EHZ festibala abiarazi zuen taldekoa da Gilles Haran (Izturitze, 1966), eta gaur egungo antolatzaile eta permanentea da Kattina Haran (Izturitze, 1997). Aita-alabak dira, eta barne-barnetik bizi dute festibala. Biek dakite zer den permanente izatea eta festibalaren gorabehera eta ustekabe guziak kudeatzea. 30 urteko ibilbideari so egin diote elkarrekin; testuingurua aldaturik ere, EHZ oraindik ere euskal gazteriaren tresna dela pentsatzen dute.
Memoria ariketa bat... Zein da EHZn elkarrekin bizi izan duzuen eta gehien markatu zaituzten oroitzapena?
KATTINA HARAN: Bizpahiru badira! Erranen nuke badela bat bereziki gogoan dudana. 2021ean, Irisarrin, festibalaren 25 urteen karietara egin genuen ekitaldian, lehengo laguntzaile eta permanenteak gonbidatu genituen oholtza gainera... Oroitzen zara?
GILLES HARAN: Bai! Eta badut argazkia. [Sakelakoan begiratu, eta erakutsi dio]
KATTINA HARAN: Denak igo ginen, hitzaldia egin nuen aita gibelean nuela... Oroitzen naiz oholtzatik jaustean biziki hunkitua nintzela.
GILLES HARAN: Baditut gauza anitz buruan. Kattina eta bere ahizpa ttipi-ttipitik enekin heldu ziren. Arduradun ohiok laguntzaileen txokoko sukaldean aritzen ginen; ogia mozten zuten han. Fite konprenitu zuten hor ginen guziek zerbait egin behar genuela festibalarendako. Eta, gero, kontzertuetara joaten uzten nituen, oren guziz elkartuz ikusteko dena ongi pasatzen zenetz. Konfiantza egiten nien, eta festibalak hori ekartzen du: gazteriari eta gazteriarengan konfiantza. Hori lehen hala zen, eta orain ere hala da. Finean, gauzak ez dira anitz aldatu.
Gilles, festibala sortu duen belaunaldikoa zara. Zerk motibatu zintuzten halako zerbait antolatzera?
GILLES HARAN: Lehen festibala egiteko 120 bat ginen, eta denen artean egin genuen. Garai hartan rock kontzertu anitz antolatzen genituen: euskal rocka biziki famatua zen. Baina ez zen gaur egun bezala; teknika aldetik ez zen hainbestekoa. Pixkanaka esperientzia lortu genuen, eta halako batean pentsatu genuen zerbait handiagoa eta potoloagoa egiten ahal genuela. Hola piztu zen ideia, eta erran behar da ez zela beste festibalik inguruan. Motibatu gintuena da ohartu ginela musika —kirola bezala— bide bat dela jendartea sentsibilizatzeko, politizatzeko eta maila sozialean eragiteko. Tresna bat bilakatzen da gure boza, Euskal Herriaren boza hedatzeko. Hori zen lehen-lehen helburua: Euskal Herriko boza izatea, borroka anitz eramateko. Ez dugu fitsik asmatu ere... Baina musikaren bitartez gai anitz barnatzen ahal dira.

Permanente izan zinen garaian, zer-nola zegoen festibala?
GILLES HARAN: Ez zen ordenagailu edo sakelakorik. Paperarekin egiten genuen dena; laguntzaileen lanpostuak banatzeko, hainbat eta hainbat paper genituen. Hiru egunez bost txanda baziren, eta dena idazten genuen paper gainean: gau eta egun ari ginen paperak moldatzen. Detaile bat da, baina oroitarazteko nola ari ginen. Bi permanente ginen, bata teknikaz arduratzen zena eta bestea komunikazioaz, administrazioaz eta laguntzaileez. Paper horiekin guziekin ari nintzenez, ez ditut sekula ikusi ez muntaketa ezta desmuntaketa ere, eta hori terriblea da. Festibala ezagutzen duzularik, ohartzen zara absolutuki egin behar dena muntaketa eta desmuntaketa dela. Hor duzu festibalaren bizia ezagutzen, hor duzu ulertzen beste mundu bat posible dela. Askatasuna gauzatzen da hor, duela 30 urte bezala gaur egun ere. Hor ohartzen gara gazte euskaldun gisa proiektu kolektibo bat egiteko gai garela. Ez gara ezdeusak!
«Festibala ezagutzen duzularik, ohartzen zara absolutuki egin behar dena muntaketa eta desmuntaketa dela. Hor duzu festibalaren bizia ezagutzen, hor duzu ulertzen beste mundu bat posible dela. Askatasuna gauzatzen da hor, duela 30 urte bezala gaur egun ere»
GILLES HARAN EHZren sortzaile taldeko kidea
Kattina, ttipitik ezagutu duzu festibala. Haur, nerabe eta gazte gisa, zer rol jokatu du zuretako?
