Etxeko egongelatik abiatu zuen Haria proiektua Mirentxu Ibargaraik, eta, emeki-emeki, handituz joan da: Haria argitaletxe bilakatu zen otsailean, eta, hiru album itzuli eta argitaratu ondoan, lehen sorkuntza plazaratuko dute urrian. Euskara hutsezko haur literatura etxeetara sarrarazteko egitasmo bat da, Seaskan irakasle eta pedagogo izandakoak irudikatu eta gauzatu duena. Ibargaraik hautatu album bat errezibitzen dute harpidetzan diren familiek etxean, pertsonalizatua izaten da, eta, horrekin batera, ohar bat ere igortzen die gurasoei, liburua irakurtzeko eta hartaz mintzatzeko pistekin. Irakurketaren soinua ere helarazten du, QR kode baten bidez entzungai. Arta handiz igortzen ditu liburuak, «altxor» izan daitezen haurrendako: Saratik, etxeko egongelatik, gutunontzietaraino.
Ibargaraik hasieratik argi zuen haur eta gazte literaturako albumak izanen zirela oinarria. «Euskarri ideala dira haur eta gurasoen arteko harremana sustatzeko, euskaraz. Objektua, testua eta irudia elkarreraginean izaten dira albumetan, eta tresna jostagarriak dira. Geruza anitz dituzte; interesgarria da», erran du. Etxeetara igortzen dituen albumen hautaketa irizpide anitzen arabera egiten du Ibargaraik, baina, oro har, arreta berezia eskaintzen dio kalitatezko liburuak izateari: objektu ederra izatea, hizkuntza eta testu landua, eta irudiaren eta testuaren arteko jokoa zaindua izatea. «Haurrak ez dira zozotzat hartu behar, eta haurrei kalitatezko literatura helarazi behar zaie euskaraz; aukera eskaini behar zaie. Zergatik haur batendako den testu bat ezin da poetikoa edo hizkuntza aldetik aberatsa izan?», galdetu du. Gaiari dagokionez, «haurren barne bizia kilikatuko» duten liburuak xerkatzen ditu, eta ez liburu hezitzaileak. «Galderak piztea zait interesatzen, zerbait konplexuagoa gertatzea emozioekin, ez bakarrik istorio moralista bat izatea», zehaztu du.
Sorkuntza bidean
Harpidetza duten haur eta familiei beste argitaletxe batzuetako itzulpenak edo sorkuntzak bidaltzen aritzen zen hasieran Ibargarai; orain, baina, Hariak bere ekoizpen propioa ere badu. Ibargaraik esplikatu du harpidetzak emendatu ahala, «xumeki» eta baliabide gutirekin eginik ere, «kanorea» bazuela argitaletxe gisa hasteak. Ideia metaketa baten ondorio izan zen lehen argitalpena. Izan ere, Ziburuko ikastolan irakasle zelarik, 2021ean, hiru migratzaile hil ziren tren batek harrapaturik, preseski Ziburun. «Goiz hartan, goizik jakin genuen berri latza, eta justu ikastolatik hurbil gertatu zen. Banekien goizean haurrei harrera egin beharko niela eta prestatu behar nuela gertatutakoari buruzko zerbait».
«Haurrak ez dira zozotzat hartu behar, eta haurrei kalitatezko literatura helarazi behar zaie euskaraz; aukera eskaini behar zaie. Zergatik haur batendako den testu bat ezin da poetikoa edo hizkuntza aldetik aberatsa izan?»
MIRENTXU IBARGARAIHaria proiektuaren eramailea
Etxeko apal batean zuen Chris Naylor-Ballesterosen Maleta albuma, frantsesezko bertsioan. Leku berri batera arribatzen den atzerritar bat irudikatzen du ipuinak. Pentsatu zuen euskarri egokia izan zitekeela ikasleekin ezbeharra aipatzeko. Eta horrekin abiatu zen gelara egun hartan. Euskarara itzultzeko xedea etorri zitzaion, eta, hariari tiraka, horixe izan da Hariak argitaletxe gisa plazaratu duen lehen liburua. Eskubideak erosi, maketatu, inprimatu, banatu... Prozesu konplexua da, eta lekuko artista eta eragileekin aritzea eskertu du Ibargaraik. Gogoan izan du, halaber, bidalketak egiten laguntzen duen lagun taldea. Geroztik, beste bi liburu argitaratu dituzte, biak itzulpenak: Gezurra eta Gordegia.
Haria argitaletxeak urrian plazaratuko du lehen sorkuntza, hastetik buru euskaraz pentsatua. Ibargaraik ez du xeheki kontatu nolakoa izanen den, baina berantetsia du aurkezpena egitea. Harpidedunen etxera arribatuko da lehenik, baina liburu dendetan ere salgai izanen da. Zehaztu du Euskal Herri osoan baliagarri izateko gisan egin duela, funtsean, orain arteko itzulpenak bezala. «Ipar Euskal Herriko estandarrean eginak dira gure ekoizpenak, hemengo hiztegiarekin, baina garrantzitsua zait Euskal Herri osoan baliagarri eta ulergarri izatea», erran du.