Otsailaren 6an, Itaia emazte sozialisten antolakundearen lehen kongresua egin zuten ehunka militantek. Hilabete geroago, Donibane Garazin eta Baionan aurkeztuko dituzte batzarraren ondorioak eta hortik ateratako proposamenak. Elixabet Etxandi militanteak gaur egungo Ipar Euskal Herriko egoeraren interpretazio bat proposatu du, eta argi utzi ez dagoela krisi kapitalistatik kanpo. Bi hitzaldi emanen dituzte gaur, bata Donibane Garazin (18:30ean, Xarlotenian) eta bestea Baionan (19:00etan, Planning Familial taldearen egoitzan), emazte langileen egoera aipagai.
Emakume langileon askapenerako erronkak eta proposamena izenburua duen hitzaldia emanen duzue Itaiako kideek egun. Zer helburu duzue?
Hitzaldi honen helburua berezia da, berriki egin baitugu Itaiaren lehen kongresua, eta horren emaitza erakusteko helburua dugu. Badu bost urte antolakundea sortu dela, eta anartean testuingurua ere aldatu da. Gure tesiak bizi dugun egoerari egokitu, berritu eta finkatu ditugu. Hitzaldiaren izenburua aski orokorra da, osotasun batean erakusteko Itaiak zer interpretazio egiten duen aktualitatearen inguruan, eta zer bide orri politiko eskaintzen duen horren aurrean.
Martxoaren 8aren harira izango da hitzaldia, mobilizatzeko deia zabaltzeko da?
Bai, urte guziz antolatzen ditugu elkarretaratzeak. Azken urteetan Baionan egiten genuen soilik, baina iragan urtetik Donibane Garazin eta Baionan egiten ditugu mobilizazioak. Goizean, Donibane Garazin izanen da elkarretaratzea, herriko etxearen aitzinean, 11:00etan. Eta arratsaldean, 15:00etan, Baionako merkatu plazan bilduko gara. Bestalde, uste dugu Martxoaren 8aren inguruan badela gaizki ulertze bat, Ipar Euskal Herrian aski ikusgarria dena. Martxoaren 8a borroka eguna da, ez besta eguna. Historikoki emazte sozialistek, Clara Zetkin eta haren belaunaldikoek, sortu zuten, eta biziki argi zuten kapitalismoaren pean ezin zela emazte langilearen egoera hobetu. Azken urteetan anitz instituzionalizatu da egun hori, eta eduki politikoz hustu da. Uste dut inportantea dela Martxoaren 8aren izaera politiko hori berreskuratzea eta kritiko izatea berdintasunaren inguruan den ideia faltsuarekin. Azkenean, klase faktorearen eta kapitalismoaren gordetzea ekartzen duelako, eta zapalkuntzaren iturburua gordetzen duelako.
Uste zenuten barnealdean ere karrikara ateratzeko beharra bazela?
Bai, bistan da. Gure ustez, Ipar Euskal Herri osoan antolatzea litzateke ideala. Egia da hiriburu politikoena beti Baiona izan dela, mugimendu gehiago zelako, baina genero zapalkuntza berdin-berdin presente da gure lurralde guzietan, errealitate guzietan. Ezin gara bakarrik kostaldean edo Lapurdin jardun; beste lekuetan ere antolatzeko eta karrikak hartzeko beharra dugu.
Testuinguru berezia da aurten, batez ere azken asteetan Frantzian gertatutako liskarrak direla eta. Anitz aipatzen da Nemesis eskuin muturreko taldea, bere burua feministatzat duena. Zer iritzi du Itaiak egoera horretaz?
Nemesisen sorrerak ongi definitzen du bizi dugun garaia. Gure ustez, gaur egungo testuingurua krisi kapitalistak definitzen du, eta horren ondorioak dira matxismoaren eta faxismoaren gorakada. Ez dira kasu bakanak, baizik eta krisi horren erantzun zuzenak. Krisialdia muinean ekonomikoa bada ere, ikusten dugu hainbat esparrutara hedatzen dela. Politikoki austeritate politiken plantan ematearekin adibidez, baita kulturalki ere, ideia gibelakoien itzulerarekin. Horren barnean ulertu behar dira matxismoaren eta faxismoaren gorakadak.
