Sutan kolektiboa

Harrotasuna hitzordu feminista bat da

Aña Iriart Barneix eta Maddi Kintana
2026ko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure feminismoa intersekzionala da, eta hortaz ezin diogu angelu bakar batetik heldu analisiari. Horregatik, gure transfeminismoa queerra da.

Luzaz lotuak izan dira queer borroka eta feminismoa Euskal Herrian; izan ere, lehenengo talde lesbianak Mugimendu Feministan zebiltzan emazteek osatzen zituzten, eta sexu-askapenaren gaiarekin bat egiten zuten. Ahaztu gabe klase borrokaren auzia. Adibidez, borroka elkargune hori materializatu zen 1977an, Basauriko kartzelan, Maria Isabel Gutierrez Velasco sexu-langilearen gorpua errea topatu zutenean: Mugimendu Feministak, sexu-genero askapenerako taldeak, sexu-langileak eta beste kolektiboak batu egin ziren mobilizatzeko; hortik hilabete batzuetara Euskal Herriko lehen Ekainaren 28ko manifestazioa antolatu zen.

Baina ez bakarrik Euskal Herrian. Espainiako eta Frantziako estatuetan, Europan, Estatu Batuetan, Abya Yalan... Queer jendea topa dezakegu emazteen eskubideen eta askatasunaren aldeko mugimenduetan.

Nola ahaztu bollerek eta emazte bisexualek feminismoari egindako ekarpen funtsezkoa? Abortuaren aldeko borrokan, oroit dezagun, haren beharrik ez bazuten ere, bollerak egon ziren lehen lerroan. Frantziako estatuan, abortua 1974an legeztatu zen, baina, lehendik, Mouvement de Liberation des Femmes (Emazteen Askapenerako Mugimendua) ari zen horretarako borrokan eta bertatik sortu zen Les Gouines Rouges taldea, bat eginez borrokarekin. Esaterako, Monique Wittig oinarrizko pentsalari lesbofeminista talde horren kide zen.

Irakurtzen baldin baduzue Leslie Feinbergen Mari Mutil Handi Baten Bluesak bikaina, azkar ikusten da femme-en, feminismoaren eta sexu lanaren arteko lotura, hala nola butchek edo mari-mutilek borrokari egindako ekarpena, klase kontzientzia ere gehituz.

Ezin genezake aipatu gabe utzi trans matxinaden garrantzia: generoaren abolizioaren bidean Mugimendu Feminista elikatu duen funtsezko elementua da, gorputz zis arautuak problematizatuz. Oroit ditzagun Stonewalleko matxinadan emazte transek eta trabestiek izan zuten garrantzia, gorputza lehen lerroan ipiniz. Ezin ahaztu, Oreretan duela 47 urte poliziak Francis hil eta gero, nola altxatu ziren marioker, maritxu eta trabestiak trans sumina aldarrikatzeko. Eta oraindik ere horretan dirau. Gorputzen autodeterminazioa gure gakoetako bat baita.

Ipar Euskal Herria noranzko queerra hartzen ari den honetan, gu horren parte-hartzaile aktibo izanen gara. Borroka queerra indartzen ari da borroka transfeministarekin batera. Eta zu, heterotasuna traizionatu eta bazterretako jendearekin bat egiteko prest zara? Batu zaitez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA