Zenbakien historia gizakiaren beharretatik sortu zen, aspaldi: kontatzeko, neurtzeko eta kalkulatzeko. Euskarazko zenbakiak biziki zaharrak dira. Sistema hogeitarrean oinarritzen dira. Sistema hau gure gorputzari lotua da hain segur: eskuetako hamar hatzak eta oinetako beste hamar behatzak kontuan hartuz. Funtsean logikoki eraiki den sistema. Eta gure hizkuntzaren nortasun bereziaren adierazgarri dela dudarik ez da.
Eta zenbakiz zenbaki matematika agertu zen, hots, hizkuntza unibertsala. Matematika mundu osoan ulertzen den hizkuntza omen da: ez du itzulpenik behar eta zientzialariek herrialde desberdinetan elkar ulertzeko erabiltzen dute.
Eta nola ez, guk ere bai egunero: denbora kalkulatzeko, errezeta baten neurri xuxenak hartzeko, sosak kudeatzeko, sudokuaren laukitxoak betetzeko, Herri Urratsen talo bat zenbat txartel kostatuko den jakiteko…
Baina matematika ez dira zenbakiak bakarrik; pentsatzeko manera bat ere bada. Gure kulturan zenbakiek ez dute bakarrik balio praktikoa, ez dira kalkulurako tresna hutsak. Hizkuntzaren egituran, sinesmenetan eta ohituretan errotuak dira.
Ahozko tradizioan, bertsoari neurria ematen diete, silaba kopurua zorrozki neurtuz, erritmoa eta egitura markatuz. Naturaren zikloak eta egutegiak berritzea sinbolizatzen dute zenbaki edo egun zehatzek. Laborariak bere lurrak neurtzeko, kabalen kopurua zenbatzeko eta uztak prestatzeko betidanik baliatzen ditu zenbakiak. Edo promotore arrotzek lur horiek berak ebasteko, etxebizitzak eraikitzeko eta kario saltzeko ere balio dute zenbakiek.
Hamaika mundu ikusteko sortuak gara, dio erranzaharrak. Eta hala da.
Euskaraz 11 zenbaki sinbolikoa palindromoa da. Bi zentzutan irakur baitaiteke gauza bera, aitzinetik hasiz edo gibeletik. Hamaika «anitz» erranahiaren sinonimoa ere badela jakina da.
Eta hamaikagarren aldiz, berriz ere mespretxu eta gaitzespena jin zaizkigu Bordeletik: Bordeleko Akademiak Matematikako baxoko azterketak euskaraz egitea debekatu baitie Etxepareko ikasleei.
2012an onartua zen erabakia aurten deuseztatu dute. Pitagoras edo Talesen teoremak bezain fermuki.
Zenbakiak zenbaki, segitu beharko dugu gure gehiketak, kenketak, biderketak eta zatiketak egiten baxoa euskaraz ekuazioa ebatzi arte.
Argi da, matematika ez da zenbaki afera bakarrik. Guk aspaldi ikasi genuen, 4 + 3 = 1 dela. Eta Lekarozen ozen diote: «Ez dira zazpi, bat gara». Hau da gure teorema, gure baieztapen argia.