz, eta nire ibilbide pertsonalak gai honetaz interesatzera eraman ninduen, txikitatik parte hartu izan baitut, adibidez, baso kolektiboetako egur mozketetan, ureztatzeko ubideen mantentze lanetan... Tolosako Unibertsitatean antropologia sozialean egin nuen masterra, Aosta haraneko jabetza kolektiboko hiru sistema aztertu nituen. Paralelismo dezente aurkitu nituen bien artean, 1970eko hamarkadako funtzionamenduan. Beraz, gaur egungo egoera zein den ikustera etorri nahi nuen, eta landa eremuan murgiltzen saiatu, parte hartzaileak behatuz, kaiolar baten funtzionamendu kolektiboa ulertzeko. 

Masterreko lanean jabetza kolektibo hiru sistema aztertu zenituen Alpeetan. Zein antzekotasun eta desberdintasun ikusten dituzu Alpeetako ondasun komunen eta Zuberoakoen artean? 

Nik esango nuke gaur egun Zuberoan dagoen desberdintasun nagusia zera dela: larreak erabiltzeko eskubidea duena eta benetan erabiltzen dituena pertsona bera direla. Alpeetan, berriz, eskubideak sarritan alokatzen zaizkie komunitatetik kanpoko abeltzainei. Bestalde, antzekotasunei dagokienez, hainbat daude. Izan ere, ondasun komunetan sarritan txandakako sistemak aurkitzen ditugu zereginak betetzeko, bereziki Zuberoan. Artaldeen zaintza txandaka egiten dute artzainek, askotan ardi kopuruaren proportzioan: zenbat eta ardi gehiago izan, orduan eta zaintza egun gehiago egin behar dira, eta alderantziz. Gutxi gorabehera berdin funtzionatzen zuen Alpeetan ere, behintzat 1970eko hamarkadara arte. Gaur egun, ordea, Alpeetako larreak gero eta gehiago pribatizatu dira; txandakako sistema hori gero eta gutiago erabiltzen da. Hala ere, ureztatzeko ubideen kudeaketan adibidez, oraino erabiltzen da txandakako sistema hori. 

«Ideia da ulertzen saiatzea zer aldatu den lur komunen kudeaketan, nola aldatu den, zerk eragiten duen gaur egun oraindik ere existitzea, eta gaur egun zein diren sistema hori arautzen duten mekanismoak»

Nola funtzionatzen du zehazki Zuberoako lur komunen kudeaketa sistemak?

Zuberoako ustiategiaren egoitza izateaz gain, txotx bat ere izan behar da, hau da, erabilera eskubide bat. Txotxa norberarena izan daiteke, alokatu egin daiteke, edo, bestela, hitzarmen informal batzuen bidez, aldi baterako abeltzain baten esku egon daiteke. Baina, nolanahi ere, kaiolar bakoitzak txotx kopuru jakin bat du. Eta, beraz, transhumantzia egin ahal izateko, txotx hori eduki behar da. Hainbat egoera daude Zuberoan. Badira kaiolar batzuk oso abeltzain gutxirekin kudeatzen direnak, eta badira beste batzuk udako borda horren inguruan hemezortzi abeltzain biltzen dituztenak. 

Lur komunaren ideiak komunitatea eta elkartasuna ekartzen ditu gogora, baina lur komunak gatazken gune ere izan daitezke. Zein gatazka edo desadostasun aurkitu dituzu Zuberoan?

Ez dugu lur komuna erromantizatu behar. Askotan, lur komuna idealizatzeko joera izaten dugu, baina gertutik begiratzen dugunean, benetan ikusten dugu gatazkak adierazteko gune ere badirela. Esaterako, desadostasunak izaten dira abeltzain batek artaldea bazkatzeko duen moduaren eta beste abeltzain batek duenaren artean. Txotxen inguruan ere eztabaidak egoten dira batzuetan, bereziki txotxen jabeen eta txotxak alokatzen dituztenen artean. Hala ere, lur komunen helburu nagusia iraun dezan lortzea da, desadostasunak egon arren. Horrek ez du esan nahi gatazkarik batere ez dagoenik; esan nahi du, besterik gabe, kolektibo gisa jarduteak banaka jarduteak baino onura gehiago ekartzen dituela. Hori da askotan aurkitzen dugun diskurtsoa. 

Uste duzu Zuberoako lur komunak eredugarriak direla?

Egia esan, zaila da alderatzea, sistema bakoitzak bere historia baitu, bere lurralde koherentzia propioa, eta ezin da sistema bat beste testuinguru batera zuzenean eraman. Zuberoan ikusten duguna da funtzionamendu kolektibo horrek iraun egiten duela. Funtzionamendu kolektiboa aldatu egin den arren, iraun egiten du, eta garai berrietara egokitzen ari da orain ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA