Goizean goizik etxebizitza aireztatu, beranduxeago beroak lekua ez harrapatzeko dena hetsi eta ilunpean jarri: azken hilabeteetako leihoekilako dantza erritmoan segitzen dugu. Auzo batekin berote handiak aipatzen genituela, biktima aire batekin esaldi hau luzatu zidan: «Natura mendekatzen ari da». Gauza bera ardura entzuten da izurriteak, tenpestak, lurrikarak eta uholdeak gertatzen direlarik.
Natura gara, bertan bizi gara, leku hau baliatzen eta ustiatzen dugu. Gauzak ez direlarik uste bezala joaten, denak zur eta lur, putrunki.
«Naturaren mendekuarena» aski praktikoa da.
Baina bizian, bikotekide batek bestea tronpatzen baldin badu, eta orduan besteak uzten baldin badu, ez dugu erranen «natura mendekatzen ari da». Pertsona horren ekintzaren ondorio bat dela erranen dugu. Era berean, norbaitek leku bat plastikoz kutsatzen baldin badu, eta pasaia arrunt desegina baldin bada, ez dugu erranen «natura mendekatzen ari da». Pertsona horren ekintzaren ondorio bat dela erranen dugu. Planeta delarik solas, imajinatzen dugu entitate mistiko bat, «natura», eta bere gain ematen ditugu pairatzen ditugun aldaketak.
Gizakia eta natura bereizarazi dizkigun sistema zinez azkarra da. Ustiapen infinituaren lobbying-a gure kontra dugu, merkatuaren dantza segiarazten digute, nahi ala ez. Gure izateko manera zizelkatzen digute, indibidualismoa, zeingehiagoka eta etengabeko ezinegona bultzatuz. Gure ekintzak asumitzeko zailtasunak ditugu. Estatuek eta enpresek aldaketak edo neurriak noiz hartuko dituzten aiduru gara: dimisio kolektiboa.
Natura ez da mendekatzen ari, naturak jasaten gaitu. Eramaten dugun lekura joanen gara.