Garaziko gaztetxeak Zitadela karrika alaituko du udako ostegunetan

Udako Ostegunen hirugarren aldia abiatu zuten hiriko gaztetxeko kideek uztailaren 4an. Bi hilabetez, ostegun arrats oro, ekimen kultural bat proposatuko dute Zitadelako karrikan.

Garik emandako kontzertua Donibane Garazin
Garik emandako kontzertua iazko Udako Ostegunen aldian, Donibane Garazin. LORENTXA SARAGUETA
Donibane Garazi
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Udako Ostegunak ekitaldia abiatu dute Gaga Garaziko gaztetxeko kideek joan den ostegunetik. Izenak dion bezala, bi hilabetez, ostegun arrats guztiz, ekitaldi kultural bat proposatuko dute, Donibane Garaziko Zitadelako karrikan duten lokalean —pribatua da, kideak baitira jabe—. Gehienetan, kontzertuak izanen dira, baina bestelako ikusgarriak ere ikusteko parada izanen da, hala nola, antzerkiak. Uztailaren 4an abiatu zuten hirugarren aldia, Sons of Kentucky taldearen doinuekin. Atzo, antzezlan bat proposatu zuten, Plaza Hau Gureada, Ekidaren eskutik. Ostegunean, Mirabe taldea izanen da taula gainean.

Udako ostegunetan, hala, gaztetxeko ateak gaueko zazpietan irekiko dituzte, eta gauerdira arte irekia izanen da gunea. Bertan jatekoa eta edatekoa proposatuko dute. Ondoko ostegunetako emanaldiak hauek izanen dira: Anari, Ibil Bedi, Olaia Inziarte, Pantzo Irigarairen Pantzo Man Show, Fifita eta Gatu Bazka.

Badu orain hiru urte Gagak Udako Ostegunak ekitaldia antolatzen duela. Elkarteak 25 bat urte ditu, eta kideek ohitura dute hilabete pare bat irauten duten ziklo tematikoak proposatzeko. 2021ean antolatu zuten lehen Udako Ostegunen aldia COVID-19ak eragindako pandemiaren ondotik, gaztetxeko kideei eta Garazi eskualdeko jendeei hitzordu bat eskaintzeko gogoa baitzuten. Ekhi Perrier Gagako kideak azpimarratu du gaztetxekoentzat helburu nagusietariko bat dela jendea biltzea; bereziki, Donibane Garazi bezalako herri turistiko batean: «Turismoak hartzen du leku osoa; bereziki, udan, neguari konparatuz, non ez den deus ere ez. Eskaini nahi genuen espazio eta hitzordu erregular bat elkarrekin momentu goxo bat partekatzeko». Ekitaldi guziak denen eskura izanen dira, ekitaldi guztiak prezio librean baitira.

«Turismoak hartzen du leku osoa; bereziki, udan, neguari konparatuz, non ez den deus ere ez. Eskaini nahi genuen espazio eta hitzordu erregular bat elkarrekin momentu goxo bat partekatzeko».

EKHI PERRIERGaraziko gaztetxeko kidea

Abiapuntuan zuten gogoa betetzea lortu dutela pentsatzen du Perrierek: hirugarren aldia dute aurten, eta uste du «biziki harrera ona» izaten ari direla, «hein batean erantzuten» dietelako jendeek duten galde bati, antolatzailearen arabera «ez baita mota horretako beste eskaintzarik Garazin». Hasieratik izan dute harrera ona, eta nabaritzen dute arrakasta emendatzen ari dela, urtez urte gero eta jende gehiago eta ingurune desberdinetako publikoa agertzen delako.

Jendea elkartzeaz gain, elkarteko kideentzat aukera da gustuko dituzten artistak programatzeko, eta ikusteko, eta, aldi berean, oholtzan guti jotzen duten artistei publiko aitzinean jotzeko parada eskaintzeko. «Eskatzen digun edozein talde ongi etorria da. Gaztetxean aski musikazaleak gara, eta, beraz, edozein estilo edo proiekturi irekiak gatzaizkio», erran du Perrierek.

Udalarekin ika-mikak

Nahiz eta ekitaldi arrakastatsua izan, Donibane Garaziko Herriko Etxeak ez dio beti baikorki erantzun. Iazko aldiaren azken ostegunean, kontzertua ematen ari zirela, Frantziako Polizia joan zitzaien isun bat ezartzera, tenorez kanpo harrabotsa egiteagatik. «Horrek hoztu gintuen, sustut gero istorioa segitu zelako herriko etxearen abisu batekin, zeinetan mehatxatzen gintuzten administratiboki debekatzea lokala irekitzea», esplikatu du Perrierek. Hesteko debekuaz gain, 1.500 euroko isun bat ezartzearekin mehatxatu zituzten. Ez zen lehen aldia izan gaztetxekoek udalarekin ika-mikak zituztela: «Oro har, edozein gauza galdegiten diegularik, izan dadin herriko gelak alokatzea edo ekitaldiak antolatzeko baimenak galdetzerakoan, beti ezezkoak ukan izan ditugu. Mehatxu hori herriko etxearen pauso bat izan zen, argiki erakusten zuena zer zen bere iritzia guk antolatzen ditugun ekitaldiekiko».

Auzapezaren jarrerak gaztetxearen dinamikari «kalte» egiten diola pentsatzen du Perrierek. Dio «talde sendoa eta biziki motibatua» dutela, gauza gehiago proposatzeko nahia duena, baina sentitzen dute udalak ez duela «urratsik egiten hori hobetzeko». Gaztetxeko kideak gehitu du gaztetxearentzat lokal berri baten ukaiteko xedearekin batailan ari direla azken urteetan, baina, oraingoz, ez dietela herriko etxeak lokalik eman.

Mehatxua izan bezain laster, gaztetxekoek beren sare sozialetan zabaldu zuten berria, eta kideak harritu ziren lortu zuten sostengua ikustean. Ohartu ziren Donibane Garaziko eta inguruko jendeek badutela «atxikimendua» gaztetxearentzat eta antolatzen dituen ekitaldientzat. Azkenean, afera horretan gelditu zen, mehatxuak baizik ez baitziren izan. Aurtengo aldia antolatzeko baimena lortu dute, finean, eremu publikoan eta karrikan musika jo ahal izateko.

hurrengo ekitaldiak

  • Uztailak 18. Mirabe. 
  • Uztailak 25. Anari.
  • Agorrilak 1. Ibil Bedi.
  • Agorrilak 8. Olaia Inziarte.
  • Agorrilak 15. Bestak.
  • Agorrilak 22. Pantzo Irigarai.
  • Agorrilak 29. Fifita eta Gatu Bazkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.