'Harpea', Iparraldeko Behi Pirenaika elkartearen izen komertzial berria

Iparraldeko Behi Pirenaika elkarteak Harpea produktu izen eta nortasun bisual berria hartzea erabaki du, bi urteko pentsaketen ondotik, etorkizunean sor-marka bat ukaiteko aukera izateko.

Peio Elizetxeren behi piriniotar bat, Harpea gainetan, Garazin, urrian. PATXI BELTZAIZ
Peio Elizetxeren behi piriniotar bat, Harpea gainetan, Garazin, urrian. PATXI BELTZAIZ
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2016an sortu zuten Iparraldeko Behi Pirenaikaren elkartea, Ipar Euskal Herrian piriniotar arrazako behien hazkuntza berriz abiaraztea helburu. Azken urteetan iparraldeko laborari anitz hurbildu dira elkartera, eta gaur egun 23 hazlek eta bi haragi kooperatibak —Belaun eta Axuria— osatzen dute. Denek elkartearen baldintza kaiera segitzen dute. Bi urteko gogoeten ondotik, Harpea izen komertziala sortu zuten 2024an, beren kalitate desmartxaren aratxe eta behi haragia saltzeko. Aurten, markaren garapena sustatu dute, partaide dituzten jatetxeen eta haragi kooperatiben bidez, sustut. Proiektuaren helburuetako bat etorkizunean sor-marka bati buruz joatea da.

Behi piriniotarraren arrazak historia luzea ukan du Ipar Euskal Herrian. Bigarren Mundu Gerraren ondotik, etxe guztietan behi gorriak edo lekuko behiak deitzen zituztenak baziren. Baina Frantziako Estatuak zezenak debekatu zituen, eta arraza Ipar Euskal Herrian desagertu zen. Biarnon eta Nafarroan, aldiz, oraindik existitzen zen. Peio Elizetxek erran duenez, «Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dirua eman zuten, eta arraza berpiztu eta lagundu zuten. Hortik landa, piriniotar deitu dute, eta geroztik Hego Euskal Herritik urrunago ere garatu da». Ipar Euskal Herriari dagokionez, laborariek nafarrak eta bearnotarrak gurutzatzen zituzten mendian, eta «emeki-emeki zenbait laborari interesatzen hasi ziren, behi bat erosiz, gero zezen bat...». 2010 urterako hamar bat ziren; denek ber momentuan egin zuten urratsa, zuzen zergatik jakin gabe.

«Lehenik Euskal Herriko Laborantza Ganberari esker bildu gara, ohartu baitira bazela interesa arrazarendako, eta Iparraldeko Behi Pirenaika elkartea 2016an sortu zuten», esplikatu du Elizetxek. Izan ere, tratulariek ez zuten baitezpada haragia ongi pagatzen, eta elkarteari esker hobeki komertzializatzea espero zuen. Geroztik, lan handia egin dute Ipar Euskal Herrian arrazaren ezagupena sustatzeko, eta Frantziako Estatuan ofizialki ezagutua izateko. Laborantza Ministerioarekin urratsak eginez, sei hilabete barne lortu dute. «Egia erran, jakinez arraza Europan ezagutua zela, ez da sobera zaila izan», erran du Elizetxek.

Kasik ber momentuan, elkarteak baldintza kaiera sortu zuen, gaur egun beren oinarri nagusia bilakatu dena. Elkartearen barne izateko, laborariek hiru baldintza nagusi betetzen dituzten behiak ukan behar dituzte: piriniotar arrazakoak, mendira abian direnak, eta Ipar Euskal Herrikoak. «Gero badira beste puntu batzuk: elikatzeko manera, gizentzeko manera; siloratzea debekatu dugu, belar enrubanatua uzten dugu bizitako direnentzat, baina ez gizentzen ditugunentzat; adarrak moztea ere debekatzen dugu, eta baita hormonak erabiltzea ere».

Harpea, publikoari begira

2022 inguruan, elkartekideak ohartu ziren beste laborari batzuek ere kasik ber izenarekin komertzializatzen zutela beren haragia; Pirenaika izenarekin. Hortik abiatu zen arrunt ezberdinduko zituen izen bat asmatzeko gogoeta. «Pentsaketa luze bat egin dugu: iraun du kasik bi urtez. Biziki konplikatua da izen baten hautatzea!», aitortu du Elizetxek. Azkenean, Harpea izena hautatu dute. Izan ere, etorkizunean sor-marka bat ukaiten badute, leku batekin lotura atxiki behar dute. «Harpea Garaziko mendialdeko gune aski sinbolikoa da. Eta, gainera, Garazi eta Aezkoaren artean urte guziz egiten dute trukaketa bat, festa bat». Hegoaldearekin duen loturak, lekua aski ezaguna izateak eta izena euskaldun eta erdaldunentzat oroitzeko erraza izateak bultzatu du erabakia. Elizetxek dioenez, sor-marka ez dute baitezpada berehala nahi, baina hogei edo hogeita hamar urteren buruan gerta liteke, nork daki.

Izena aldatzearekin batean, elkarteak nortasun bisual eta komunikazio tresna berriak ere sortu ditu. Helburua besteetarik ezberdintzea da, haustura bat markatzea, «dena berria izatekotan begiak ere markatzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.