Hainbat bizipen eta esperientzia izan ditu, eta urratsez urrats ekologo izatera heldu da Mendi Goihenetxe Larralde (Uztaritze, 2002). Orain arte ezagutu dituen lanak eta lanari dagozkion baliabideak aipatu ditu. Lanbidea askotarikoa eta zabalera handikoa bada ere, argi utzi du zein diren bere misioen ardurak eta mugak. Inguratzen duenari gehiago so egitera gonbidatu du jendea.
Zerk eman zizun gogoa ekologo izateko?
Ekologoa izateko gogoa pixkanaka etorri zait ikasketetan zehar. Betidanik maitatu dut kanpoan ibiltzea, baina ez zen bortxaz nire pasioa. Etxepare lizeoan baxo zientifikoa egin nuen, eta, biologia klaseak interesatzen nindutenez, horren inguruan segitzea erabaki nuen. Baxotik landa, ingurumenari lotutako DUT bat egin nuen Korsikan, bi urtez. Bertan deskubritu nituen ingurumena eta naturaren inguruko lanbideak. Baina bide hori gehiago laborategietan lan egiteko zen, adibidez, uraren ikerketan, edo kutsaduraren eta airearen neurtzean. Ekologia klaseak ere segitzen genituen, eta hortik hasi nintzen gehiago ekologiari interesatzen. Erran nahi baita ekologia zientifikoa, ez baitezpada politikoa. Hortik Bordelera joan nintzen Biologia lizentzia egitera, ondotik Ekologia masterrera sartzeko helburuarekin. Masterra alternantzian egin nuen, Bardozeko Mifenec egituran. Eta alternantzia bukatzean, kontratu mugatu batean segitu nuen, orain arte.
Ekologia zientifikoaren inguruan egin zenuen masterra; zer da?
Masterrean dibertsitateari, ekologiari eta eboluzioari buruzko gaiak jorratzen dira. Konkretuki, ekosistemen funtzionamenduak aztertzen dira: nola antolatuak diren, zer espezie bizi diren bertan eta bar. Aski orokorra da, baina gero master bakoitzak bere berezitasunak ditu: batzuek mendiko ekosistemak gehiago lantzen dituzte; beste batzuek, itsasokoak; badira master praktikoagoak ere, baita ikerketa zientifikoari gehiago lotuak direnak ere. Nik egin nuena ikerketa bulegoetan lan egiteko pentsatua da; profesionala da unibertsitarioa baino gehiago.
Ikasten ari zinela elkarte batean ere aritu zara, praktika gehiago lantzeko xedez?
Bai, arrunt hori da. Nik hautatu nuen sailak alternantzian ibiltzeko aukera eskaintzen zuen; besteak, berriz, unibertsitateko ibilbidean jartzen zuen arreta. Alternantziari dagokionez, bi astean behin tartekatzen ziren klaseak eta enpresa garaia. Oporren garaian ere enpresan segitzen nuen, eta bakantzak enpresaren araberakoak ziren. Biziki aberasgarria izan da, estruktura horretan eginbehar biziki desberdinak atzeman ditudalako. Lortu dut denetarik ikusten, eta justuki, nihaurek egiten ez nuena nire lankideengandik ikasten nuen. Giro arras ona zen.
Preseski Bardozeko Mifenec estrukturan ibili zinen. Zer egiten dute?
Ekologo baten lanean, misio izugarri ezberdinak badira, eta egiten duzuna zure elkartearen edo estrukturaren araberakoa da. Mifenec elkarte bat da, baina ikerketa bulego baten lanak egiten ditu. Lanjerean diren espezien inguruko protokoloak landu ditzakegu, adibidez. Animazioak ere egiten ditu elkarteak, izan enpresa pribatuentzat, eskolentzat, publiko zabalarentzat edota herriko etxe eta elkargoarentzat.
