Europako ihesaldirik handiena izan zen 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako gotorlekuan (Nafarroa) iragan zena. Hala kontatu du Mikel Gerrak, La Fuga kirol ekinbidearen antolatzaileak. Iaztik ari dira antolatzen Ezkabartetik Urepelerainoko proba; bigarrena izanen da aurtengoa. Maiatzaren 17an eginen dute; aurten, zehazki, mendi ibilaldia. Fermin Ezkietaren Ezkabako gotorlekuko iheslariak (Pamiela, 2022)liburutik heldu da Ezkabako 795 presoen ihesa oroitzeko ekimenaren ideia. Haietatik berrehun baino gehiago hil zituztela zehaztu du Gerrak, baina hiru Urepelera heldu zirela: horregatik egiten dute Ezkabatik Urepelerako proba.
Pertsona guzientzat egiteko modukoak diren hiru ibilaldi prestatu dituztela adierazi du Gerrak, nahieran hautatzeko. Ezkabatik Urepelerainoko 53 kilometroko ibilaldiaz gain, Ezkabatik Saigotserainoko 28 kilometroko ibilaldia prestatu dute, eta Saigotsetik Urepelerainoko 25 kilometroko martxa egiteko aukera ere izanen da.
Iaz mendi lasterketa egin zuten, baina aurten mendi ibilaldia egitea erabaki dute, oraingoan ere ihesi joan zirenen memoria bizirik mantentzeko helburua harturik, Gerraren erranetan. Beraz, kirola «estakurutzat» hartu dute Ezkabako presoak oroitzeko; kirolaren bidez gertaturikoa transmititzeko eta agerian emateko balio duela gehitu du.
Hala ere, Gerrak erran duenez, La Fugako antolatzaile taldeak ez du bere gain hartu garai hartako ihesa aztertzeko lana. Ohartarazi du horretarako badirela historialariak eta jende berezitua. «Guk, antolatzaile gisa, ihesa agerian emateko eta gerlako presoen memoria berreskuratzeko lana egiten dugu».
«Orotariko» eragileak
Hiru lagun hasi ziren La Fuga antolatzen. Ondotik, ideia inguruan zabaldu, eta elkarteek eta erakunde publikoek «beso zabalik» hartu zuten, Gerrak nabarmendu duenez. Nafarroako Gobernuak sostengatzen du La Fuga, eta hamahiru herriko etxeren sostengua eta ibilaldia antolatzeko «prestasuna eta motibazioa» ere goraipatu ditu Gerrak. Besteak beste, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Iruñea, Esteribar eta Urepeleko herriko etxeek laguntzen dute. «Erakunde publikoez gain, hainbat memoria elkarte batu dira proiektura. Arekak eta Ezkabako gotorlekua GR-225 elkarteak zinezko bultzada eman diote La Fugari».
«Guk kirolaren bidez nahi genuke Ezkaban gertatu zena ezagutarazi, Espainiako gerlan presondegiratuak omendu eta memoria historikoaren transmisioa egin»MIKEL GERRALa Fuga mendi ibilaldiaren antolatzailea
Ekinbidearen «orotariko izaera» nabarmendu du Gerrak. Eragile bakoitzaren ekarpena eta hausnarketa ongi etortzen direla zehaztu du, ibilaldi aberatsa eta orotarikoa egiteko balio baitu, haren ustez. Horrela, erran du kirolaren bidez argitan ematen dela memoriaren berreskuratze lana, eragile anitzen artean, poliki-poliki eta denborarekin. «Guk kirolaren bidez nahi genuke Ezkaban gertatu zena ezagutarazi, Espainiako gerlan presondegiratuak omendu eta memoria historikoaren transmisioa egin».
Iazko lasterketan hirurehun parte hartzaile aritu ziren, eta aurtengo mendi ibilaldiak egiteko, momentukotz, laurehun lagunek eman dute izena. Gerrak adierazi du izena emateko kanpaina biziki ongi doala; bortzehun parte hartzaile izateraino heldu nahi lukete. «Pozik» dago, eta segurtatu du aurtengo aldia iazkoa bezain «arrakastatsua» izanen dela.
Parte hartzaile gehienak nafarrak izanen direla jakinarazi du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jendea ere izanen da. Ipar Euskal Herrikoek parte hartzen ahal badute ere, gutik eman dute izena oraingoz. Heldu diren aldietarako helburua La Fuga Euskal Herritik kanpo zabaltzea izanen da, Gerrak azaldu duenez. Errate baterako, Ezkabako presondegian Asturiasko eta Leongo erkidegoetako (Espainia) jendea ere ukan zutenez, hango bizilagunek ere parte hartzea nahi lukete antolatzaileek, Ezkabako iheslarien memoria «haiena ere» baita.