KATTINA HARAN: Oroitzen naiz ttipidanik kontzertuak eta ikusgarriak ikustera abian nintzela bakarrik. Hain gaztetik eta bakarrik giro horretan murgildua izateak indarra sentiarazi dit. Gune segurua zela ere bai, jende desberdinez inguraturik. Programazioan ere gauza anitz baziren, zaintza sentitzen nuen arduradunen eta festibalariengandik... Eta horrek gogoa eman dit lagunak motibatzeko festibal hori elkarrekin egiteko. Ontsa da aitarekin, baina ontsa da lagunekin!
Orain, permanente zara... Gilles, nola hartu zenuen alabak EHZko permanente izanen zela erran zizunean?
GILLES HARAN: Ez zidan erran! Hola gertatu da. Ez dugu sekula aipatu: naturalki egin da, eta biziki ontsa hartzen dut! Harro naizela erraten ahal dut; bestenaz, ez litzateke normala!
KATTINA HARAN: Permanentzia hartu nuenean, ez nuen sekulako hausnarketarik ere egin; beharra bazen, eta kasik egunetik biharamunera egin da.
Duela 30 urte sortu zenutenean, pentsatzen zenuten hainbeste iraungo zuela?
GILLES HARAN: Pentsatu, ez; espero, bai! Erresilientea da festibala. Jendartearen harat-honatak segitzen ditu, eta beti egokitzen da: horregatik bizi da eta biziko da. Jendartearen biziarekin lotua da, errealitatean errotua da.
30 urte bete ditu aurten. Zertan da?
KATTINA HARAN: 30 urteen karietara, festibala plantan ezartzeaz gain, aitzinetik egin den lan guzia argitan ezarri nahi izan dugu. Beste elkarteei begira anitz gazte sartzen dira, xantza hori dugu, eta gazte horiei eskaini nahi diegu tresna horren oinarria edo sustraia aitzinera eramateko aukera. Egoera zaila da: errepresioa, prezioen gorakada... Baina mugimenduak segitzen du, laguntzaileak hor dira... Amikuzen gara, eta Amikuzeko harrera sekulakoa izan da, elkarteena, herriko etxeena, enpresena... Sentitzen da festibala biziarazteko gogoa; zerbait ekartzen dio gizarteari, Amikuzeri, Euskal Herriari. Gaur egun, gainera, Hego Euskal Herriko jende anitz heldu da, eta uste dut nazio mailako hitzordu bat bilakatua dela, eta horretaz biziki kontent gara.

Sortu zenetik, musika eszena aldatu da. Nola egokitu da festibala?
KATTINA HARAN: Aski luzaz, antolatzaileek bide zuzenak lortzen zituzten musikariekin, harreman zuzena bazen, eta hurbiltasuna musika taldeekin. Festibalaren proiektua esplikatzeko parada bazen, uler zezaten zein zen zentzua, zergatik etorri... Hori dena aldatuz joan da, eta aldaketa gero eta gehiago sentitzen dugu, euskal musikagintzan ere bai. Gehien-gehienetan bitartekariak badira, eta anitz zailtzen du harreman zuzena... Festibalak beti atxiki du harreman zuzena; oinarrizkoa da guretako: gure artean, laborariekin, herritarrekin, denekin... Musikagintzan aldaketa bat bada hor, problematikoa dena guretako, ez baita gure egiteko maneretan. Taldeek, bitartekari bat izanik, dirua dute solasgai bakarra.
GILLES HARAN: Bai, Euskal Herriko taldeen gogoetan ere sartua da: sosa dute aipagai.
KATTINA HARAN: Gainera, pandemiaz gero bada aldaketa handi bat Ipar Euskal Herriko musikagintzan, batez ere besta komiteekin. Besta oro sekulako kontzertuak badira, eta jendeak euskal musikarekin duen harremana aldatu da. Euskal mundutik kanpo ere jendeak euskal musika entzuten du... Gazteek euskal musika ezagutzen dute, mainstream-a bederen. Horrek konkurrentzia sortzen du guretako, prezioetan bai eta publikoaren aldetik ere bai. Motibazio bakarra kontzertuak entzutera jitea da, eta ez baitezpada proiektua ezagutzera. Hortaz, guk erabaki egin genuen izen ttipiagoekilako kontzertuak antolatzea, azpimarratuz ondoan den guzia: eztabaida xokoa eta plazaren berritasuna. Egunean zehar proposatzen dugun programazioa herrikoia da, eskuragarria urririk baita... Beste giro bat sortzen du. Besta egiteko beste manera bat da, ez dena kontsumitzailea, baizik herrikoia eta parte hartzailea.