Hirigintza proiektuen aitzinetik legeak agintzen duena egiten dute. Erran nahi baita ikerketak proposatzen dituela enpresa berezituentzat, hirigintza obretan edo garraiobideetan ari direnentzat. Izan ere, obrak egin aitzin, protokolo bat segitu behar da. Lehenik, naturagunearen itzuli bat egiten duzu, jakiteko zer espezie bizi den bertan eta zer ekosistema den. Ondotik, proiektuaren arabera ebaluatzen duzu zer ondorio ukanen dituen, zer espezie eta zer ekosistemen gain ukanen duen eragina. Hortik, proiektuaz arduratzen den enpresa aholkatzen duzu neurri batzuen segitzera, neurtutako kalte edo ondorio horien gutxitzeko. Batzuetan, kalterik ez da, eta helburua betea da. Baina beste batzuetan, kalte horiek konpentsatu behar dira: kaltetutako ekosistemak birgaitu behar ditugu ahalik eta ondorio gutxien izateko.
«Proiektuaren arabera ebaluatzen duzu zer ondorio ukanen dituen, zer espezie eta zer ekosistemen gain ukanen duen eragina. Hortik, proiektuaz arduratzen den enpresa aholkatzen duzu neurri batzuen segitzera»
Publiko zabalari zuzentzen zaretenean, jendearen interesa handiagoa edo ttipiagoa izan daiteke, ezta?
Publiko bakoitzak eta bulego bakoitzak bere interesak ditu. Baina justuki, helburua da bakoitzaren interesak batzea eta ahal bezainbat horien orekatzea. Gero, egia da sentsibilitate maila oso ezberdinetako jendearekin lan egiten dugula. Egun batzuetan publiko izugarri ulerkorra eta interesatua duzu parean, eta alderantziz, beste batzuetan zailagoa da. Alde horretatik, batzuk ez dira sentsibleak ingurumenaren inguruko galderei, sinpleki ez dutelako ezagutzen. Ohartzen gara jendeak oinarrizko ezagutzen falta duela. Batzuei biziki zaila zaie haien inguruko espezieen izendatzea eta ezagutzea. Horretarako biziki garrantzitsua da ttipidanik haurrak horri interesatzera bultzatzea, beren ingurunearen parte delako. Gure rola da jakitatea pasaraztea, jendea sentsibilizatzeko eta elkarrizketa errazteko.
Hirigintza planek, besteak beste etxebizitza proiektuek, ingurumenari kalte handiak egiten dizkietela aipatzen da azken urteetan. Zeintzuk dira ekologo baten ahalak eta mugak arlo horretan?
Obrak direlarik, kontseilari gisa eskua sartzen dugu. Obrak eramanen dituen enpresa lagundu behar dugu legearekiko bere betebeharrei erantzuten. Ikerketa bulegoak horretan lagunduko du, batez ere aurretik aipatu bezala, kalte gehiegi aurreikusten badira, ondorioak murrizteko. Proiektua eramaten duen enpresak du kanpoko ikerketa bulegoa deitzen, birgaitze desmartxa horretan ahalik eta hobekien laguntzeko. Ikerketa bulegoa neutroa izan behar da: legea horrelakoa da eta berekiko betebeharrak enpresari aurkeztu behar dizkio. Estatuaren zerbitzuei igortzeko dosier bat osatzen lagundu behar ditu.
Enpresari dagokio gure aholkuen segitzea ala ez, baina hori bere kabuz erabakitzen du. Baina edozein kasutan, estatuak du erabakiko proiektua egingarria izanen den ala ez. Eta alderantziz ere gerta daiteke: estatuak enpresak bideratzen ahal ditu ikerketa bulegoetara, proiektuaren egingarritasunaren lantzeko. Mugei dagokienez, batzuetan sentsibilizatuak diren enpresak topatzen ahal dituzu. Horrelakoetan, biziki ongi pasatzen da eta ulertzen dute desmartxa, laguntzen zaituzte. Baina gertatzen da batzuek sentsibilitaterik batere ez ukaitea. Ez dute deus jakin nahi, eta haientzat obrak gibelatzeko baizik ez du balio. Enpresa horientzat diru galtzeak gerta daitezke eta egutegietan arramoldaketak sortu.