Atzo handik, egun hemendik, bihar garen lekutik, nonahi izan gaiten ere, beti izanen gara hemendik.
Amikuze zolan hazia jalgitzen, sortzen, ernetzen, bürnatzen, hozitzen ari zaigu; kimuak loratuko zaizkigu; sortuko direlakoan franko fruitu.
28 urte belaunaldi gazteak festibala duela zizelkatzen, 28 urte herritik antolatzen duela, herriarentzat, guretzat. Transmititua izan zaigun tresnak gure artean ehunduz, gazteriak guregain hartuz eta gureganatuz, urtez urte ibiltzen gara harremanak josten, arnasgune dugun urteroko hitzordua eraikitzen.
Bildotsa erretzen, sega-zahia gehitzen edo lekua zaintzen; festibala egiten dugu.
Elkarrekin pentsatzen, ideiak hausnartzen, gauzak partekatzen; festibalak egiten gaitu.
Egunerokoan harrabots itogarriak elkortzen gaitu: denboraren gibeletik lasterka ibiltzeak, bizitza kolorez hustu, uniformizazioa eta indibidualismoa helburu,
Nahi gaituzte beldurtu,
Gu baino zaurgarriagoak guhaurek zapaldu,
Eta gure zapaltzaileak ditzagun babestu,
Bilakaraziz kontsumo produktu.
Buru egin diezaiogun inposatzen ari zaigun munduari. Sua, sua eman diezaiogun inposatu nahi diguten sistemari!
Hauspoa harrotu dezagun guretik, euskal komunitate saretu eta pindartsua piztu dezagun!
Gurutzatzeko usaiarik ez dugun jendeok elkar goxa gaiten, josta gaiten, antola gaitezen, elkarrekin lan egin, truka eta sor dezagun,
Huts ala kausi, erori eta zuti, eta berriz hasi.
Amikuze zolan, ager gaiten plazara, dantzan berriz dantzan, elkarri estekan, irria begian eta euskara ahoan.
Gaur, hemendik Zuzenean baita Euskal Herria egiten!
Egunero, hemendik guzietarik da Euskal Herria egiten!
2024ko EHZko oholtzatik bota zen mezua, aurtengoari begi kliska.