Irudietan guti agerrarazi nahi direnez, emazteen ileak argitara jarri nahi izan dituzte Ariane Fravalo eta Lucie Francini (Paris, 1990) argazkilariek 'Poils incarnés' (Ile haragian sartuak) argazki sailean. Baionako Kaxu galeriaren 'Ne rougis pas' (Ez zaitezela gorritu) erakusketa berriaren karietara egin argazki proiektua da; bihar estreinatuko dute galerian, baita Baionako karriketan argazkiak afixatuz ere. Emazteen ileak eta orokorrean emazteei inposatzen zaizkien estandarrak «haustea» dute helburu. Hainbat artistak osatu dute 'Ne rougis pas' erakusketa, eta irailaren 5era arte ikusgai izanen da Kaxu galerian.
Zer harreman duzu zuk gorputzeko ileekin?
Ileak beti izan da nire biziko gai bat. Alde batetik, gai hori biziki absurdoa egiten zait, denbora eta energia galtzea da ileak kentzea. Gizonen ileak beti eta denetan ikusten ditugu, eta, anartean, emazteak behartuak gara depilatuak izatera, deus ez da agertu behar. Eta ez badugu hori egiten, epaituak gara, eta batzuetan eraso ere egiten digute. Horrek beti nardatu nau. Baina, bestaldetik, ez dakit besterik egiten, depilatzeko beharra sentitzen dut, ez naiz ausartzen ileekin ateratzen.
Arlo profesionalean, argazkigintzan, ileak anitzetan ikusten edo argazkitan hartzen dituzu?
Ez dute lekurik, ez. Arlo profesionalean ez dut ilerik ikusten, edo argazkitan ez ditut hartzen. Arianek eta biok kirolerako eta kirol markentzat hartzen ditugu argazkiak gehienbat. Pertsona eta emazte anitz argazkitan hartzen ditugu, eta ohartzen gara azalak oraindik leun-leunak direla, jendeak ilerik ez duela. Gizartean azal leunak errotuak diren bezala, argazkigintzan ere hala da. Marka biziki gutik aldarrikatzen dute hori, ez da marken ideietan emazteen ileak argazkietan uztea. Halere, gauzak mugitzen ari dira, eta marka batzuek ileak erakustea erreibindikatzen dute, eta ileak agerrarazi nahi dituzte. Baina, oro har, izugarri guti erakutsiak dira. Beraz, Arianek bere ideia aipatu bezain laster onartu nuen sorta hori egitea. Aspaldi buruan dudan gai bat da.
Nork parte hartu du proiektuan?
Instagramen bidez gure proiektuaren berri eman genuen, eta parte hartu nahi zuen orori ateak ireki genizkion. Biziki harrituak ginen proiektuak ukan zuen arrakastaz, emazte anitzek erantzun baitziguten. Izugarri goxoa eta hunkigarria izan da pertsona horiekin guziekin hitz egitea.
Argazkiak kanpoan hartu dituzue. Kasualitatez ala nahitara izan da?
Nahitara izan da. Nahi genuen diptiko bat egin, pertsona bakoitzarentzat bi argazki: bata potret moduan, aski urrunetik hartua, eta bestea, argazki xeheago moduan, ileak ongi ikusteko. Argazki horiek hartzeko lekua neskek erabaki behar zuten, baina kanpoan izan behar zuen.
Zergatik?
Nahi genuen absolutuki kanpoan izatea, toki publikoetan ileak karrikara eramateko. Ez zuen sobera zentzurik pertsona horien intimitatea erakusteak; kanpoan izan behar zuten, kanpoan ere gure ileak erakusten ahal baititugu. Horregatik, argazkiak karrikan afixatuko ditugu, jendeak ikus dezan emazteek ileak dituztela, existitzen direla, horrelakoak direla, eta normala dela. Gure begiak emazteen ileei ohitu behar ditugu.

Horrelako proiektu bat sortzerakoan, ba ote da kezkarik?
