Lau eskutara sortu dute Xan komikia Arestegi ahizpek, Maialenek marrazkiak egin ditu, eta Emmak (Lekorne, 1991) testua idatzi. Xan pertsonaiaren istorioa kontatzen du obrak, eta pandemia garaian gazteek bizi izan dituzten ondorioak ditu hizpide. Luzaz aipatu ez diren gazteen problematikak irudikatu nahi izan dituzte obran, «esperantza» mezu baten gisara.
Elkar eta EKEren beka bat lortzeko hasi zineten Xan komikia sortzen.
Egia erran, Xan aukera bat izan zen. Nik ez dut komikigintza mundua ezagutzen, baina gaztetan idazten nuen; Azkue sariak irabazi nituen bizpahiru aldiz, adibidez. Euskaraz idazten nuen gaztetan, eta arrunt utzi nuen berantago. Aldiz, ene ahizpa beti izan da komikizale handia, baina frantses komikigintza segitzen zuen bereziki; joana da Angoulemeko komiki festibalera, adibidez. Eta, horrez gain, arte ikasketak egin zituen, eta betidanik marrazten du. EKEk eta Elkarrek bi urtean behin sari bat ematen dute, eta 2021ean komikia zen arlo inposatua. Beraz Maialenekin elkartu nintzen, bera marrazkiekin eta ni idatzian, eta proiektua aurkeztu genuen.
Ez zenuten saririk lortu...
Ez genuen irabazi, ez. Baina Elkarrek eta EKEk asko maitatu zuten gure lana, eta deitu gintuzten erranez prest zirela gure lana argitaratzeko. Emeki-emeki hasi zen, eta lanean hasi ginen 2022ko udan. Kasik bi urtez landu dugu Xan.
Komikia lau eskutara egin duzue. Maialenek marrazkiak eta zuk testua. Nola antolatu zarete? Elkarrekin landu duzue? Batek marrazkiaren ideiak eman eta besteak osatu? Alderantziz?
Ez genuen metodologia berezirik. Erabaki genuen dena elkarrekin adostuko genuela, dena elkarrekin sortzeko. Egiazko elkarlana egin nahi genuen. Storyboard bat egin genuen hasieran, eskerrak Maialenek bazekiela komikigintzaz eta oinarri batzuk bazituela. Storyboard-a egitea da hastapenetik bukaerara zer pasatuko den zehaztea, istorioa orriz orri marraztea eta erabakitzea. Gero, bakoitzak gure aldetik egin dugu: Maialenek sortzen zituen orrialdeak, elkartzen ginen eta nik testua gehitzen nuen.
Hots, marrazkiak ukan du garrantzirik handiena, ezta?
Bai. Marrazkiak du gidatu eta testuak du osatu, ez alderantziz. Ez genuen pentsatua nola sortu obra, naturalki jin zaigu manera horretan egitea. Komikian aipatu nahi genituen gaiak aski intimoak ziren, eta zailak; beraz, errazago zitzaigun marrazkiekin kontatzea eta ez hitzez. Atzematen genuen marrazkiak gauza anitz erraten eta adierazten ahal zituela. Erran dezakegu hitzek marrazkia apaintzen dutela.
Komikia COVID-19 garaian iragaten da, eta horri lotuak diren hainbat gai jorratzen ditu. Komiki horrek zer kontatzen du?
Ipuinean heldu gazte baten buru barnera sartzen gara, COVID-19 garai hartan denak etxean gakotuak ginelarik. Xanek ez ditu ikasketak Euskal Herrian egiten, eta sartzen da, behartua baita egoera ikusita. Bere kezkekin, bere barne arrangurekin, bere galdeketekin eta sentimenduekin kokatua da, eta, beraz, pasarte latza bizi du. Badira sexu nortasunaren inguruko galdeketak ere. Ohartzen da Euskal Herritik kanpo joatean homosexuala dela, eta etxera sartzean beldurtua da horretaz, ea jendeak nola hartuko duen, ea onartuko duten... Galdeketa horrek pixka bat depresio batean sartzen du, eta, gainera, etxean kokaturik izanez, oraino zailagoa egiten zaio.
