Soziologoa eta idazlea

Pierre Douillard Lefevre: «Gerrarako lasterketa hori ikusirik, premiazkoa da kultura antimilitarista masibo eta herrikoia suspertzea»

'Maudite soit la guerre' liburu berria aurkeztera etorri da Douillard soziologo eta idazle bretoia Maulera eta Baionara. Kultura antimilitaristaren berrindartzea aldarrikatu nahi du, batez ere gazte belaunaldien artean.

Pierre Douillard Lefevre idazle eta soziologo bretoia. EZEZAGUNA
Pierre Douillard Lefevre idazle eta soziologo bretoia. EZEZAGUNA
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nerabe zen Pierre Douillard Lefevre (1991, Nantes, Bretainia) poliziaren LBD jaurtigailu tiro batek larriki zauritu zuelarik. Geroztik, armen erabilpenaren eta errepresio moten inguruan lan egiten du. Maudite soit la guerre liburu berrian, antimilitarismoaren gida bat proposatu nahi izan du, gerraren emendatzeari buruz sentsibilizatzeko eta datozen urteetan etorriko denari buruz informatzeko. Ipar Euskal Herrian aurkeztu du azken egunotan.

'Maudite soit la guerre' liburuaren aurkeztera etorri zara Maulera eta Baionara iragan astean. Nola joan da?

Iragan udazkenean atera zen liburua, eta oso pozik etorri naiz Euskal Herrira aurkeztera, hemen ere tradizio antimilitarista bat badelako. Frantziako nazio-estatuarekiko mesfidantza sendi da, eta, ondorioz, haren armadarekikoa eta haren militarismoarekikoa ere bai. Bretainian bezala, ni bretoia bainaiz! 

Antimilitarismoa duzu aipagai nagusia.

Errepaso ttipi bat ematen badiogu gai antimilitaristari, ohartzen gara oso zabaldua eta hegemonikoa zela ezkerreko mugimenduetan, hamarkada luzez, Larzacetik hasi eta soldadutzaren aurkako borroketaraino. Hor, aldiz, hutsetik abiatzen gara, aldarri antimilitaristaren erabateko omertá dagoelako Frantzian. Eta parean gerraren aldeko propaganda izugarria baita, komunikabide guztietan eta klase politiko osoan. Antimilitarismoa berpizteko ordua dela uste dut. Aurretik borroka antimilitarista garaileak izan ditugu, gainera. Gerrarako lasterketa hori ikusirik, premiazkoa da kultura antimilitarista masiboa, herrikoia eta bereziki gazterian errotua suspertzea, gazteriari zuzentzen baitzaizkio gerrarako propaganda eta errekrutatze kanpainak.

Gertaera jakin batek ala testuinguru orokorrak zaitu liburua idaztera bultzatu?

Urteak dira estatu bortizkerien eta gerraren militarizazioari buruz lan egiten dudala. Nerabezaroan poliziak larriki zauritu ninduen, eta hortik aurrera, armen negozioa eta armen erabileraren doktrinak landu nahi izan ditut, estatuaren barne mailako errepresioaren eta kanpora begirako gerraren arteko lotura galdekatuz. Ikusten da jada ez dela soilik Poliziaren militarizazioa eta dinamika autoritario bat; Frantziako gure buruzagiak benetako gerrarako martxa bat antolatzen ari dira. Iaz, hainbat neurri militarista izugarri larri izan ziren: aurrekontu militarren etengabeko igoera, borondatezko soldadutzaren itzulera... Proiektu militarren etengabeko goranzko joeran ari dira. Frantzian, joaten naizen leku guzietan proiektu militarista berriak daude, izugarrizko dirua erabilia baita horretarako.

Liburua antimilitarismoaren gidatzat daukazu. Uste batzuk deseraikitzeko balio du?

Has gaitezke bazter guztietan entzuten den «berrarmatze» hitzarekin. Berezkoa da, baina hitz hori tranpa bat da, iruzur politiko bat da. Marketin termino bat da, armagabetze bat izan dela sinetsarazteko. Horrek esan nahi lezake Frantzia armagabetuta egon dela eta, beraz, berrarmatzeko dirua gastatu behar dela halabeharrez. Macronek berrarmatze hitza erabiltzen du noiznahi; ez soilik kontu militarretarako, baita demografia aipatzeko ere. Tranpa bat da: Frantzia ez da inoiz egon desarmatua. Frantzia munduko potentzia inperialista eta militar handienetako bat da, Napoleonen gerratik Bigarren Mundu Gerrara abantzu etengabean gerlan egon dena. Gainera, kolonizazioak bukatu zirenetik ere, Frantziak kanpoko hirurogei bat operazio egin ditu hainbat urtez gaurdaino. Frantzia ez da inoiz armagabetu.

