Surfrider fundazioko kidea

Marc Valmassoni: «Informazio oso guti dugu uraren kutsadura kimikoari dagokionez»

Surfrider fundazioak jakinarazi du Angeluko Barrako hondartzan PFAS substantzia kutsagarriak daudela. Oraingoz ezin da jakin igerilariei kalte egin liezaiekeen. Kutsaduraren inguruko ikerketa hainbat eragilerekin eramatea du helburu.

Marc Valmassoni, Surfrider fundazioko kidea. SURFRIDER
Marc Valmassoni, Surfrider fundazioko kidea. SURFRIDER
2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marc Valmassoni Surfrider fundazioko langilea da, eta uren kalitateaz arduratzen den koordinatzailea. Berak dionez, hiru helburu dituzte: PFASen hedatzea errotik debekatzea, zaintza sareak azkartzea eta bainatzeari buruzko araudi zehatz baten garatzea. Horretarako, zientzia parte-hartzailea defendatzen dute, hau da, zientzialarien eta erabiltzaileen arrangurak kontuan hartzen dituena. Ostreopsisari, araztegien kutsadurari eta PFASen inguruan diren dudei buruz mintzatu da.

Angeluko hondartzetan PFAS substantzia kutsagarrien aztarnak atzeman dituzue. Nola iragan da ikerketa?

Badu hiruzpalau urte ikerketa abiatu dugula, batez ere igerilarien eta lekukoen arrangurek motibaturik. Uren kalitateari buruz duda zenbaitzuk zituzten, erreketan eta itsasoan egoten diren lekuetan. Jakin behar da informazio oso guti dugula kutsadura kimikoari dagokionez. Haatik, problematika biologikoak hobeki ezagutzen ditugu, azken urteetan ostreopsisaren kasua ikertu baitugu. Orduan, Herbehereetako laborategi batekin harremanetan jarri gara, molekulak ikertzen ahal duena. Laborategi horretan, PFAS maila neurtzeko heinak garatu dituzte, eta horrek, neurketen arabera, igeriketa baimentzeko ala debekatzeko argibidea ematen die. Neurketak abiatzeko epea luzatu da, eta ekainean azkenerako, Frantzia osoko gure laguntzaile sarekoei proposatu diegu haien inguruetan ur hartzeak egitea.

Igerilariei zer kalte egiten dien ezin dugu jakin oraingoz, ezta?

Zorigaitzez, ez. Proiektu hau alerta igortzeko baliatu nahi dugu. Orain arte ezagutzen dugun PFASen eragina elikadurari, jantziei eta kozinatzeko tresnei mugatzen da. Uretan bainatzean, ordea, PFASekin harremanetan gara, beste behin. Esposizio horien gehiketak are zaurgarriago egiten gaitu. Hala ere, Herbehereetako heinekin konparaketa bat egin daiteke, jakiteko nola gauden kutsaduraren aldetik. Han, litro batean 280 nanogramotik gora badago, igeriketa arriskutsua dela kontsideratzen dute. Hemen, kopuruak aise apalagoak dira. Baina jadanik badakigu ur eremu guzietan daudela. Nahiz eta apala izan, kutsadura denetan da, eta badirudi iturri bakarrekoa dela.

Azken urteetan ugaritu den ostreopsisarekin lotura egin daiteke? Beste aurkikuntzak egin dituzue?

Ezin dugu loturarik egin. Ostreopsisen kasuan, ingurumenari lotutako kutsadura da, ez kimikoa. Anitz aipatu dira araztegien kalitate txarrak, baina ez dut uste horri lotua denik. Eragin dezakete, beharbada, baina ezin da erran hura dela kutsadura iturri nagusia.

«Guk zientzia parte-hartzailearen bidez lan egiten dugu: gure laguntzaileekin, bainatzen direnekin, baita kasu honetan laborategi batekin ere. Saiatzen gara ahalik eta hobekien informatzen, ikuspegi globalago bat proposatuz» 

Kutsadura horri begira, neurri bereziak plantan eman daitezke?

Oso zaila da maila lokalean kontzentratzea. Gure nahia da Europa mailan lan egitea, ondotik eremu ezberdinetan eragiteko. Hiru helburu nagusi ditugu: lehenik, PFAS substantzien kutsadura errotik eragoztea. Bakar bat uzten bada ere, beste milaka eta milaka daude, eta industria enpresek berriak asmatuko dituzte. Horretarako, dena debekatu behar da errotik. Ondotik, zaintza sareak hobetu behar ditugu, neurri berriak plantan emanez uren kalitatearen diagnostiko hobea eta osoagoa proposatzeko gisan. Azkenik, araudi zehatz bat proposatu nahi dugu, erabiltzaileak ahal bezain ongi informatzeko eta posible diren lanjerez abisatzeko.

Zeinek du araudia aldatzeko ardura eta ahalmena?

Argiki Frantziako Gobernuak du ardura, ondotik Europako Batzordean eragiteko ahalmena duelako. Gero, eskualdeko instituzioek bainatzeari lotutako neurriak eta legediak zabalduko dituzte, baina estatu mailako logikari baizik ez diote ihardesten. Hala ere, gure rola da lekuko boteregune horietara jotzea, haiek aholkatzea eta laguntzea. Ez diegu harria botatzen. Bihar problematika handiagoa bihurtzen bada, gai izan behar dugu analisi sakon bat aurkezteko, eta beharrezko ezagutzak proposatzeko.

Surfrider eta halako egitasmoek sentsibilizazioari bide ematen diote.

Jendeen beharrei erantzuten diegu. Haiek dira kezkatuak eta interesatuak. Nahi dute jakin zein baldintzatan bainatzen ahal diren, eta zeinetan ez. Azken urteetan sumatu dugu halako interes konkretu bat. Gu hor gara igerilarien informatzeko eta gidatzeko, baldintza onenetan uraz goza dezaten. Haiei esker aitzinatzen ditugu gure proiektuak. Guk zientzia parte-hartzailearen bidez lan egiten dugu: gure laguntzaileekin, bainatzen direnekin, baita kasu honetan laborategi batekin ere. Saiatzen gara ahal bezain ongi informatzen, ikuspegi orokorrago bat proposatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA