Abertzaleak boterean Iparraldean? Jada, ezin da halakorik onets! Hona frantses fededunak lauhazka jiten zaizkigula egoerari buruzko beren ezinegonekin.
Orain arte, izan eskuin ala ezkerreko, beren burua progresista daukatenen kasuan bereziki, abertzaleak, euskaltzaleak eta herri mugimenduetan aktiboak diren jendeak faire-valoir gisa baliatzea aiher izan dute. Faire-valoir hori ez dakit nola eman euskaraz: nola erran giderra duenak norbait hartzen duela haren balio sinboliko ala errealen bere alde biltzeko, azken hori denbora berean botererako lehian neutralizatzeko, eta agian kamusteko eta otzantzeko. Perpausa hitz bakar edo biez erraiteko proposamenik bazenute, hartzaile naiz.
Buru gelditzen denari, euskal tindu ohoragarri bat ematen dio, abertzaleek mahai gainean ezarri gaien erantzuleak haratago izendatzeko balio du, eta ardurak urruntzen ditu komodoki.
Gertatu da ustekabea! Botere guneetan sartzen ari dira, eta betiko puxantak bigarren planoan ezartzeko ahalak izanen lituzkete —beraiek hala egiten zutena orain arte lasaiki—.
Ondorioa ikusteko gisan gara: euskarari eta abertzaleek aitzinatzen dituzten gaiei buruzko kontrako frentea osatuko da eta goraki mintzatzen hasia da jadanik, adibidez prefeta, Brisson, Lasserre edo Ezenarro baten ahotik. Kontrako frentea beti izan da, aurpegi gisakoarekin azken hamarkadan, aldaketa aurpegian ikusiko da, eta aurpegian betiko barne beltza da ikusiko.
Tolerantzia zena beren boterea durduzatzen ez zueno, orain etsaigora pasatuko da. Errepublika, frantses biztanle guzien berdintasuna legearen aitzinean, dudan ezin emanezko jakobinismoa, ezkutu eta arranbel baliosak izaten ari dituzte.
Garaiak garai, mugak non diren ikasi behar dugu.
Ikastola berri bat Amikuzen erakunde publikoek eraiki zezaten gabiltzaneko anekdota bat ohartarazten dit. Aurrefabrikatuak lurrera zihoazen, eta hautetsiak, izan herrietako, departamenduko, eskualdeko ala diputatu, denak pasarazten genituen haien artetik, ikus zezaten zein zen egoera. Emeki-emeki ilegala izan behar zena egingarri bilakatu zen, behar ziren formak emanez. Orduko diputatu sozialista batek bota zuen ateraldia, erakutsiz pentsaeraren malgutasun nibel polita, ezin zena egingarri egiterako bidean: «Legala, ilegala ez da gaurko solasa, hau izatekoz alegala da».
Ber gauza ikusten ari gara 2028ko dekretu batek legeztatu behar dukeen euskarazko baxoaren gaian. Aurtendik onartzen ahal omen da, aho iskinetik aitortu ei dute posibilitatea, ilegala zitekena, ez-legala zirrikitu batean ezarriz, hau ere alegala bihurtuz. Halere, hau idazten ari giren tenorean, ez dakigu hala gertatuko den, ikus eta sinets izanen da. Hau da alegalaren patua.
Legeak ez du debekatzen, ez du onartzen ere, hona gure tokia, alegaltasuna!
Egoera edo giroa alde izan ala kontra, gu faire-valoir izan ala ustezko botere zerbaitetan, legalki gure gaia ez da aitzinatzen. Kausitzen duguna da, ematen ahal dugun presioaren arabera, haiek beren legaltasuna dudan eman gabe, onartzen dutela zuzenez zor zaiguna gune alegal batean ezartzea. Ea Sisiforen gisara, belaunaldia belaunaldiaren ondotik, beste legalitate baten aukera gertatu artean, alegal grisean aitzinatzera lortzen dugun !
Kantuak dionaren gisara: «Eman zitzaigun eztia, ezpata beten puntan dago jarria».Â