«Hastapenetik aski argi genituen aipatu nahi genituen gaiak, atzematen baikenuen komikia tresna interesgarria zela, idatziak toki gutiago hartzen baitu, eta mezuak pasarazten baititu beste manera batez»
Zergatik aipatu nahi izan dituzue gai horiek?
Hastapenetik aski argi genituen aipatu nahi genituen gaiak, atzematen baikenuen komikia tresna interesgarria zela, idatziak toki gutiago hartzen baitu, eta mezuak pasarazten baititu beste manera batez. Nahi genituen jorratu gizarte gai berezi batzuk, guretzat inportanteak direnak.
Eta zergatik kontatu dituzue problematika horiek mutiko gazte baten begietatik?
Gero eta gehiago aipatzen da COVID-19aren garaiak zer ondorio ukan dituen gazteen osasun mentalarengan. Garai biziki zaila izan zen. Batzuk helduaroaren hastapenera iritsiak ziren, eta bat-batean dena gelditu zaie, dena pantailen aitzinetik pasatzen zen, eta, gainera, bazen behartua izaten ahal zen familiarekiko harremana. Guretzat interesgarriago izan da gazte baten ikuspuntutik lantzea gaia, eta ez heldu baten ikuspuntutik. Anitzek galdegin digute zergatik mutikoa zen protagonista bi neska garelarik egileak. Neska baten ikuspegitik egitea errazegia zela iruditzen zitzaigun, eta azkarragoa izanen zela mutiko baten begiradatik kontatzea. Desberdina izatearen sentsazioa ez da berdin bizitzen neska edo mutiko bat izanez. Atzematen genuen interesgarriagoa izan zitekeela hori zalantzan ezartzea.
Iruditzen zaizue horrelako gaiak falta direla Ipar Euskal Herriko literatur panoraman?
Ez genuen horrelako gaiak lantzen dituen libururik ezagutzen, Dom Campistronen Bekatorosak aparte. Ez zen batere kontakizunik gazte nortasunaren ingurumenetik, bereziki Ipar Euskal Herrian. Kritikatu gabe, baina atzematen genuen bazela pisu bat edo zerbait gai horien inguruan eta falta zirela errepresentazioak eta adibideak. Gaztetan faltan ukan genuen liburu bat sortu nahi genuen, aipatzen ez ziren gaiak aipatzeko.
Ipuinean bada gaizki izate baten kontaketa, baina bortizkeria konkreturik edo fisikorik agertu gabe.
Bai, hori da. Ez dugu egin nahi izan bortitza izanen zen zerbait. Istorioaren hastapenean, kolegioko eszena bat sortu nahi genuen, zeinetan ikasle batzuk bortitzak ziren beren klasekideekin. Baina errazegia zen horrela egitea. Justuki, bortizkeria ez da beti zuria ala beltza. Kasu honetan, bortizkeria ikusezina da. Gai intimoak dira; barneko kezka biziki azkar bizi du, eta horretarik heldu zaio gaizki izatea. Erakutsi nahi genuen gaizki izate edo depresio faseak ez direla baitezpada gauza konkretu batengatik gertatzen. Edonork bizi dezake halako garai ilun bat.
Komikiak zer funtzio ukan lezake irakurlearengan?
Guk aipatu nahi genuen desberdintasuna, eta, desberdintasuna barnetik sentitzen delarik, zer eragin izan dezakeen bizian, eta nola eraikitzen ahal dugun geure burua desberdin sentituz. Espero dugu gazte batzuek Xan irakurtzean bakardade gutiago sentituko dutela, eta ulertuko dutela normala dela bizitzen dutena; eredu baten gisara. Garai iluna pasarte bat baizik ez dela, eta ez garela horretan itoko. Esperantza mezu bat da Xan. Burasoei ere ezagutu ez duten eredu bat ematen ahal die.