Iduri du denak elkartzen dituela Maxime Diribarne (Baiona, 2003) eta Kayet Iribarne (Uharte Garazi, 2005). Belaunaldi berekoak dira, Iparralde izeneko talde beretik pasatakoak eta, nola ez, txirrindularitzarako trebezia handikoak. Deitura ere bera, abantzu. Alta, profesionala izateko amets berdina partekatu badute ere, bakoitzak bere bidea hartzea erabaki du. Baina, berriz ere, biak ados dira hautua ez dela erraza izan.
Iribarnek txirrindularitza uztea erabaki zuen iragan urtean. Kern Pharma talde nafarraren Finisher filialak urtebeterako kontratua luzatzea proposatu zion, baina argi zuen jadanik, eta uko egin zion. «Biziki fite pasatu da dena. Urte osoan nire benetako maila ezin izan nuen erakutsi, eta ikusi nuen geroz eta garrantzi handiagoa hartzen zuela txirrindularitzak. Haiek deitu arte konbentzitua nintzen bukatua zela. Segur naiz aste bat aitzin deitu izan banindute baiezkoa emango niela, buruan dudatzen hasi aitzin». Diribarne baionarra ere kasu horretan gertatu da urte hondar honetan. Sasoi gogorra izan du, batez ere mononukleosia izan zuelako, eta horrek anitz trabatu baitu hainbat lasterketatan. Duen mailaz urrun ibilirik ere, Gomur taldeak datorren urterako konfiantza berretsi dio Diribarneri, «azken aukera» bat eskaintzeko. «Nahiz eta ez den adin zehatzik profesionalera igotzeko, denok argi dugu adin horretan jokatzen dela. Hots, azken urtea izango dut helburu horren lortzeko», adierazi du.
Ikasketekin borrokan
Uzteko erabakiak Iribarneri ikasketetan osoki kontzentratzeko modua eman dio; lehenago zituen eguneroko trebatzeekin ezinezkoa zitzaion. Gainera, aitortu du Baionan ikasten zuen eskolak ez ziola laguntza «nahikorik» ematen. «Egia da klaseak huts egiten uzten zidatela trebatzeak segitu ahal izateko. Baina gero, dena neure baitarik berreskuratu behar nuen, eta azterketetan, ez banintzen aurkezten, notarik apalena jartzen zidaten automatikoki». Taldekide batekin gaiaz hitz egiteko aukera izan zuen: ikasketak Ameriketako Estatu Batuetan egiten zituen hark, non eta hezkuntza sistema arrunt ezberdina den. Azaldu zion nola goi mailako kirola ikasketen erdigunean jartzen duten, eta nola horren arabera egituratzen dituzten klaseak. «Aukera ematen zieten kirolariei praktikan osoki kontzentratzeko, eta alboan ikasketak erritmo lasaiago batean eramateko», kontatu du. Taldekide batzuk, haatik, txirrindularitzan soilik ez zirela ari erran du erretiratu gazteak, eta horrek egoera latzak sortzen zituela: «Alderantzizko adibidea ere ikusi dut. Atzerritik hona heldu ziren taldekideak txirrindularitzan osoki kontzentratzen ziren: trebatzetik atera, etxera berehala sartu, ondoko trebatzera arte. Ez zuten besterik egiten, eta, azkenean, denak horrela erre dira, diziplinaren gaindosi batekin». Kasu batzuetan horrek txirrindularitza uztera pusatu dituela gehitu du.

Diribarnek ere, Iribarneren gisan, argi zuen hastapenetik txirrindularitzaren ondoan ikasketak segituko zituela. Aitortu du ikastetxeak lagundu ziola: BUT batxilergo teknologiko unibertsitarioaren formakuntza hiru urtez egin ordez, lau urtez pasatzeko aukera ukan du, eskolak ahalbidetu zion arramoldaketez baliatuz. Baina, zehaztu du laguntza horren lortzeko ikastetxearekin zuzenki negoziatzera behartua izan dela. Adibidez, lortu zuen formakuntzaren baitan egin beharreko ikastaroak neguan egitea, hots, txirrindularitzako sasoitik kanpo. Hala ere, Diribarnek Iribarnerekin bat egiten du errateko Frantziako hezkuntza sistemaren funtzionamenduan «eskasiak» daudela. Biek azaldu dute, bestalde, Hego Euskal Herriko eta Espainiako taldekideekin konparatuta zailtasun «gehiago» zituztela ikasketak eta txirrindularitza batera eramateko. Atera duten ondorioa bera da: klaseak goizean baizik ez ukaiteak asko lagunduko zituela.
Ingurukoen eragina
Buruhauste horien erdian, lagunduak izatea beharrezkoa zaie txirrindulari gazteei. Maluruski, familiaren eta lagunen babesa izanik ere, ez dute beti taldearen eskukada nahikoa jaso. Garai latzenetan, zaurituak zirenean adibidez, beren taldeen falta sumatu izan dute biek. «Nire lehen zauri gogorra ukan nuenean, goaitatzen nituen laguntza eta jarraipena ez nituen sentitu. Horrek tentsioa sortu zuen lehen nuen taldearekin, eta, azkenean, taldetik ateratzera eraman ninduen. Mentalki oso gogorra izan zen», kontatu du Diribarnek. Sentipen bera izan du Iribarnek, ikasketekin zituen arazoetan taldeak ez baitzuen batere lagundu. «Zuhaurek zuzenki ikastetxearekin ikusi behar duzu. Taldeak ez du sudurra horretan sartu nahi, haren interesa kirolean zentratua baita. Berdin zaie ondoan ikasten duzunez ala ez, trebatuko zara berdin-berdin».
Bestalde, zaila izan daiteke elkarbizitza taldekideekin. Denek profesional bilakatzeko amets bera dute, eta, ondorioz, taldearen barnean lehiakortasuna sendi da. Iribarneren kasuan, nahiz eta taldeko giroa «aski ona» izan, erran du harremanak nagusiki kirolera mugatzen zirela. «Zuk hobetzen baduzu eta profesionaletara pasatzen bazara, hainbat hobe, baina horrek erran nahi du ondoko taldekidearentzat aukera bat gutxiago badela horretara heltzeko. Horretarako ez duzu beti sostengu osoa jasotzen».