24. Korrikako mezugileak

Aitzol Gil de San Vicente, Leire Casamajou eta Xalbat Alzugarai: «Euskararentzat egiten ari garena segitu behar da, herri gisa eta kolektiboki»

Xoko eta bide desberdinetatik heldu ziren euskarara Casamajou, Alzugarai eta Gil de San Vicente. Korrika bukaerako mezua idatzi zuten beste lau lagunekin batera. Erran dutenez, idazketa «erronka bat» izan da, baina esperientzia «aberasgarria» ere bai.

Aitzol Gil de San Vicente, Leire Casamajou Elkegarai eta Xalbat Alzugarai Etxeberri, Baionan, apirilaren 2an. PATXI BELTZAIZ
Aitzol Gil de San Vicente, Leire Casamajou Elkegarai, Xalbat Alzugarai Etxeberri, Baionan, apirilaren 2an. PATXI BELTZAIZ
Baiona
2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko zeruan, gazteria berri baten lekukoa ausarki altxatu zuten Aitzol Gil de San Vicentek (Hendaia, 2003), Leire Casamajou Elkegaraik (Sohüta, 2002) eta Alzugarai Etxeberrik (Urepele, 2001), beste lau lagunekin batera. Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren ordezkari izan ziren Korrika bukaerako ekitaldian eta mezua idazteko orduan. Bizi izandako esperientziaren ondotik, lurreratzeko eta hausnartzeko tartea hartu dute.

Nola jakin zenuten Korrikako mezua idatziko zenutela?

XALBAT ALZUGARAI ETXEBERRI: Abenduaren 19an jakin nuen, Whatsapp bidez, Bixente Claveriek [AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea] deitu baininduen proposamena egiteko. Aurten AEK-k ez zuen hartu nahi hain pertsona ezagunik mezuaren idazteko eta leitzeko. Lanketa kolektibo bat abiarazi nahi zuen Euskal Herriko lurralde bakoitzeko gazteekin. Eta ni hautatu ninduten Nafarroa Beheretik mezuaren idazteko eta leitzeko.

LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI: Ni ere Bixentek deitu ninduen, ber maneran, Zuberoatik mezuaren idazteko.

AITZOL GIL DE SAN VICENTE: Niri Ane Elordik [Korrikaren koordinatzailea] eta Lurdes Etxezarretak [AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea] galdegin zidaten kafe bat hartzea, eta kafe horren inguruan esan zidaten.

Ezezkoaren ematea zaila zatekeen.

ALZUGARAI ETXEBERRI: Momentuan berean galdeak pixka bat paralizatu ninduen, baina Bixenteri bota nion galdera: «Holakoetan ezezkorik ematen ahal da?». Erantzun zidan ezinezkoa zela ezezkoa ematea, eta, orduan, baiezkoa eman nion.

CASAMAJOU ELKEGARAI: Nik, egia errateko, pentsatu nuen ezezkoa ematea. Baina behin Xalbatekin mintzatu eta... Erran bezala, bizian behin gertatzen den gauza bat da. Hala ere, idazketa prozesuaren beldur nintzen. Niretzat, zazpiren artean idaztea erronka bat izan da, bakoitzak bere sentsibilitateak eta idazteko bere gustuak baititu. Ohartu garen bezala, eta normala den bezala, desadostasunak izan dira batzuetan.

«Niretzat zazpiren artean idaztea erronka bat izan da, bakoitzak bere sentsibilitateak eta idazteko bere gustuak baititu»

LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI Korrikako mezugilea

GIL DE SAN VICENTE: Hasieran, denok aipatu genuen sorpresa izan zela planteamendua, aurreko urteekin konparatuz. Aurreko urteetan egon direnak ikusi, eta zeure burua ez duzu horien parean jartzen. Gero, ikusita prozesu guzia nolakoa izan den eta zerbait berria egin nahi zutela, ezin zen ezetz erran.

ALZUGARAI ETXEBERRI: Ene ustez, denek sentitu dugu presio hori. Korrikako mezua gauza garrantzitsua da euskaldunentzat, entzuten duguna eta 11 egunez itxaroten duguna. Orain arte idatzi dutenek manera liluragarrian egin dute, haien arlotik abiatuz. Beraz, sentitu nuen exijentzia eta betebehar hori, eta horrek beldurtu ninduen.

