Euskaraldiaren txaparen xerka joan naiz. Euskaraz hitz egitearen engaiamenduaren funtsak, forma hartu du. Egun batzuk atxiki ondoan, maleruski, ene burua ikusi dut erdaraz hurbileko batzuekin. Hizkuntza ohitura, okinarekin aiseago aldatu dut, adiskideekin baino gehiago. Ezina ekinez egina... Paxka-paxka, beti zerbait irabazi da.
Solasean eskolatze denbora ikastolatik kanpo egin duen bikote batekin, haiek ere beren engaiamendua luzatu dute: irailean, alaba ikastolan emanen dute. «Ez dugu dudatu», zioten; «bisitatu ditugun bi eskolek (bata ikastola, bestea elebiduna) ez dute ezer ikustekorik», gehituz. «Ikastolan, haurren argazkia pareta ezberdinetan agertzen da, giro goxoa da, loaldia egiteko gela badute, ekipa gure ordutegiari egokitu zaigu, egoitza oihanez inguratua da, haurrek ondoan diren zalditokiko zaldiak ikusten ahal dituzte...». Horiek dira hainbeste preziatu dituzten elementuak. Eta hizkuntzak ez?
Lehen, ber perfileko buraso anitzek ikastolaren hautua egin izan zuten pedagogia fokutzat hartuta, orain, dirudienez, formak badu bere garrantzia.
Forma da funtsaren forma aitzinatuena, omen.
Baina funtsa gabe hala ere...
Paxka-paxka, beti zerbait irabazten da?