Leire Oillarburu: «Ikusleen aldetik ez gara inkiet, bada euskarazko filmak so egiteko enbeia, baina inkiet gara laguntzei begira»

Azaroaren 23an, Baionako Atalante zinemak euskarazko bikoizketa tailer bat proposatuko du. Euskarazko zinema bultzatzeko nahian oinarrituriko proposamena dela esplikatu du Leire Oillarburu zinema gelako langileak.

(ID_17624346813725) Leire Oillarburu Atalante zinema gelako euskara zerbitzuko langilea, joan den astean, Baionan. FRANCOIS BERLAND
Leire Oillarburu Atalante zinema gelako euskara zerbitzuko langilea, joan den astean, Baionan. FRANCOIS BERLAND
julene muruaga
Baiona
2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badu orain urte bat eta erdi Atalante zinema gelan lan egiten duela Leire Oillarburuk (Suhuskune, 1995), euskarazko zinemaren garapenean. Begi onez ikusten du azken urteetako euskal zinemaren egoera, sustut ohikoa baino fama gehiago ukan baitute hainbat filmek. Baina heldu den urteei begira kezkatua da, diru laguntzen murrizketengatik bereziki. Euskal zinemari indarra emateko, ekainean egin lehen saiakeraren ondotik, azaroaren 23an, bikoizketa tailer bat proposatuko dute berriz ere, euskaraz. Tailerra helduei irekia izanen zaie, eta nahi duenak izena ematen ahal du.

Badu urte bat eta erdi Atalanten lanean ari zarela, euskal zineman bitartekari. Zein da egiten duzun bilana?

Kontent naiz. Egia erran, proiektu anitz bultzatuak izan dira, bereziki lurraldeko irakasleekin. Anitz lan egiten dugu ikastola, eskola, kolegio eta lizeoekin, helburu nagusia baitugu gazteak jinaraztea filmak begiratzera, eta hori gero eta gehiago garatzen ari gara. Ni jin baino lehen, jadanik egiten zen Atalanten, baina orain harremana irakasleekin egonkortu da. Eskoletako orduetatik kanpo ere, gazteak gero eta gehiago hurbiltzen dira, izan proiekzioetara, edo tailer eta solasaldietara. Berriki, adibidez, egin dugu stop motion tailer bat, eta marrazki tailer bat. Horren bidez, gazteak ulertzen hasiak dira Atalante leku bat dela euskaraz ikusteko, entzuteko eta praktikatzeko. Garrantzitsua da gazte-gaztetik horrelako gauzetan parte hartzea.

Zergatik da garrantzitsua ahalik eta goizen hastea zinemara joaten?

Gaztetan ohiturak sortzen dira, eta enbeiak pizten. Orokorrean, nahi dugu zinemara jiteko usaia garatu. Badakigu familia anitzek ez dutela usaia hori, ez baitute ahalbide ekonomikorik edo astirik. Beraz, Atalanten, gure politika da proiekzioak prezio apalean proposatzea. Hori eskolen bidez lantzen saiatzen gara, eta bereziki euskarazko filmen inguruan. Anitz ez dira euskal munduan murgilduak eskolatik kanpo. Euskara klaseko hizkuntza baizik ez da anitzentzat. Filmen bidez, erakutsi nahi diegu euskara kulturari edo aisiari lotzen ahal dela, eskolatik kanpo ere badirela euskarazko kultur ekitaldiak, eta euskaraz gozatzen ahal dela. Hortaz, eskolentzat egiten ditugun proiekzioetan saiatzen gara solasaldiak edo tailerrak proposatzen, analisiak egin ditzaten, zer sentitu duten aipatzeko, baita zer ulertu duten ere.

Etorkizunari begira, nola ikusten duzu euskal zinema?

Aski positiboki. Bereziki pasatutako urteekin konparatuz. Gero eta publiko gehiago hurbiltzen da euskal zinema begiratzera. Azken urteetan izan dira fama handi-handia ukan duten filmak, Josu Martinezen Bizkarsoro edo Paul Urkijoren Irati filmak bezalakoak sartu dira. Hori seinale ona da. Jendeak ikusi du euskal zinema kalitatezkoa dela. Halere, oraindik gorabeherak badira. Oraindik laguntza guti dugu; hori Zukugailua elkartearen bidez ikusten dugu bereziki. Finantzaketa eskasa bada. Euskal film egileek laguntza gehiago ukan behar lituzkete. Gainera, heldu diren urteei begira, egoera lausoa da, ez dakigu nola bilakatuko diren laguntzak: laguntzak emendatuko dizkigute ala kenduak izanen zaizkigu? Bada kezka horren inguruan. Ikusleen aldetik ez gara inkiet, bada euskarazko filmak so egiteko enbeia, baina bai inkiet gara laguntzei begira. Publikoaren aldetik interesa emendatzen ari da.

«Errealistak izan behar dugu, eta, nahiz entseatzen garen, batzuetan frustragarria izan daiteke, hilabete batzuetan ez baita euskaraz filmik ateratzen. Eta oraino frustragarriagoa da haurrendako proiekziorik ez dugularik»

Euskal zinemak zer leku du Atalanten, beste herrialdeetako filmei konparatuz?

