'Fuck' Parcoursup! Ipar Euskal Herrian ikasi nahi dugu!

2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikasturte bukaera da. Aro ona, azterketak eta estresa. Estres sobera. Hemezortzi urtez gure ikas prozesuaren iparrizarra izan denaren atarian gaude terminaleko ikasleak: baxoa. Berrikusketa, kontrol eta sintesi fitxa artean gabiltza luzeegiak diren programen azken gaiak korrika eta presaka lantzen. Eta hori guzia goi-mailako ikasketetarako txartela emanen digun diploma preziatua lortzeko. Alta, ekainean gure kopien aitzinean jarriko garenean, gutariko anitzek jadanik jakinen dugu ondoko ikasturtean nora joanen garen ikastera. Bordelen, Lillen, Montpellierren edo Parisen emanen ditugu gure ikasle urteak segur aski, eta zoriak bedeinkatzen bagaitu soilik, Baionan edo Angelun. Parcoursup plataforma frantsesa da hori erabakitzearen arduraduna.

Plantan ematen duen hautaketa arras klasista eta elitista da, funtsean Frantziako hezkuntza sistema guzia bezala. Plataforma honek Frantziako Estatuko punta guzietatik datozen ikasleak hartu eta sailkatzen gaitu, algoritmo eta irizpide arrunt arbitrarioak erabiliz. Zentzu honetan, frantziar eliteen fabrika gisa funtzionatzen du Parcoursupek. Plataforman iragaten diren hautaketa prozesuek duten gardentasun eskasagatik arbitrariotzat har badaitezke ere, aintzat hartzen diren irizpideek, hala nola jatorrizko lizeoaren sailkapenak edota motibazio gutunen idatzi behar izateak, hierarkia sozialak betikotzen dituzte, euskal ikasleak algoritmo elitisten esku utzirik.

Eta hori gutxi balitz bezala, sistema honen hautaketa elitistak indibidualismoa eta lehiakortasuna azkartzen ditu ikasleriarengan. Parcoursupen ikasleak sailkatzen dira notaren arabera, eta dosier perfektua ukaiteko badirudi bi urteko aitzinarekin eman behar garela. Gure «proiektuaren» eraikitzearen ardura eta ikasturtea kausitzearena pisu sobera izan ohi dira guretzat, eta Parcoursup eta hezkuntza sistemak horri manera kolektiboan erantzuteko tresnak eman ordez, nork bere zilborra begiratzea lehenesten dute. Beraz, argi dago euskal ikasleon beharrak eta interesak ez direla kontuan hartzen. Parcoursup gutaz futitzen da. Eta hori Ipar Euskal Herrian dagoen goi-mailako ikasketen eskaintza urriarekin batera ulertzen badugu, euskal ikasleok atzerriko hirietan bukatzera kondenatuta gaude, gure herriak, pixkanaka, gaztez hustuz.

Ez dugu atzerrira joan nahi. Ipar Euskal Herrian ikasi nahi dugu. Horretarako, gure lurraldeak heldu diren urteetan izanen dituen beharrak kontuan hartuz, arloz arlo ikasketa eskaintza emendatu behar da, goi-mailako ikasketak hasi nahi dituzten terminal guzientzako bezainbeste plaza bermatuz. Bertako ikasketetan hartuak izateko ipar euskal herritarrok lehentasunezkoak izatea nahi dugu; gure herrian ikasteaz harago, denok ez baitugu baliabiderik atzerrira bizitzera joan eta bidaia, etxebizitza eta bizitza kostuak gure gain hartzeko. 

Frantziako hezkuntza jakobinoak gure klaseetan bere inperialismo ezkutua azalarazten duen aldi oro, gure herrian eta gure hizkuntzan ikasteko eskubidea berresten segituko dugu. 

Ikasleok argi diogu: Fuck Parcoursup! Goi-mailako ikasketak Ipar Euskal Herrian, orain! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.