Ahotsa, pianoa, panderoa, korua, biolina eta teklatua. Horiek denak maneiatzen ditu Haize Karrikaburu musikariak (Azkarate, 2001), musika tresnen zerrendan segur aski bertze batzuk falta badira ere. Iparralai musika eskolan hasi zuen musika ibilbidea, Denise Olhagaraik lagundurik. Ondotik, musikologia lizentzia bat egin zuen Tolosan (Okzitania). Gaur egun, Tolosako eta Euskal Herriko doinuen artean ari da Karrikaburu. Zenbait musikarirekin jotzen du, bertzeak bertze, Galder Izagirrerekin, Pangea Popekin, Jansirekin eta Ekhi Lambertekin.
Nondik datorkizu musikagintza ikasteko gogoa?
7 edo 8 urte nituela hasi nintzen Donibane Garaziko Iparralai musika eskolan, Denise Olhagarairekin. Musika eskolako koruan parte hartzen nuen eta, emeki-emeki, panderoan eta pianoan ere hasi nintzen. Ondotik, biolina ikasi nuen hiruzpalau urtez. Lizeoan nintzela, hiru urte pasatu nituen Baionako kontserbatorioan, piano klasikoa ikasten. Han diploma bat ukan nuen piano klasikoan, eta horren ondotik joan nintzen Tolosara, musikologia lizentzia bat ikasteko. Iaz beste unibertsitate diploma bat egin nuen, kantuaren pedagogiaz, Tarbesen [Okzitania]. Oraino Tolosan naiz gaur egun, baina asteburuetan Euskal Herrira itzultzen naiz, Pangea Popekin eta Galder Izagirrerekin aritzeko.
Tolosak musika aztertzeko etazure ibilbidea aberasteko ingurune bat ematen dizu?
Bai; egia erran, arrunt hori da. Donibane Garazin eta Baionan musika tradizionala jorratu nuen, eta Tolosan, jazz, gospel, eta jam estiloak ikasten ditut. Erritmikoki gauza desberdinak barneratzen ditut. Bestalde, jende anitz ezagutu dut ostatuetako jam saioetara joanez, eta horrela deskubritu nituen ezagutzen ez nituen musika estiloak.
Ezagutza horien bidez hasi zinen Jansirekin lanean?
Bai, hala da. Raparen eta slam-aren munduan aditua da hura, eta harekin ari naiz joan den irailetik guti gorabehera. Euskal Herrian raparen mundua ezagutzen dugu, baina Jansik rapa eta slam-a nahasten ditu, nolabait errateko. Nik euskarazko rapa entzuten dut, baina Jansik erakutsi dit rapa, slam-a eta kantua nahasten ahal direla. Harekin ari naiz ahotsa nola landu ikasten, hitzen eta flow-aren arteko lotura nola sortu ikasten.
«Nik euskarazko rapa entzuten dut, baina Jansik erakutsi dit rapa, 'slam'-a eta kantua nahasten ahal direla. Harekin ari naiz ahotsa nola landu ikasten, hitzen eta 'flow'-aren arteko lotura nola sortu ikasten»
Aritzen zaren talde guzietara egokitzen zara. Nola moldatzen zara hain talde desberdinen arteko lanketa kudeatzeko?
Egia erran, ez dut metodo zehatzik, ez dut sekreturik gordetzen. Hilabeteen arabera antolatzen naiz. Orain, adibidez, zinez lanpetua naiz eta batzuetan zaila da dena antolatzea, baina gero saiatzen naiz Tolosan astean zehar errepika guziak finkatzen Jansirekin, asteburutan Galderrekin eta Pangea Popekin aritu ahal izateko.
Ekhi Lambertekin aritu izan zara, Inbasioak diskoan. Nolako esperientzia izan da?
Biziki maitatu dut harekin lan egitea. Ni piano klasikoaren mundutik heldu naiz. Hark sekulako musika egiten du, dena idazten du, eta, enetako, plazera izan da berriz partiturak deszifratzen hastea. Gainera, esperientzia ederra da beste kontzertu formula batzuen bidez hori taularatzea. Ekhi Lambertekin pianoa jo dut, eta batzuetan koruak egin izan ditut, Felix Buff, Oihan Oliarj-Ines eta Joseba Irazokiren laguntzarekin. Proiektu horretan zinez sartu nintzen, eta oren franko sartu nituen horren lantzeko. Ez da beti erraza, baina gauza desberdin anitz baditut eta hori dut maite, ikasten ari bainaiz horrela. Zinez baloratzen ditut eskolaz aparteko ikasketak, ekarpen handiak egiten baitizkidate.
Galder Izagirrerekin hasi zinen iazko ekainean. Euskaraz lan egiteak eta euskaraz sortzeak ere garrantzia du zuretzat?
Hizkuntza erabiltzen laguntzen didate halako proiektuek. Euskara ene nortasunaren parte denez, euskaraz lan egiten dut, eta horrela segitzea nahiko nuke. Gure kultura defendatzeko, egiteko eta harro izateko balio dit euskaraz musika egiteak.
Galder Izagirre ibilbide luzeko artista denez, esperientziaren ikuspegia ekartzen ote dizu?
Hastapenean harritua nintzen eni deitzeagatik, eta pixka bat beldurtu nintzen. Baina haren bideaz ikasten ari naiz. Nahiz eta taldeko denak ni baino zaharragoak izan, giro biziki ona dugu, eta erranen nuke ikuspegi desberdinak ukaiteak osotasun bat ekartzen diola sorkuntzari.
«Pentsatzen ahal dugu hirian egoera bestelakoa dela, baina, ene ustez, ez da arras hala: nahiz hiria izan, gizonak dira nagusiki oholtzan»
Nondik ateratzen duzu denbora talde horietan guztietan aritzeko?
Egia erran, biziki aleatorioa da lana. Hilabete batzuetan lan anitz badut, eta beste batzuetan, gutiago. Nahiz eta proiektu bat bazterrera utzi bi astez, badakit berriz landuko dudala geroago. Oro har, asteburuak Euskal Herriko taldeekin pasatzen ditut eta Tolosako lanketa astean zehar egiten dut.
Pangea Popekin zer duzu gustuko?
Popak bizitasuna ematen didalako gustatzen zait; ez da batere beste taldeekin egiten dudan lan bera. Usu, Antton Larrandabururen ideia batetik abiatzen da dena, eta guk nahi duguna ekartzen diogu horri, bakoitzak gure arlotik. Norekin lan egiten duzun kontuan hartuta, haren estilora moldatu behar duzu, azken finean. Horrela dut anitz ikasten musikaz.
Kontuan izanda musikaren arloan gizonek hartzen dutela leku gehiena, Tolosako esperientziak tresna batzuk eman dizkizu egoera hori iraultzeko?
Pentsatzen ahal dugu hirian egoera bestelakoa dela, baina, ene ustez, ez da arras hala: nahiz hiria izan, gizonak dira nagusiki oholtzan. Tolosan jam saio batzuk badira emazteei bakarrik irekiak, eta horrek bultzatzen zaitu oholtzan lekua hartzera. Baina uste dut musikaren arloan oraino emazte anitz falta direla.
Euskal Herrian saio ez-misto horiek zabaldu behar lirateke, zure ustez?
Bai. Ene ustez, beharrezkoa litzateke, eta bada lan franko alor hori garatzeko eta hobetzeko.