Azken urteetan gero eta Euskal Herriko film gehiago proposatzen ari gara. Betidanik euskarazko filmei garrantzia ematen saiatu dira Atalanteko programazioan. Filmez gain, topaketak proposatzen saiatzen gara, aktore edo filma egileekin, proiekzioa egin eta gero. Halere, errealistak izan behar dugu, eta, nahiz entseatzen garen, batzuetan frustragarria izan daiteke hilabete batzuetan ez baita filmik ateratzen, eta, beraz, Atalanten programazioan ez da euskal filmik. Eta oraino frustragarriagoa da haurrendako proiekziorik ez dugularik. Orokorrean, haurrendako euskarazko animazio biziki guti ateratzen da. Eta ateratzen direlarik, bikoiztuak izan diren filmak izaten dira. Eta hori Hego Euskal Herrian egiten da bereziki, baina gutitan sartzen dira gure programazioan.

Frustrazio horri erantzuteko, bikoizketa tailerrak proposatzen hasi zarete.

Bai. Proiektua urte hasieran abiatu zen. Departamenduaren bidez, Kulturarekin handitu deitzen den diru laguntza bat lortu genuen: laguntza horrek permititu zigun hiru film labur bikoiztea, euskaraz. Albert Camus kolegioko ikasleekin egin genuen, Gasteizko Kalakalab elkartearen laguntzarekin. Horren bidez hasi ginen zinez bikoizketari interesatzen, eta hausnartzen hasi ginen. Kanalduderekin eta Zukugailuarekin aipatu eta denak ados ginen errateko badela eskas bat, eta biziki hautu guti badela. Bilaketak egiterakoan, Conta’m elkartea atzeman genuen, filmak okzitanieraz bikoizten dituen Okzitaniako elkartea da. Badu hamabost urte horretan ari direla; biziki onak dira, profesionalak dira. Haiekin harremanetan sartu ginen, eta laguntza galdegin genien.

Ekainean egin zenuten lehen tailerra, ezta?

Bai, Conta’m elkartearekin formakuntza bat proposatu genuen. Lurraldeko hainbat antzezlek eta soinu eta irudi teknikarik parte hartu zuten. Goizean, Okzitaniakoek esplikatu ziguten zer den bikoizketa, nola egiten den, eta nola egituratua den haien elkartea. Eta arratsaldean, tailer praktikoak izan ziren. Aski fite gogoa piztu zen parte hartzaileen artean. Segituan erran ziguten biziki motibatuak zirela segitzeko, eta gu ere bai. Beraz, proiektua aitzina eramaten saiatu gara. Azaroan bigarren saiakera eginen dugu. Aldi honetan helduei bakarrik irekia izanen zaie tailerra, heldu ahotsak behar baititugu bikoiztua izanen den filmarentzat. Berdin, gerora begira, usu izaten ahalko diren ahotsak atzemanen ditugu.

Okzitanian badu hamabost urte bikoizketa saila garatua dela. Hego Euskal Herrian ere aski garatua da. Nolaz bikoizketa hain berandu jiten da Ipar Euskal Herrira?

Hego Euskal Herrian ere badira aski guti, badira bizpahiru elkarte eta enpresa. Orokorrean, film guti bikoiztuak izaten dira euskarara. Eta hori arazo bat da. Usu batailan ari naiz eskoletako haurrei proposamen berriak proposatzeko, baina zaila zait. Usu ber filmak pasatzen ditugu, ez baita proposamen anitzik... Badakit Ipar Euskal Herrian badela bikoizketa sail bat sortzeko gogoa aspalditik, baina aurten arte, ez da zinez denborarik hartu hori garatzeko. Orain, Kanalduderekin eta Zukugailuarekin lan egiten dugunez, badugu indar handiagoa. Halere, biziki zaila da oraino. Bikoizketak diru anitz-anitz eskatzen du. Finantzaketa handia da, bereziki materialari begira, mikrofonoak, soinua, programak... Eta horrez gain filmak eskuratzeko ere, zaila eta garesti da... Denak du kostu handia. Nahi badugu lan profesionala eta garbia proposatu, baliabideak behar ditugu. Horregatik, zinez espero dugu lurraldeko egiturek lagunduko gaituztela. Laguntzarik gabe, kokatuak izanen gara.

Bestalde, film edo dokumental egile euskaldunak laguntzeko beste egitasmoak dituzue, Hemendik egonaldia adibidez.

Hemendik egonaldia sorkuntza edo prestatze egonaldi bat da, Zukugailuarekin egiten duguna. Egonaldian, film egile gazte euskaldunak jiten dira bizpahiru egunez haien proiektua lantzera eta aurkeztera. Hori egiten dute tutore profesionalekin. Badituzte bi egun prestatzeko, eta gero, kanpoko eragile batzuei eta lurraldeko produktoreei beren lana aurkezten diete. Urtero parte hartzaile baten lana hautatua da, eta diru laguntza bat irabazten du bere lana aitzina eramateko. Egonaldi hori biziki inportantea iruditzen zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.