GILLES HARAN: Eskaintza kulturala festibalaren ardatz bat da: denei irekia, eta, sustut, eskuragarria. Hori ere atxiki dute. Ez da kario, ikusiz inguruetako festibalen prezioa nolakoa den... Herrikoia da. Baina musikagintzan galtzen da pixka bat alde hori: anitz profesionalizatu da, eta teknika anitz behar da, eszena handiak... Jendartearen aldaketaren seinale da: denetan sosa da aipagai. Musikan ere ibilbidea egin nahi dute taldeek sosa irabazteko. Lehen, harreman zuzenak genituen; Fermin Muguruza eta Manu Chao lagunak genituen...
«Aski luzaz, antolatzaileek bide zuzenak lortzen zituzten musikariekin. Festibalaren proiektua esplikatzeko parada bazen, uler zezaten zein zen zentzua, zergatik etorri... Hori dena aldatuz joan da, eta aldaketa gero eta gehiago sentitzen dugu, euskal musikagintzan ere bai»
KATTINA HARAN EHZko antolatzailea
Instituzioekin eta inguruko eragileekin duzuen harremana ere aldatu da, ezta?
KATTINA HARAN: Halere, azpimarratu behar da instituzioei begira diru laguntza biziki guti dugula oraindik ere, gure aurrekontuaren %5 inguru. Baina bada zailtasun bat: gero eta gehiago begiratzen dute zer egiten dugun. Instituzio handietatik at, herritarrekin eta inguruko herriko etxeekin lanketa bat egiten dugu, batez ere Amikuzera joan garenetik. Amikuzera joan nahi genuen ezinbestean, eta herri bat hautatu behar genuen. Herritarrekin, komiteekin eta herriko etxeekin bildu ginen, eta urtero mantentzen dugu harreman hori. Bilkura publikoak egiten ditugu, eta Arberatzeko Herriko Etxeak lantalde bat sortu du gure laguntzeko. Harreman biziki on eta zuzena dugu. Bestalde, inguruko elkarteei materiala prestatzen diegu, eta horrek beste harreman bat ekartzen du. Galdetzen dugun gauza bakarra da xarta bat izenpetzea, eta xarta horretan galdetzen dugu elkarteek euskararen, ekologiaren eta erasoen kontrako arloetan konpromisoak hartzea. Horrek ekartzen du Iparraldeko elkarteetan balio horiek hedatzea.
GILLES HARAN: Gure garaian zaila zen; betiere testuinguruan kokatu behar da. Gehienak kostaldekoak ginen, eta kostaldeko kinkilak bezala ikusten gintuzten, gure pettenttekin... Probak egin behar izan ditugu.
KATTINA HARAN: Bai, guk ere bai... Eta jendea harritu zen da festibalak duen indarraz. Ikusten dute gazteak nola antolatzen diren, zer garbi uzten duten lekua, nola mintzo garen jendearekin...
Barnetik bizi duzue EHZ; kanpotik, zer da kanpotik ezin irudikatua?
KATTINA HARAN: Elkarren arteko harremanak. Lotura bat sortzen da denen artean, eta badakigu bat gabe ezin dugula egin, eta denek elkarrekin lortuko dugula. Ezin da sentitu ez baduzu bizi.
GILLES HARAN: Sarea. Ez da ohartzen ahal. Zure bizian, Ipar Euskal Herrian, abertzale mugimendukoa izan ala ez, festibaletik pasatu bazara, denetan ezagutza bat baduzu, eta denetan ezaguna zara. Kanpotik ezin da irudikatu.
EHZn sartu orduko, halako magia berezi bat sentitzen da. Zerk eragiten du giro berezi hori?
KATTINA HARAN: Ni ohartu naiz ez dakidala noiz hasten den festibala zehazki, lausoa da. Muntaketatik hor gara, eta ez naiz ohartzen noiz hasten den ofizialki. Duela guti ohartu nintzen 17:00etan zela irekiera. Hain da giro berezia, azkarra, ederra, zaila ere bai, intentsoa... horrek egiten du festibalean bakarrik sentitzen dela giro hori. Gainera, muntaketan ari gara jadanik lanean, eta horrek magia bat ekartzen du.
GILLES HARAN: EHZn zango bat sartu, eta fini, berantegi da, sartua zara giroan. Zaren bezala onartua zara: handia, ttipia, azkarra, ez azkarra, alferra, langilea, elbarritua... Zure lekua baduzu proiektuan. Ohartzen zara jendeak entzuten zaituela, eta hori harrigarria da, konfiantza ematen dizulako zure baitan. Jaten duzu nahi duzularik, lo egiten duzu nahi duzularik... Lana, aisialdia, plazera, lagunak... Askatasuna.
KATTINA HARAN: Hiru eguneko burbuila bat.