Egiterakoan beldur ginen emazteei beste agindu bat sortzea: deseraikia bazara, zure ilea ez kendu, eta kentzen baduzu, erran nahi du ez duzula deus ulertu. Ez. Ez genien beste zerbait inposatu nahi emazteei, kontraproduktiboa izanen zen bestenaz. Alderantziz, gure galdera da emazte horiek zer harreman duten beren ileekin.
Nolako harremana dute, beraz?
Bada denetarik. Batzuk ilearen inguruan arras politizatuak dira, eta ileak uztea ekintza politikoa da. Badira ere ileak kentzen dituztenak, eta argazkiak egiteko luzatzen utzi dituztenak. Edo ileekin ateratzeko lotsatuak direnak, ileak berriki luzatzen uzten dituztenak... Beste batzuendako, urteak dira ez dituztela mozten, besterik gabe. Arras interesgarria izan da. Batzuentzat, hiru ile agerraraztea alimaleko esfortzua izan da, eta batzuentzat normala da, ez da ezta gai bat ere. Beraz, argazkietan pixka bat denetarik agertzen da.
Proiektuak zer helburu du? Errealitatea biltzea? Mezu politiko bat zabaltzea? Gorputzaren irudi artistiko bat pasaraztea?
Uste dut hiru dimentsio horiek biltzen eta nahasten dituela proiektuak. Baina, lehenik eta behin, erakutsi nahi izan dugu gure gorputzez berriz jabetuko garela, baita karrikez ere. Ez garela gehiago gure gorputzez lotsatuko, ez gure etxean, ezta kanpoan ere. Eta bada bortxaz dimentsio artistiko eta estetiko bat. Emazteen gorputzak beti leun-leunak ikustera usatu gara, ezin dugu emazte baten gorputz iletsua ikusi. Eta ondotik, bada mezu politikoa. Erran behar da ileak kentzea gizartearen agindu bat dela, eraikuntza sozial bat. Berriz ere emazteei etengabe erraten zaie behar dutela beren gorputza zuzendu, doitu eta hobetu. Horri kontra egiteko hartu ditugun argazkietan, emazteak harro erakusten ditugu. Haien portaeretan pasarazi nahi dugun mezua hau da: «Begira gaitzazue, ileak ditugu, eta, gainera, harro gara!».
Historikoki, argazkiak eragina izan ote du emazteen gorputzen irudian?
Bai, erabat. Bereziki publizitateak ukan du eragina, emazteen estandarrak indartu baititu. Publizitateetan, emazteen gorputzak anitz erakusten dira, baina ez dira errealak. Gainera, irudi horiek denetan eta beti ikusten ditugu; gure irudimen kolektiboa eraiki dute. Publizitate eta argazki horiek ikusita, zaila da ispilu aitzinean gorputzari so egitea eta garena onartzea. Gure lanari esker espero dugu kontrako efektu bat sortzea. Bada zenbait urte horren kontrako mugimendu bat badela argazkigintzan. Gure gorputzak ez dira perfektuak, eta ez dira sekula izanen.
Hobetzera joanen dela uste duzu?
Ez dakit. Batzuetan, ikusten dudalarik emazteen gorputzaren kontrola nolakoa den, iruditzen zait gibelera egiten dugula etengabe. Baina, beste batzuetan, iruditzen zait aitzinatzen ari garela, bereziki eremu militante, feminista eta queerretan. Gune horietan ilearen gaia ez da gehiago gai bat: barneratua, normalizatua eta onartua da.
Nolako harrera espero duzue?
Jendeak bere burua galdekatzea nahi genuke. Ez dugu inposatu eta ulertarazi nahi zer egin behar den edo zer ez den egin behar. Ahalaz, nahi genuke gogoetak sortzea emaztearen gorputzaren gainean dugun begiradaz. Espero dugu hazi ttipi bat landatzea. Nahiko genuke jendeak galdekatzea emazteek zergatik ileak kentzen dituzten. Halere, gure argazkiak kanpoan afixatuak izanen direnez, ez dakigu anitz iraunen duten... Gure ustez, aski fite andeatuak izanen dira, edo tarratatuak, aipatzen eta erakusten den gaiarengatik.