Aurtengo mezua gorputzaren metaforatik abiatuz idatzi duzue. Nola etorri zitzaizuen ideia, jakinik zazpi zinetela?

CASAMAJOU ELKEGARAI: Lehenik, elkartu aitzin, bakoitzak pentsatu behar zituen bizpahiru hitz, paragrafo bat, nahi zuena, bakoitza berea zen gauza batekin jiteko gisan. Gero, elkarri irakurri genion, eta agian testu bakoitzetik ideia bat atera da azken mezurako balio izan duena. Hortik abiatu eta gero, lemari erreparatu genion.

ALZUGARAI ETXEBERRI: Gorputza anitz aipatzen da literaturan oro har, eta gorputz politikoaren ideia garatzea atera zitzaigun momentu hartan. Azken finean, Korrika herri bat gorpuzten duen ekimen bat da, eta gorputz hori mezugileok osatzen genuen Bilbon. Hortik abiatu eta gero, komunitatearekiko harremana garatu genuen.

GIL DE SAN VICENTE: Desberdinak ginen, eta xantza izan dugu oso ongi idazten duen jendea izatea. Batzuek ideiak botatzen genituen, eta beste batzuek testu uniforme batean antolatu ahal izan zituzten ideia horiek guztiak. Orduan, bortxaz, testuak doinu bera du.

Zazpi idazleetako bakoitzak harreman biziki ezberdina du euskararekin. Nola islatzen da hori paper gainean?

GIL DE SAN VICENTE: Polita izan da, idatzi aurretik gure artean mintzatu baikinen, eta ez bakarrik testurako ideiak aipatzeko. Bakoitzak bere bizipenak kontatzen zituen, bere anekdotak. Asko ikasi dut bakoitzarekin, baita sorkuntza prozesuan ere. Esan ziguten garrantzitsua zela giro bat sortzea, idatzi aurretik giro aproposa plantan ematea.

«Gorputza anitz aipatzen da literaturan oro har, eta gorputz politikoaren ideia garatzea atera zitzaigun momentu hartan. Azken finean, Korrika herri bat gorpuzten duen ekimen bat da, eta gorputz hori mezugileok osatzen genuen Bilbon»

XALBAT ALZUGARAI ETXEBERRI Korrikako mezugilea

CASAMAJOU ELKEGARAI: Bai, hori da, talde batean beti gertatzen den bezala, iduritzen zait bakoitzak bere sentipenak zituela. Batzuek gehiago positibotasunetik, beste batzuek gehiago fatalitatetik. Jende profil ezberdinak ikusten ziren, segur aski Euskal Herria irudikatzen dutenak. Probintzia aldetik, bakoitzak bere mintzatzeko manera zuen, gauzak adierazteko bere moldea. Uste dut hori guzia jasotzen duela testuak, baduelako bakoitzaren errealitatetik, gogoetatik eta hizkuntza ohituretatik.

ALZUGARAI ETXEBERRI: Hastapenetik nahi izan dugu testu bat egin bakoitzak bere maneran interpreta zezan, bere errealitatetik. Testuak bidea ematen du interpretaziorako.

Bakoitzaren nahiaren arabera erabaki duzue bakoitzak zer parte irakurriko zuen?

CASAMAJOU ELKEGARAI: Ez. Hasieratik erran genuen osotasunean denena izan behar zuela testuak. Hala idatzi da, gainera. Beraz, irakurketaren ordena erabakitzean, pentsatu genuen Korrikaren ibilbidearen zentzuan egitea, sinpleki: Zuberoatik Bizkaira. Lekukoa, aldiz, beste zentzuan eraman genuen.

Zeri pentsatu zenuten mezua irakurtzean? Bilboko udaletxe aitzinean zineten, milaka jenderen parean.

GIL DE SAN VICENTE: Nik uste dut eskaileretara igo bitartean bakoitzak arlo intimoari pentsatzen zuela; nik adibidez, nire amatxiei. Hunkitua egon nintzen buruan nuenarekin, eta uste dut behin igota pixka bat hipnotikoa zela dena. Hainbeste jende, hainbeste aurpegi ikustea...

CASAMAJOU ELKEGARAI: Zubira igo aitzin eta bezperan ere, fisikoki biziki barna sentitu ditut estresa eta kezka. Baina, zubira igatean desagertu, eta bat-batean biziki ederra zen dena. Ez dakit disoziazioa zenetz. Zazpiek elkarri heldurik eta AEKren babesarekin, azkenean biziki kontzienteki bizi izan dut momentua; betea sentitu nintzen.

