Eleketa

Faxismoaren posibilitatea

Aines Hariztoi
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Immigrazio legea aldarrikatu dute. Legebiltzarren arteko joan-jinetan, Vincent Bru, Max Brisson eta Denise Saint-Pék testua onetsi dute lotsarik gabe. Eskuineko zein zentroko politikari gehienek bezala eskuin muturrerantz doan malda irristakorrean hanka sartu dute. Konstituzio Kontseiluak artikuluen herena zentsuratu du. Eskerrak. Migrazio-kuotak edo familia-bateratzearen gogortzea ez dira berehala indarrean sartuko.

Langile migratuentzat neurriak zorroztuko dira. Paperik gabekoei aldi bateko egoitza-txartelak hitzemanen zaizkie, baldin eta tentsioan dauden lanbideak betetzen dituzten. Plataformetako langile gisa aritzeko ere, baimen ofiziala galdegin beharko dute. Aldi berean, langile irregularrak dituzten enpresen aurkako zigorrak indartuko direla diote, lan ilegalaren aurka borrokatzeko omen.

Erregularizatua izateko, paperik ez duen langileak lan oro onar dezake. Zaurgarritasun egoeran izanki, esklablotzara lerratzeko arriskua alimalekoa da. Lan Ikuskaritzak abenduan sindikatu eta elkarteei eskaini formakuntzan kasu izugarri asko aipatu zizkigun. Ez da dudarik neurri horiek egungo egoera larriagotuko dutela.

Lana eskubide bat da eta eskubideak ematen ditu. Alta, legeak Europako Batasuneko oinarrizko arauak zangopilatzen ditu. Jende orok askatasunez hautatutako lanbide batean lan egiteko dretxoari uko egiten dio. Atzerritarrek Batasuneko herritarren lan-baldintza baliokideak izateko eskubidea pikutara igortzen du. Azkenean, bigarren mailako langile klase bat izatea zilegitu du. Lege deplauki xenofoboa aldarrikatu dute, faxismoari atea zabal irekiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.