Nemesis taldeak feministatzat du bere burua, baina erran genezake feminismoaren itxura bakarrik hartzen duela. Izan ere, gizon atzerritarrek eginiko erasoak baizik ez dituzte salatzen. Guk diogu eraso oro salatu behar dela, erasotzailearen jatorria edozein izanik ere, bestenaz helburu arrazistetarako bakarrik erabiltzen baita genero zapalkuntza. Azkenaldian, Lyongo liskar horretan inplikatuak dira eskuin muturra lagundu dutelako. Eta faxismoak jadanik existitzen den emazte langileen zapalkuntza oraino gehiago sakontzen du, besterik ez. Adibidez, LGTB kolektiboen kontrako eta abortuaren kontrako erasoen erakusle handia da Nemesis. Ez dira bakarrik diskurtsoetan gelditzen, karrikan eragiteko gaitasuna dute, eta sektore zaurgarrienen aurkako biolentzia azkartu. Azkenean eskuin muturrak agerian uzten du ez duela bide orririk emazte langilea askatzeko eta genero zapalkuntza bukatzeko: horren konplize eta eragile aktiboak dira.
«Sistema kapitalistak ezin du bizi genero zapalkuntzarik gabe. Izan ere, ekonomikoki eskulan bermea ordezkatzen du emazte langileak, zaintza lanen arduradun gisa. Gu alde horretatik gara kritikoak bide orri feministarekin eta oro har alderdi sozialdemokraten proposamen feministarekin»
Genero zapalkuntzaren aurkako borroka terminoak baliatu ohi ditu Itaiak, feminismo hitza baino gehiago. Nola esplikatzen duzue hautu hori?
Izandako borroka eta mugimenduetatik irakaspenak hartzen ditugu. Egia da feminismo hegemonikoa den hori gehiago lotzen dugula garai batez izan zen mugimendu batekin, batez ere hasi zena XX. mendeko bigarren partean. Europako zenbait alderdi liberal eta progresistak inbertsioak egin dituzte estatuan; ongizate estatuaren fasea zen. Horretan txertatzen dugu feminismoaren aitzinamendua ere. Aitzinamendua erraten dugu, zenbait aitzinamendu izan direlako, abortu eskubidearena adibide nagusia da. Baina horri mugak ere ikusten dizkiogu. Ongizate estatua ez da gai langileria osoaren ongizatea bermatzeko. Emazteen kasuan berdin da: programa politiko horretan txertatu den feminismoak permititu die klase ertaineko emazte batzuei postu batzuetara igotzea, bizi politikoan integratzea eta bizi maila hobetzea.
Baina ezin dugu erran inondik inora ere emazte langileria osoa askatu duenik, edo zapalkuntza kapitalista gainditu duenik, ezta genero auzia ere. Gure ustez, estatua eta bere tresna politiko guziak ez dira neutroak. Sistema kapitalistak ezin du bizi genero zapalkuntzarik gabe. Izan ere, ekonomikoki eskulan bermea ordezkatzen du emazte langileak, zaintza lanen arduradun gisa. Gu alde horretatik gara kritikoak bide orri feministarekin eta oro har alderdi sozialdemokraten proposamen feministarekin. Gure ustez, kapitalismoaren barnean hobekuntza partzialak ukaitea ez da bide bat genero zapalkuntza errotik bukatzeko, ez baitu emazte langileria osoki askatuko.
Ipar Euskal Herriko egoeraz zer iritzi duzue?
Ipar Euskal Herria ez da krisi kapitalista horretatik kanpo. Berdin-berdin genero zapalkuntzaren askotariko aurpegiak ikus ditzakegu egunerokoan. Eta horien kontra borrokatzeko beharra argia da. Egia da azken urteetan emazteen aldeko borrokarekiko kontzientzia handiagoa badela, izandako hobekuntza instituzional partzialei lotua seguruenik. Baina krisia sakondu da hala ere, eta, erran bezala, ikusten dugu instituzioek ez dutela genero zapalkuntza bukatzeko intentziorik. Gero, faxismoaren igateak bete-betean jotzen gaitu Ipar Euskal Herrian ere. Ideia matxisten igatearekin argiki lotua da. Hemen dugun egoera halakoa da, maluruski. Beraz, Ipar Euskal Herrian ere garrantzitsua da bide orri iraultzaileago bat proposatzea, instituzioetatik kanpo. Horretan ibili gara Itaian azken urteetan: bestetan protokoloak plantan ezarriz, eztabaidak antolatuz, erasoak salatuz.