«Frantzia ez da inoiz egon desarmatua. Frantzia munduko potentzia inperialista eta militar handienetako bat da, Napoleonen gerratik Bigarren Mundu Gerrara abantzu etengabean gerlan egon dena»

Pazifismoa eta antimilitarismoa bi gauza desberdin direla diozu liburuan; zertan?

Bai, garrantzitsua zait, askotan biak nahasten ditugulako, eta ez dute gauza bera esan nahi. Pazifismoa bertute moral bat da, bakea eta gatazkarik ez egotea gauza guztien gainetik kokatzen dituena. Baina niretzat arazo bat da... Injustiziari arrazoia ematearen parekoa da. Oso konkretuki, adibidez, kosta ahala kosta bakearen alde egitea, Israel eta Palestinaren artean, erasotzaileari statu quo bat ematea da, hau da, Israelgo kolonialismoa mantentzea. Kasu, beraz, bakezale izate hutsarekin, azkenean plantan den ordenari eustea baita.

Horregatik, antimilitarismoaren kontzeptua erabiltzea aholkatuko nuke, politikoagoa eta zehatzagoa baita. Antimilitarismoak ez du esan nahi bere kolonizatzaileen aurka borrokatzen diren herri kolonizatuak alde batera uztera, inondik inora ere ez. Kontrakoa ere bada, hain zuzen, inperialismoa salatzea barne hartzen baitu. Antimilitarismoa zera da: antolatuak eta gerra eramateaz arduratzen diren armadak estatu aparatu gisa ukatzea, baita horienganako mendekotasun itsua ukatzea ere. Gaur egun, adibidez, gerraren ekonomiak biztanleria ekoizpen militarrerako belaunikatzea dakar, ekonomikoki duen indarragatik. Bi kontzeptuak bereizte aldera, gehi nezake, ironikoki, estatu inperialistek eta militaristek bakea mantentzeko operazioak antolatzen dituztela.

Ipar Euskal Herrian, Dassault eta Lauak enpresak armagintzarekin lotuak dira, eta langile asko dituzte. Logika antimilitaristarekin, zaila izan daiteke langileentzat hortik ateratzea.

Kapitalistek eta gobernariek proiektu suntsitzaileak edo kaltegarriak inposatzen dituztenean, xantaia egiten dute enpleguarekin. Beraz, hemen hainbeste diru dago armagintzarako, jakinik Frantzia munduko indar militar edo industrialik handienetako bat dela: armagintzaren menpe dauden 200.000 lanpostu badira Frantzian, eta horietako 2.000 lantegietan, gutxienez. Hau da, lan sail bakoitzean, hiri handi bakoitzean, sail militarra laguntzen duten enpresak daude: industriak, armak, droneak edo bestelako osagaiak egiten dituztenak, arma berriak asmatzen dituzten ingeniari kabineteak... Eragin ekonomikoa du, eta morala ere bai: armagintzaren menpe gaudenean, ez dugu anitz kritikatzen gerra.

Baina, hori ikusirik, hainbat gauza erantzun daitezke. Hasteko, armagintza bultzatzeko dirua ez da errentagarriena. Milioi bat euro libratzen baduzu armagintzarako edo osasungintzarako, enplegu gehiago sortuko dira osasungintzan armagintzan baino, armagintzaren sektorea biziki garestia delako, goi mailako teknologia anitz baliatzen baitu. Beraz, ez duzu hainbeste lan sortzen. Enpleguaren argudioa ere ez da eraginkorra: armagintzarako desblokeatutako dirua zerbitzu publikoetarako edo lan erabilgarrietarako baliatuko bagenu, enplegu gehiago sortuko lirateke. Eta, gainera, pentsatu behar dugu: enplegua sortzea, ados, baina zertarako? Genozidioak egiteko edo errepresiorako armak sortzeko bada, galdera politikoagoa da: enpleguaren izenean ezin da dena egin.

Etorkizunera begira, nola ikusten dituzu gerlarako eta zerbitzu militarrerako perspektibak?

Frantzian, eta mendebaldeko mundu osoan, gerra egoeretara eta militarizazio handiagora bidali nahi gaituzte, faktore anitzeko krisi bat dugulako. Hasteko, krisi ekonomikoa: historian nehoiz ikusi gabeko kapital metaketarekin. Krisi ekologikoa ere hor dugu, gero eta biziagoa izango dena. Krisi soziala eta krisi politikoa ere baditugu, gobernarien zilegitasuna zalantzan ematen duena. Argiki ikusten da leku guztietan eraikin demokratikoa hausten ari dela. Eta, beraz, gure gobernariek, aberastasunaren banaketa egin beharrean, hondamendi klimatiko eta ekologikoen konponbideak plantan eman beharrean, autoritarismo handiagoz erantzuten dute, gerra gehiagorekin. Hori da aurkezten zaigun etorkizuna... Ez dugu beste aukerarik: basakeria ala borroka antimilitaristak, erresistentzia eta altxamendu sozialak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA