Egunotan berriz aipatu da GAL taldea. Baionan prentsaintzineko bat eman dute larrazken honetan, berrogei urte eginen baitu GALek Monbarren lau iheslari hil zituela. Lau gazte horietarik bat, Potros, Baionako presondegian egona zen nirekin batean. Askatu berria zen hil zutelarik. Zenbait urte lehenago, Kaietenea ostatu famatuan tabernari lanetan ari zen Kattu ere GALek hil zuen lehenetariko iheslari gaztea izan zen.
Bi mutiko horiek bereziki ezagutu nituen. Egoera desberdinetan, baina laguna bata: Kattu; eta, bestea, Villa Chagrin Baionako presondegiko promenadetako metro koadro hertsietan hazi hurbiltasunarekin: Potros.
Prentsaitzinean iragarri omenaldiak, eta hor ziren bi emazteen lekukotasunek barnetik harrotu naute. Orduko oroitzapenak eta bizipenak berriz gogoratu ditut.
Ihintzak eta Argik bi elkarrizketatan arras hitz zuzenak erabili dituzte garai hartan abertzale mugimenduak bizi izan zuenaren adierazteko.
Izugarriko egoera bortitza bizi izan du Iparralde honek ere denbora hartan.
Beldurra beti ea nor izanen zen hurrengoa... Beldurra karrikan, ostatuan. Beldurra lagunendako.
Argiri aita hil zioten, eta ikaran amarendako. Ihintzak aita falta, gorderik atxiloketari eta GALi ihes egiteko...
«Beldurraren gainean idatzi dugu gure bizia, eta hori gelditzen da. Segurtasun falta bat, etengabea...». Erranaldi horrekin laburbiltzen du Ihintzak anitzek pairatutakoa.
Bai, gogoratu behar dugu ordukoaz, transmititu gaurko belaunaldiari eta kokatu testuinguru orokorrean. Eta kronika honetan berean, berriki Pantxix Bidartek aipatutakoaren haritik... Bai, herri kolonizatua gara! Ez duk dudarik!
Potros, Kattu eta hainbeste gizon eta emazte militantek duela aspaldi hasi askatasunerako borroka oroitu dezagun, hobekiago egokitzeko gaurko panoraman.
Eta nik hitz hauekin lekukoa utziko diot beste bati: barka gaizki erranak, eta zaindu herria.