ALZUGARAI ETXEBERRI: Ni ere disoziatu nintzen zubira sartu eta. Baina halere, momentuaz gozatu dut, Bilbo biziki ederra baitzen egun hartan. Bistan da alde intimoari pentsatzen duzula momentu horretan. Nik banituen lehen lerroan euskararen eta euskalgintzaren bidean lagundu ninduten lagunak, eta, neurri batean, mezua haientzat ere bazen.

Oharrak, iruzkinak eta kritikak izan dira mezugileen hautaketari buruz. Nola bizitzen da hori? Agian ez zenuten espero?

GIL DE SAN VICENTE: Espero agian bai. Korrika hasieratik arreta desbideratzen saiatu da jende mota bat. Adibidez, CCOO sindikatuarekin gertaturikoa ikusi baizik ez da egin behar. Korrikan parte hartu ez duten edo euskararen kontra egon diren sektore batzuk giroa nahasten saiatu dira. Pena da horrelakoez mintzatzea eta ez Korrikak izan duen arrakastaz, euskararen normalizazioak eskatzen duen jauziaz. Ez da goxoa izan: injustua izan da.

«Korrikan parte hartu ez duten edo euskararen kontra egon diren sektore batzuk giroa nahasten saiatu dira. Pena da horrelakoez mintzatzea eta ez Korrikak izan duen arrakastaz, euskararen normalizazioak eskatzen duen jauziaz»

AITZOL GIL DE SAN VICENTE Korrikako mezugilea

CASAMAJOU ELKEGARAI: Nik ez nuen horrelakorik espero. Gertatu da, eta Aitzolek erran bezala, gaia pixka bat desbideratzea da, eta Korrika zeren alde egiten dugun baztertzea. Alde batekoak edo bestekoak gehiegi ginela pleinitzen da jendea, baina era berean, jende batek egiten ez duen lana betetzen du Korrikak. AEK bakoitzarengana hurbildu zen, gure esparruan eta gure lurraldean egiten dugun lanari arreta emanez. Baina, azkenean, gu bezalako beste zazpi gazte izaten ahal ziren berdin-berdin. Gazteria horrek merezi du bere lekua.

ALZUGARAI ETXEBERRI: Testuan erraten dugu azalberriturik heldu direla munstro zaharrak. Ea munstro horien kontra altxatzen garen euskaratik. Nehoiz baino lekuko hartze gehiago izanez eta nehoiz baino jende gehiago bilduz, aurten erakutsi da herri hau badela Korrikari esker. 

Zer etorkizun ikusten diezue Korrikari eta euskarari orduan?

ALZUGARAI ETXEBERRI: Ane Elordik balorazio orokorrean erran bezala, Korrikaren alde egotetik alde egitera pasatuko ote garen. Korrika egitea erraza da, baina orain esperantza dut batu den jende masa horrek edo bederen parte batek terrenoan eraginen duela. Uste dut gakoa hor dela. Terrenoan eragin behar da, eta, horrela, oldarraldiaren aurkako martxa bat plantan ematen ahalko da. Baina ez bada eragiten eta alde guzietan euskara egiten, pixka bat zail dugu. 

CASAMAJOU ELKEGARAI: Beti iduritzen zait galdera hau dela zailena. Zer egin behar dugun euskararen etorkizunerako? Badira egiten ez diren lan politikoak, eta AEK-k hori ere azpimarratu du. Aldi berean, niri iduritzen zait lan militantea ezinbestekoa dela. Edozer izanik ere, izan aitzinamendu judiziala edo izan administratiboa, karrikako militantziak lanean segitu beharko du beti. Mezuan erran dugun bezala, ez da erantzun magikorik, baina egiten ari garena segitu behar da, herri gisa eta kolektiboki.

GIL DE SAN VICENTE: Korrikak indarra ematen du, eta indar hori baliatu behar da. Iritsiko dira hurrengo Korrika arte beste hitzordu anitz. Herri gisa elkartu beharko dugu, eta Korrikan bezala, jende ezberdinak izanen gara. Korrikak erakutsi digu zer egiteko gai garen, eta uste dut euskarak dituen erronkei eta oldarraldi judizialari erantzuteko moduak kolektiboa izan beharko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA