«Badira zenbait urte gogoetatzen ari garela Angeluko karrikak eta plaza nola har genitzakeen». Gogoeta horiei tiraka, hiri «osoa» mobilizatu dute Angeluarrak dantza taldearen 60. urteurrenaren karietara kabalkada bat muntatzeko, Patxi Amulet proiektuaren kudeatzaile eta musikariak kontatu duenez. Erran du azken urteetan hiriko bazterrak betoiz estaltzen ikusi dituztela, bigarren etxebizitzak emendatuz joan direla, eta testuinguru horretan «hats berritze bat» izan daitekeela kabalkada.
Kabalkada ez da hutsetik sortu. Euskal Herriko erritualen inguruko pentsaketa duela pare bat urte abiatu zutela kontatu du Amuletek —Olentzeroren etorrera eta ihauteriak tarteko—, eta horrek eraginik kabalkada egiteko xedea sortu zen. Haren ustez, angeluarrek argi dituzte helburuak, eta herritarrak «saretzeko» —hots, komunitatea biltzeko eta sendotzeko— parada ireki dutela erran du. Hala ere, azpimarratu du ateak zabalik atxiki behar direla tokikoak ez direnak «integratzeko eta laguntzeko» asmoz.
Oihana Makazaga Angeluarrak dantza taldeko kideak ere azpimarratu du denei zuzendutako proiektua dela kabalkada. Euskararen eta euskal kulturaren erakustokia bada ere, interesa lukeen edonori gomita luzatua izan zaio, gaineratu duenez. Euskarak leku «berezia» izanen du beti, kabalkadaren bultzatzaileek erakutsi nahi baitute Angelun ere euskaraz egiten eta antolatzen ahal dela. Horretarako, zenbait errepikatan euskaraz ahalik eta gehien hitz egiteko engaiamendua hartu dute. Adibidez, hiztegi berezi bat sortu dute kabalkadako parte hartzaile erdaldunentzat, eta banatu zaie. Euskara leku guzietan dela azpimarratu du Makazagak, eta kabalkadaren egunean seinaletika osoki euskaraz izanen dela segurtatu du. Ekitaldi horietan seinaletika elebiduna izan ohi da, baina, oraingoan, piktograma ttipiak emanak izanen dira euskara ulertzen ez dutenentzat.
Angeluarrek helburua argi dute: hirian bertan ere «herri egitea»
Orotara hirurehun parte hartzaile inguru engaiatu dira proiektuan. Haien artean, 25 antzerkilari, hogei musikari inguru eta kasik berrehun dantzari. Antzerkiaren taula zuzendaritzako Jokin Irungaraik segurtatu du. Ideia bilketa eta idazketa bukatzekotan daude, baina kabalkadako gaien inguruko xehetasunen lortzea ezinezkoa da, ez baitu deus erran nahi. «Denek zin egin diogu elkarri ez genuela gai bakar bat ere salatuko!», azaldu du Amuletek.
Dantzaren inguruan abiatu zutenez proiektua, dantzak protagonismo berezia ukanen du. Makazaga kudeaketa orokorrean eta dantzaren arduran engaiatu da. «Dantzari tropa handiaren baitan bi talde ezberdinduko dira: bolantak eta kaskarotak. Bolantak dantzari erosoagoak izanen dira, fandangoa edota euskaldunak-sorginak erako dantzak emateko gai izanen direnak. Kaskarotek, berriz, jauziak emanen dituzte, eta maila eta adin guztietako parte hartzaileez osatua da taldea». Dantzari andana horrek bezti bereziak behar ditu, eta horretarako hogei bat jostun erregularki biltzen hasi dira, hainbeste dantzariren apaintzeko «sekulako» lana delako. Bolanten kostumak kabalkadarako egin dituzte espresuki, neurrira. Kaskarotentzat, aldiz, dantza taldeko jantziak erabiliko dituzte, baita beste elkarte batzuek prestaturikoak ere.
Transmisioa oinarri
Elkarlana da kabalkadaren funtsa. Amuletek erran bezala, Angeluko elkarte ezberdinek egin lezaketen ekarpena «funtsezkoa» da. Angeluarrak taldeaz aparte, Kimua ikastola, Ibaialde, Manex Goienetxe Kultur Etxea, Muslariak, Suak Angelun eta Gaia elkarteak inplikatu dira proiektuaren obratzeko. Hainbeste jende bildu nahian, adin guzietako parte hartzaileak nola integratu pentsatu dute. Haurren lekua zalantzan emana izan denetz kabalkada handian, gazte kabalkada baten egitea deliberatu dute. Horrela, Angeluko eskola elebidun pribatu edo publikoetako haur guzien parte hartzea bermatu zezaketen. Lerratokian eginen dute laurehun gaztek prestaturiko kabalkada, ekainaren 5ean.
Amuletek segurtatu du «egiazko» kabalkada izanen dela, bertsoa, antzerkia eta dantza pasarteak txandakaturik. Musikariak ere gazteak izatea hautatu dute, eta proiektuan parte hartzeko parada eskaini diete kontserbatorioko ikasleei. «Denak inplikatu nahi genituen, kabalkadarekin euskara eta euskal kulturaren ezagutza transmititzea garrantzitsua zaigulako. Transmisio hau arlo ezberdinetan segurtatu nahi genuenez, gazte kabalkadako musikariak gazteak izan behar ziren. Horretarako, kontserbatorioko ikasleei proposatu genien parte hartzea», azaldu du Amuletek.
Hainbat hilabetez jauzi, orro eta eszenak errepikatu ondotik, angeluarrek bi aldiz emanen dute kabalkada. Irailaren 20an, igandez, Hardoi plazan, eta irailaren 26an, larunbatez, Quintaou plazan. Txartelak fitesko salgai emanen dituztela zehaztu dute.