Xiberoko Feministak

Ile puntaraino

Pauline Barou
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baditut 36 urte eta ile zuriak. Badira hogei urte hori hala dela, eta dirudienez gai bat da. Zetkin taldeko kantari-ahizpa-ilezuriak hain ontsa dion bezala, «Normak, baldintzak, arauak, gure gorputzen kontrola, nola posible genuke horretan ez itotzea?» (Orratzak kantua, Emazte Gudari diskoa).

Lizeoan, pausa denboretan, lagun batek ile zuriak kentzen zizkidan. Tai gabe errepikatzen zidaten kasu egiteko, doble arra pusatzen direlakoan. Eta begi bistakoa da egia zela. Laster, ez genuen aski pausa ileak oro kentzeko. Nire lagunek aterabide sinpleena proposatu zidaten orduan: ileak tindatzea. Bigarren porrota.

Duela ez hain aspaldi, karrikan ikusi dudan eszena batek oroitarazi dit garai iletsu katastrofiko hura; emazte bat espaloian, ile-apaindegi baten aitzinean, ileak tinduz emokaturik, gosaria goitika botatzen ari zen. Gaixoak ez zuen jasaten produktuen usaina. Oroitarazi zidan zergatik atxikitzen dudan ene ileen kolore naturala. Gainera, ez zirelarik ene ileak aipagai, ene gorputzeko beste parte batzuek zuten arreta biltzen. Azkenean, ari nintzen ileak izatea ez zela hain gaizki.

Gogoan dut ogi bat erostera joan nintzenekoa, eta okinak galdetu zidala ene egiazko ileak zirenetz. Ene erantzuna entzun eta xantza nuela erran zidan, bere senarrak koloreztatuak nahiago zituelakoan. Handik joatean, gogoetan ari nintzen ea bere senarra ile-faltsuak ezartzera behartzen ote zuenetz (koloreztatzea baino aise erosoagoa da, artetik errateko).

Logikoki, ileen zuria denborarekin zuriago bilakatu da, oharrak ere bai, eta halabeharrez adinarekiko lotura ere. Berriki, herriko besta batzuetan erran didate: «Ez dut ulertzen, gaztea zara ala zaharra?». Beste behin, aspaldiko urteetan ikusi ez nuen ezagun batek bota zidan: «Ontsa da zure orrazkera, baina hamar urtez zaharragoa iduri duzu». Halako tipo bat zahartzen denean, ondoko anekdota sortzen da.

Hirurogei urteko bat, brantxatua, ile zuri-beltzekin, ustez adinik hoberenean zen klaseko bazkarian. Ni, ostatuan ene lagunekin. Sentitzen dut zarta bat sorbaldan, eta tipoak erraten dit: «Ai, barka! Uste nuen ene klasekoa zinela!». Jin bezala joan zen, bere txisteaz fier, bere dorpetasuna emazte adinkideei jasanaraztera. Emazte horietan, batek berak ere ez zuen ile zuririk.

Galdetzen didatenean arrangurarik badudanetz hainbeste ile zuri ukaiteko, erantzun bakarra heldu zait gogora: «Ene arrangura handiena zu zara!». Ohar horiek emazteek bizi dugun tai gabeko presio sozialaren orratzak dira. Egiten duguna egiten dugula, beti norbait izanen da emazteen gorputzaz bere iritzia emateko, ileetatik zangoetara. Arren, egin nahi duzuen bezala! Eta besteak...

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA